EH Bilduk neurri fiskalak proposatu ditu etxebizitzaren krisiari aurre egiteko

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu ditu koalizio subiranistak neurri horiek. Sozietateen gaineko zergan, ondare eskualdaketen gaineko zergan, PFEZean eta ondarearen gaineko zergan aldaketak egitea proposatu dute.

EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako eleduna, Eva Lopez de Arroiabe, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako eleduna, Eva Lopez de Arroiabe, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 23a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitzaren arazoa da ardura nagusia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat, Deustobarometroaren arabera. Bada, hiru lurralde horietako Batzar Nagusietan neurri fiskalen sorta bat aurkeztu du EH Bilduk, «etxebizitzen salmenta espekulatiboak eta gehiegizko alokairuak» gehiago zergapetzeko. Politika fiskalaren bitartez etxebizitzaren krisia bultzatu duten jardunak zigortzea du xede koalizio abertzaleak neurri sorta horrekin.

Hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan aurkezturiko foru arau proposamenetan, lau zerga aldatzea aurreikusi dute: sozietateen gaineko zerga, ondare eskualdaketen gaineko zerga, PFEZa eta ondarearen gaineko zerga. Lehenari dagokionez, esaterako, sozietateek %90eko hobaria dute sozietateen gaineko zergan beren jabetzako etxeak alokatzen badituzte. EH Bilduren ustez, «ezin da onartu» etxebizitzekin negozioa egin duten sozietateek gero onura fiskalak izatea. Horregatik, bost etxe baino gehiago dituztenei aipaturiko hobaria kentzea proposatu du koalizio abertzaleak.

Errekarguak eta tasa handiagoak 

Gainerako zergetan, berriz, etxebizitzarekin irabaziak lortzen dituztenei zerga igoerak eta errekarguak aplikatzea proposatu du EH Bilduk. «Etxejabe handiak» jarri ditu batez ere ituan, hots, bost etxe baino gehiagoren jabe direnak. Etxeak salerosteagatik ordaintzen den ondare eskualdaketen gaineko zergan, esaterako, erosten den hirugarren etxetik aurrera tasa handitzea defendatu du EH Bilduk. Edukitzaile handientzat, gainera, «igoera are handiagoak» proposatu ditu koalizio abertzaleak.

PFEZari dagokionez, berriz %20ko errekargua ezarri nahi diete EH Bildukoek etxe turistikoei. Tentsio handiko eremuetan etxeak erreferentziazko prezioen indizeetatik gora alokatzen dituztenei ere beste horrenbesteko errekargua ezarri nahi diete, hobariak kentzearekin batera. «Ez da onargarria alokairuaren batez besteko prezioa 1.300 eurotik gorakoa izatea 624 eta 813 euro arteko erreferentziazko prezioak ezartzen dituzten guneetan», azaldu dute. Alokairuaren negozioari «mugak jartzea» da neurri horien xedea.

Azkenik, ondare zergari dagokionez, zerga hori kalkulatzeko erabilitako oinarria ezar daitekeen handiena izatea proposatu dute. EAEn, 800.000 eurotik gorako ondareei ezartzen zaie zerga hori. Neurri fiskal horien bidez «espekulazioaren» aurka borrokatzeko asmoa adierazi du EH Bilduk, eta horretarako «eskura dauden tresna guztiak» erabili behar direla azpimarratu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA