Batzuetan, gauzarik arruntenak dira ospatu beharrekoak. Gauzarik soilenak, ohikoenak. Ez bere hartan arruntak direlako, baizik norbaitentzat ohikoa izan daitekeena beste batentzat ezohikoa izan daitekeelako; eta, aldi berean, ohikoa denarentzat ere ezohiko bilakatzeko arriskua dagoelako. Euskararekin sarritan gertatzen da hori: batzuentzat hitza bere egitea da irabaztea; eta beste batzuentzat, berriz, hitzari egunerokoan eustea. Hori ikusarazteko antolatu dute, hain justu ere, Gasteiz euskararen hiria jaialdia. Festa eta aldarrikapena batzeko.
Aurten hirugarren aldia du ospakizunak, eta Zuk baduzu tokia jarri diote leloa. Ainhoa Larrazabal Geu elkarteko kideak azaldu du horren esanahia: «Horrekin adierazi nahi duguna zera da: edonork duela tokia Euskararen Hirian, gerturatzen den oro dela ongi etorria. Harremanak euskaraz izan nahi dituenak, baina baita euskarara kuriositatez hurbiltzen denak ere: denek dute lekua hemen. Berdin du euskararen mailak; beldurrak atzean uzteko leku bat da hau».
Eta larunbat goiz batez, gauza asko kabitzen dira Gasteizko erdigunean. Kabitzen dira haurrak, gazteak eta helduak; herri kirolez gozatu nahi dutenak eta eguzki goxotan ardo kopa bat hartu nahi dutenak. Bertsotan abestu nahi dutenak eta abesbatzan kantatuz herria alaitu nahi dutenak. Tokia egiten hasita, kabitu ere kabitzen dira futbol zaleak ere, izan Alavesen zaleak edo izan Atletico Madrilenak. Denek bat egin dute egun osoko festarekin, ospakizunari lotuta egon edo ez.
Andre Maria Zuriaren plaza da guztien topaleku. Han jarri dute karpa erraldoi bat, eta haren aterpean egin dituzte haurrentzako ikuskizunak, bertso saioak, disko-jartze saioak, kontzertuak eta drag show-ak, besteak beste. Plaza Berrian izan dira, berriz, herri kirolen erakustaldia, akroyoga saioa eta dantza taldeen topaketa. Eguerdian, rol jokoetan ere aritu dira batzuk. «Marteko mendirik garaiena igo behar dugu, haiei [alboko mahaikoei] irabazteko», azaldu dute Izeik, Rubenek, Markelek, Abaunzek eta Victorrek. «Tira, hemen Vladimir 1 eta 2, Petrov eta Dimitri dira», zuzendu du atoan Pello Gutierrez rolariak; haren gidaritzapean ari dira nerabeak jolasean.
Lekua hirian eta euskaran
Arratsaldean, kalejiraren ostean, ekitaldi antzeztu bat egin dute euskalgintzan aritzen diren zenbait eragilek. Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal aktoreek gidatu dute ekitaldia, umorea ardatz hartuta, eta mezu argi bat zabaldu dute: Euskarak Gasteizen bere lekua behar duen bezala, euskaran ere gasteiztar orok kabitu behar du. Gasteiz gasteiztarren hiria den bezala, euskararen hiria ere izan dadin etorkizunean.
Aldarrikapenerako ez ezik, eskerrak emateko ere baliatu dute antolatzaileek ekitaldia. Eskerrak eman dizkiete, hain justu ere, egunerokoan euskararen sarea josten eta hedatzen laguntzen dutenei. Baina gogora ekarri dute sare horri eustea denen ardura dela.