Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak aurkeztutako aurrekontu proiektua jaso zuten atzo Arabako Batzar Nagusiek, eta oposizioaren erreakzioak berehala iritsi dira: gaur goizean, EH Bilduk eta Elkarrekin-ek lehen balorazioa egin dute. EH Bilduko bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek azaldu duenez, koalizioak ez zuen testuaren berri izan atzo arte, nahiz eta Gonzalezek adierazi babesak bilatzen hasia zela. «Zaila da proiektu bati babesa ematea haren berri izan gabe», adierazi du, ironiaz. Hala ere, EH Bildu prest agertu da negoziazio aldi honetan «erantzukizunez, borondatez eta zintzotasunez» aritzeko. Bestalde, Elkarrekin-eko bozeramaile David Rodriguezek ohartarazi du egoitza pribatuetako langileen eta erabiltzaileen egoera konpontzea «ezinbesteko baldintza» izango dela aurrekontuen negoziazioari ekiteko.
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten foru gobernuak iragarri bezala, aldundiaren aurrekontua %3,5 handituko da 2026an, 727 milioi euroraino. Aurrekontuek aurrera egin dezaten, Arabako aldundia osatzen duten bi alderdiek beste talde baten babesa behar dute, gehiengo osoa lortzeko bi boto falta zaizkie eta —50 batzarkideetatik 24 dituzte—. Hori dela eta, atzo Gonzalezek ziurtatu zuen «akordio zabalak» lortu nahi dituela. Oraingoz ez da ados jarri ez EH Bildurekin, ez PPrekin, ezta Elkarrekin Arabarekin ere. Hala ere, negoziazio epe bat ireki dute aurrekontuak Batzar Nagusietan onartu ahal izateko.
Lopez de Arroiabek ontzat jo du atzo aurkeztutako proiektuak barne hartzea EH Bilduk eta foru gobernuak iazko aurrekontuetan adostutako konpromiso kredituak. Konpromiso kreditu horiek jasotzea adostu zuten iaz, hainbat arlo finantzatzeko: «Araban Bizi Bedi programaren bidez alokairuko etxebizitza sustatzeko, Kanpezuko egoitza publikoan kalitatezko zaintza bultzatzeko, trantsizio ekosoziala sustatzeko eta kontsumoa murrizteko, kontzejuak biziberritzeko planen bitartez lurralde kohesioa lortzeko, eta foru suhiltzaileen lantaldea handitu eta larrialdi sistema indartzeko».
Baina koalizio abertzalea ez dago konforme. Lopez de Arroiaberen hitzetan, «Arabak beharrizan gehiago ditu». Bereziki aipatu du Aiaraldeko egoerari erantzutea, tokiko erakundeek finantzaketa justua izatea, eta «olatu erreakzionarioari aurre egingo dioten politika publiko eraginkorrak» garatzea. «Foru politikak bideratzen jarraituko ditugu, eta berretsi nahi dugu borondatea dugula Arabarako akordiorik onena lortzeko», azaldu du.
Elkarrekin: aurrekontu «konformista»
Rodriguezek esan du oraindik aztertzen ari direla aurrekontu proiektua, baina, lehen irakurketan oinarrituta, «eredu konformistaren jarraipentzat» jotzen dutela: «Gure lurraldeak dituen gizarte, ingurumen eta ekonomia arloko erronka estrategikoetan ez dago anbizio nahikorik».
Kezka nagusien artean, nabarmendu du aldundiak ez duela proposamenik egin egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen premiez arduratzeko. Gogorarazi du hori «negoziatzeko ezinbesteko baldintza» dela: «Egoitzetako langileek ezin dute gehiago, eta gizarteak horren ondorioak pairatzen ditu».
Funtsean, Rodriguezen ustez, aurrekontuak ez du behar besteko sakontasunik, eta ez ditu «premiazkotzat» jotzen dituzten hainbat alor: zahar etxe guztiz publikoak izateko proiektuak, etxebizitzarako sarbidea, ingurumen politikak…
Halaber, oso kezkagarria iruditzen zaio foru suhiltzaileen taldea behar bezala indartu ez izana, eta salatu du osasun mentalarekin eta suizidioaren prebentzioarekin lotutako politikek ez dutela behar adinako pisurik. Azkenik, ohartarazi du EAE osatzen duten lurraldeen artean, oraindik ere Araba dagoela azken postuan nazioarteko lankidetzari eta laguntza humanitarioari dagokionez.