Araban faxismoaren aldeko kontzentrazioak eta manifestazioak berriz ez egiteari buruzko mozio baten gainean eztabaidatu dute gaur Arabako Batzar Nagusietan. Beren-beregi aipatu ez badute ere, urriaren 12an Gasteizen Falange Espainola alderdi faxistaren agerraldiak eragindako istiluak zeuden EH Bilduren proposamenaren atzean. Taldeek, baina, ez dute adostasunik eskuratu halako ekitaldiak gaitzesteko, egun hartan protesta egin zuten manifestari antifaxistekiko jarrerak direla medio.
Batzar Nagusiek «faxismoa edo diktadura frankista goraipatzen» dituzten ekitaldiei «gaitzespen erabatekoa» adieraztea zen EH Bilduren mozioaren asmoa, baita Arabako Foru Aldundiari horrelako «kontzentrazio eta manifestazio faxistak» eragozteko baliabide guztiak erabiltzeko eskatzea ere. Alta, Batzar Nagusiek ez dute mozio hori onartu. Horren ordez, EAJk eta PSE-EEk aurkezturiko ordezko mozio baten bigarren puntua soilik onartu dute, eta, ekitaldi faxistak gaitzestearen ordez, aldundiari eskatu diote «ez dezala baimenik eman 1936ko estatu kolpea eta diktadura frankista oroitzeko, goraipatzeko edo goratzeko elementuak edo aipamenak jendaurrean erakusteko».
Urriaren 12ko gertakariek polemika sortu zuten, eta eztabaida goria sortu du mozio horrek ere Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran. EH Bilduk Elkarrekin Arabako batzarkide taldearekin erdibideko zuzenketa bat adostu du, eta zuzenketa horretan zera ere aurreikusten zuten, Eusko Jaurlaritzari egun hartako segurtasun operazioan egindako akatsak onartzeko eskatzea. EAJ eta PSE-EE aurka agertu dira, alderdi horiek gobernatzen baitute Eusko Jaurlaritza, baita Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala ere.
Eztabaida gogorrak
Egun hartako gertakarien ondoren, Gasteizko Udalak indarkeria gaitzesteko argitara eman zuen adierazpenarekin bat egin ez izana leporatu dio Josu Lopez PSE-EEko batzarkideak EH Bilduri. Ildo beretik, EAJko Joseba Ruiz de Galarretak adierazi du mozioaren «hainbat analisirekin ados» egonda ere bere alderdiak ezin duela «indarkeriaren erabilera politikoa» zuritu, egun hartako manifestari antifaxisten jardunari erreferentzia eginez. Hain zuzen, dozenaka lagunek aurre egin zioten Falangearen mobilizazioari, eta, istiluen ondorioz, horietako hemeretzi atxilotu zituen Ertzaintzak.
PP eta Vox, berriz, oso gogor mintzatu dira mozioaren aurka, eta esan dute «euskofaxistak» Falangearen ekitaldiaren aurka egin zutenak direla. Batzar Nagusietako presidenteak «hizkera neurtzeko» eskatu behar izan dio PPko batzarkide Iñaki Oiartzabali, irainka hasi delako. Izan ere, gogor hitz egin du mozioaren eta EH Bilduren kontra, eta «agian Alderdien Legea berrikusi» beharko litzatekeela ere esan du, EH Bildu legez kanporatzea iradokiz.
Azkenerako, eztabaida gogorren artean, EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak aurkezturiko mozioak ez du gehiengorik lortu, ezta EAJk eta PSE-EEk proposaturiko ordezko mozioaren lehenengo puntuak ere. Izan ere, puntu horretan «faxismoa edo diktadura frankista goraipatzeko edozein ekintza» gaitzestea eskatzen bazuten ere, «konfrontazio politikorako erabili nahi den indarkeria goraipatzeko edozein ekintza» baztertzea ere eskatzen zuten, beste behin ere urriaren 12ko manifestari antifaxisten jarduna gogoan. Ondorioz, EH Bilduk eta Elkarrekin-ek aurka bozkatu dute. Beraz, mozioaren bigarren puntua soilik onartu dute, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Araba taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin: aldundiari eskatu diote diktadura frankista goraipatzen duten ekitaldi edo adierazpenak ez baimentzeko. Ekitaldi faxistak gaitzesteko adostasunik, ordea, ez dute lortu gaurkoan batzarkideek.