«Ezinezkoa da kultura horrela egiten jarraitzea». Esaldi horretan laburbildu daitezke ikuskizunetako profesionalen eskari nagusiak. Orain artean lan hitzarmen espezifikorik gabe aritu dira lanean, baina duela bi urte hasi zituzten hori lortzeko negoziazioak. Euki patronalak biltzen ditu sektoreko enpresarik gehienak, eta haiekin bildu dira orain artean Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako profesionalak. Esana zuten egoera blokeatuta dagoela, ordea, eta greba eguna ere iragarria zuten maiatzaren 15erako. Egun horretako mobilizazioei buruzko zehaztasunak eman dituzte orain, eta greba babesteko eskatu diete bai ikusleei bai eta artistei ere. «Ekitaldietara ez joateko gonbita egin nahi diegu».
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute hurrengo ostiralerako greba eta mobilizazioetarako deialdia, eta, oraingoz, honako hauek dira iragarri dituzten ekintzak. Bilboko Arriaga antzokian egingo dute eguneko lehen elkarretaratzea, 11:30ean, eta Gasteizko Bat-batean jaialdian egingo dute beste bat, 18:00etan. Leioako Umore Azokan (Bizkaia) ere kalejirak eta protestak antolatu dituzte, 18:30ean, eta Donostiako Viktoria Eugenian ere elkartuko dira, 19:00etan. Pikete informatiboak ere egingo dituzte egun horretan egitekoak diren ekitaldi nagusietan.
«Sektoreko langileok eskubide duinak bermatuko dituen lan hitzarmen bat nahi dugu, ez patronalaren gehiegikeriak onartuko dituen orri zuri bat»
MARTA CEBESA Teknikariok sindikatuko aholkularia
Marta Cebesa Teknikariok sindikatuko aholkulariak eta Mikel Garcia sektoreko langileak egin dute mobilizaziorako deia sindikatuen izenean. Protestez harago, deialdiaren zabalpena kontuan hartuta, hurrengo ostiraleko emanaldi asko bertan behera geratuko direla espero dute. «Badakigu greba deialdiak jada hainbat aldaketa eragin dituela. Bertan behera geratu dira saio batzuk, eta egunez aldatu dituzte beste batzuk».
Blokeo egoera
Kezka ere badute, halere. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako langileek grebarekin bat egingo dutela aurreikusiz, enpresek beste lurraldeetako langileak kontratatuko dituzten beldur dira. «Seguruenik horien bidez bermatuko dituzte emanaldirik handienak».
Cebesak azaldu duenez, ia ez da aurrerapenik egon 2024ko urtarrilean negoziazio mahaia martxan jarri zutenetik. «Hitzarmenaren %5 baino ez dago aurreratuta». Salatu duenez, patronalaren borondate falta adierazten du horrek. Eta datu bat ere eman du horren froga modura. Dioenez, negoziazio horietan enpresak ez dira prest azaldu lan hitzarmenaren atzerako eragina onartzeko ere, zeinaren arabera, hitzarmen berri bat adostu ezean, aurrekoa baitago indarrean.
«Lanbide gehienetan segurutzat jotzen dira oinarrizko zenbait eskubide; ordea, gure sektorean zapaldu egiten dituzte etengabe». Lanorduak eta egutegiak azken orduan jakinarazten dizkietela salatu dute beste behin ere. Eta hori da lan hitzarmenaren bidez aldatu nahi lituzketen elementuetako bat. Sindikatuek azaldu dutenez, horrela ezinezko egiten zaie bizitza pertsonala eta familia bizitza uztartzea.
Patronalak egindako azken proposamena ere ez zaie nahikoa iruditu. Izan ere, azaldu dutenez, bertan proposatzen direnek urratu egiten dituzte Langileen Estatutuak ezartzen dituen gutxienekoak. Jarrera hori, «immobilista» ez ezik, «zuzenbidearen aurkakoa» ere bada, grebaren deitzaileen hitzetan. «Sektoreko langileok eskubide duinak bermatuko dituen lan hitzarmen bat nahi dugu, ez patronalaren gehiegikeriak onartuko dituen orri zuri bat».