Aurreko urte amaieran hasi ziren Labrazako (Oion, Araba) parke eolikoa eraikitzeko lanak, baina gaur goizean eten dira, eta ez eraikitzaileen erabakiagatik. «Lurraren aldeko» bost aktibistak —ez dute zehaztu elkarte edo erakunderen baten parte ote diren— euren burua kateatu dute, goizeko 10:30ean, parke eoliko horretako hirugarren haize errotaren oinarrian, eta lanak eten dituzte, Argia aldizkariak jakinarazi duenez. Aktibista horiei elkartasuna adieraztera joan diren lekukoen arabera, goizeko hamaikak aldera agertu da Ertzaintza, eta bost pertsona horiek askatzeko ahaleginetan aritu da. Ordu baterako denak askatu dituzte, eta haietako lau atxilotu dituzte, euren burua identifikatzeari uko egin diotelako. Â
Euskal Herri Bizirik taldeak mobilizazioak iragarri ditu gaur arratsalderako Donostian eta Gasteizen, «atxiloketak salatzeko». Andre Maria Zuriaren plazan izango da kontzentrazioa Gasteizen, 20:30ean. Donostian, berriz, Bulebarrean, gaueko zortzietan.Â
200 metroko zortzi haize errota izango ditu Labrazako parke eolikoak, eta tokiko zenbait eragile eta elkarte ekologistak proiektuaren aurkako jarrera sutsua erakutsi du. Aixeindar izeneko enpresak bultzatzen du, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako konpainiak. Eusko Jaurlaritzak onespena eman dio proiektuari, eta Oiongo Udalak «behartuta» eman zion iaz eraikitzeko baimena. Euskal Herria Bizirik elkartearen arabera, ordea, parke eolikoak kalte handia eragingo dio Arabako Errioxako inguruneari eta bertan galzorian dauden espezieei. Euren burua kateatu duten aktibisten arabera, «Arabako mendi hauetan makrozentral eoliko bat ezartzeak, ingurune natural aberatsak suntsitzeaz gain, Labraza bezalako herri txiki batentzako inposaketa ankerra dakar».Â