Batbatean jaialdiak ordubeteko etenaldia egingo du ostiralean, teknikarien grebari elkartasuna erakusteko

Maiatzaren 15erako grebara deitu dute ikuskizunen arloko profesionalek. Batbatean jaialdiaren antolatzaileen arabera, «logistikoki ezinezkoa» da jaialdiaren lehen eguna bertan behera uztea, baina bat egin dute langileen «aldarrikapen askorekin».

Kaos Etiliko taldea da tarte horretan jotzekoak direnetako bat. KAOS ETILIKO
Kaos Etiliko taldea da tarte horretan jotzekoak direnetako bat. KAOS ETILIKO
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 12a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Greba antolatu dute ikuskizunetako profesionalek, sektorean duten «prekaritatea» salatu eta sektorearentzako hitzarmen kolektiboa eskatzeko asmoz. Hurrengo ostirala aukeratu dute grebarako, hilaren 15a, eta data horrek bete-betean eragiten dio Batbatean jaialdiari, 15ean eta 16an egitekoak baitira hain zuzen ere, Gasteizen. Bada, jaialdi horretako antolatzaileek jakinarazi dutenez, grebara deitu duten eragileekin bildu dira azken egunetan, eta, haien «aldarrikapen askorekin» bat egiten dutenez, jaialdiaren egunean ordubeteko etenaldia egingo dutena iragarri dute, gaueko bederatzietatik hamarretara, zehazki. Gasteizko Jimmy Jazz aretoa da jaialdiaren antolatzaile nagusia.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jaialdiaren lehen egun hori erabat bertan behera uztea «logistikoki ezinezkoa» da, antolakuntzaren eta kontratazioaren alorrean horrek izango lituzkeen ondorioengatik. Ezintasun hori gorabehera, «kulturaren atzean dauden langileen errealitatea agerian uzteko beharra» sentitzen dutela ere adierazi dute, eta, hori dela eta, ordubeteko etenaldia egingo dute, langileenganako elkartasunez. Grebara dei egin duten beharginek, berriz, egun horretan egingo diren ikuskizunetara ez joateko gonbita egin diete ikusleei, eta ikusteko dago horrek zelako eragina izango duen jaialdiaren lehen egunean. 

Batbatean jaialdia ez da bakarra izan ikuskizunetako teknikariei elkartasuna adierazteko egun horretan keinuak egingo dituena. Maiatzaren 15ean bertan, Nacho Vegas kantari asturiarra kontzertua ematekoa zen Bilboko Kafe Antzokian. Bere azken LPa aurkeztera zihoan abeslaria, eta kontzerturako sarrerak aspaldi saldu ziren. Atzo, ordea, Instagramen jarritako bideo batean, Vegasek jakinarazi zuen kontzertua bertan behera utziko duela. Asturierazko bideoari atxikitako euskarazko komunikatuan, «sektore horretako langileen lanik gabe ezinezkoa» izango litzatekeela azpimarratu du abeslariak, eta horregatik egin nahi duela bat, elkartasunez, «lan baldintza eta eskubide duinen aldeko greba honekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA