Gasteizko Fournier fabrika abandonatua hustu dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak

Hala Bedi irratiak jakinarazi duenez, goizeko bederatzietatik aurrera udaltzainek eta ertzainek inguratu dute fabrika, bertan bizi diren sei etxegabe kanporatzeko. Udalaren arabera, hiru pertsona aurkitu dituzte barruan, eta «istilurik gabe» kanporatu.

Fournier fabrika, eraiki berritan, 80ko hamarkadan. ARABAKO ARTXIBOA
Fournier fabrika, eraiki berritan, 80ko hamarkadan. ARABAKO ARTXIBOA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 4a
12:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez du izan inguru bereko URSSA eta EGA fabrikek besteko oihartzunik, baina Gasteizko Adurtza aldeko Fournier fabrika abandonatuan ere bizi dira zenbait etxegabe. Dozena erdi bat ziren, gaur arte bederen, zeren goizeko bederatzietan Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak fabrika inguratu baitute, Hala Bedi irratiak jakinarazi duenez, bertan bizi ziren pertsonak kanporatzeko asmoarekin. Gasteizko Udalaren arabera, 10:30ean bertaratu dira udaltzainak eta ertzainak, epaitegiko langileei «epailearen erabakia» betearazten laguntzeko, fabrika hura hustea, alegia.

Udaltzaingoaren arabera, hiru pertsona topatu dituzte barruan, eta «eraikina derrigorrez utzi» behar zutela helarazi diete. Hala Bediren arabera, miatu eta identifikatu egin dituzte barruan zeudenak, eta, sare sozialetan zabaldu diren bideoetan, etxegabeak beren ondasunekin fabrikatik nola irteten diren ikusten da. Udalaren arabera, operazioa «normal» egin da, eta ez da «istilu nabarmenik» egon. Lekukoen arabera, Maider Etxebarria alkatea ere bertaratu da, etxegabetzearen nondik norakoak bertatik bertara ikusteko. 

Azkenik, hiru pertsona horiek «identifikatu eta etxegabetuta» amaitu da operazioa, Gasteizko Udaltzaingoak eguerdi partean jakinarazi duenez. Eraikinaren jabeei fabrika «behar bezala ixteko» beharra ere helarazi diete agenteek, etxegabeei berriro ere bertan sartzea eragozteko. 

Cesar Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak Fournier fabrikan bizi zirenen etxegabetzea defendatu du gaur goizean egindako adierazpen batzuetan. Fernandez de Landaren arabera, «egoera ez da egokia, ez bertan bizi diren pertsonentzat, ezta Gasteizko herritarrentzat ere». Etxegabeen «arazo konplexuak» eragozpenak sortzen ditu «segurtasunaren, elkarbizitzaren eta garbitasunaren» arloan, zinegotziaren esanetan, eta erakundeei dagokie «zerbait egitea horretarako tresna legalak dituztenean».

URSAA eta EGA aurretik

Gasteiz hegoaldeko fabrika abandonatuetako biztanleen aferak polemika handia eragin du Arabako hiriburuan. Oposizioko taldeek, PPk eta Voxek batez ere, gogorki kritikatu dute Gasteizko Udalaren kudeaketa, eta fabrika horietako biztanleak etxegabetzeko eskatu diote udalari behin eta berriro. Joan den hilean Errekaleor auzoko biztanleen eta URSSA eta EGA fabriketan bizi ziren etxegabeen artean jazotako liskarren ostean, segurtasun indarrek eta udalak etxegabeen aurkako presioa areagotu dute.

Maiatzaren 27an, Poliziak URSSA eta EGA fabrikak hartu zituen identifikazio operazio handi batean. Fournier fabrikaren ostean, URSSA eta EGA ere husteko borondatea adierazi du behin baino gehiagotan Gasteizko alkateak, eta Errekaleorreko auzo okupatua ere husteko asmoa ere agertu die komunikabideei. Hainbat eragilek gogorki kritikatu dute Poliziaren eta udalaren jarduna, eta erakundeen aurkako akusazio larriak izan dira.

Besteak beste, Errekaleorreko biztanleek salatu zuten Ertzaintzak esan omen ziela URSSA eta EGAko biztanleei Errekaleorrera joateko etxe bila, laster fabriketatik kanporatuko zituztela eta. Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, bertsio hori gezurtatu zuen, baina, Hala Bedi irratiak eta Arabako Alea astekariak bildutako URSSAko bizilagun baten kontakizunaren arabera, horixe bera esan zien Poliziak, fabriketan miaketa handi bat egin ondoren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE