Bernedoko udalekuak egin egingo dira aurtengo udan, Euskal Udalekuak elkarteak BERRIAri berretsi dionez. Goizean nahasmena zabaldu da, El Correo egunkariak argitaratu baitu Arabako Foru Aldundiak debekatu egin dituela udaleku horiek. Diputazioak jakinarazi du Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak ostiralean emango dituela azalpenak Arabako Batzar Nagusietan, eta ordu arte ez duela beste informaziorik emango. Baina Euskal Udalekuek lasaitasun mezu bat igorri nahi izan diete Bernedon izena emanda dauden ia 200 haurrei, nerabeei eta haien familiei: udaleku horiek aurrera doaz.Â
Arabako Diputazioak txosten administratibo bat zabaldu zion iaz Sarrea elkarteari; Euskal Udalekuak taldearen barruko elkarteetako bat da, eta hark antolatu izan du Bernedoko egitasmoa. Udaleku horiei buruzko polemika zabaldu zenean, argitara atera zen aldundiak ez zuela udalekuon berri, eta Sarreak ere ez ziola jakinarazi. Horren harira abiatu zuen aldundiak prozedura administratiboa Sarrearen aurka, eta oraintxe ebatzi du zigor administratibo bat ezartzea.Â
Hala, Euskal Udalekuak elkarteko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, Sarrea elkarteak ezingo ditu antolatu Bernedoko udalekuak, baina Euskal Udalekuak taldearen barruko beste erakundeek hartuko dute ardura hori. Izatez, dokumentazio guztia bidalita dagoela berretsi dute iturri horiek. Edonola ere, Euskal Udalekuek jakinarazi dute helegitea jarriko diotela aldundiaren ebazpenari, zigorra «neurrigabea» delako eta Sarrearen jarduna ez zelako ezkutukoa.
Dutxa mistoak eta beste
Iazko udazkenean zabaldu zen Sarrea elkarteak Arabako Bernedo herrian egiten dituen udalekuen inguruko polemika. Guraso batzuek salatu zuten haurrak eta nerabeak dutxa mistoak erabiltzera «behartu» zituztela, begiraleak ere dutxetan sartzen zirela eta gaztetxoak bi astez familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela. Udalekuetako hezitzaileek, berriz, ukatu egin zuten inor besteen aurrean biluztera behartu izana, eta azaldu zuten berariaz lantzen direla gai horiek gazteekin.Â
Gainera, Euskal Udalekuetako begiraleek salatu zuten haien egitasmoaren inguruko «gezurrak eta difamazioak etengabeak» izan zirela, baita «lintxamendu pertsonalak» ere, eta udalekuen aurkako kritikak «mezu transfoboak» hedatzeko baliatzen ari zirela eragile batzuk. Nolanahi ere, gurasoek gutxienez hamazazpi salaketa jarri zituzten udalekuen aurka, sexu askatasunaren aurkako delituak egotzita; hezitzaileen arabera, dutxen funtzionamenduari lotuta, eta ez sexu erasoei. Dena den, udazkenaz geroztik beste informaziorik ez dute jaso begiraleek.
Edonola ere, dutxen aferari lotuta, prozedura administratibo bat abiatu zuten erakundeek, Euskal Udalekuak Bernedon jarduera baimenik gabe aritu zirelakoan. Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek koordinazio mahai bat eratu zuten, «sisteman akatsik izan den aztertzeko», eta hortik etorri da EAEko Gazteriaren Legea aldatzeko premiazko prozedura. Funtsean, «babes eta kontrol handiagoa» ezarri nahi dute, aisialdi jarduerak antolatzen dituzten elkarteen betekizunak areagotuz, arau hauste berriak txertatuz eta zigorrak nabarmen gogortuz. Eusko Legebiltzarrean da araua: uda hasi aurretik onartu nahi dute osoko bilkuran; horrekin batera, dekretu bat lantzen ari da Jaurlaritza, elkarteen betekizunak jasotzeko.