Poliziak Gasteizko URSSA eta EGA fabrikak hustu ditu, eta bertan bizi ziren etxegabeak identifikatu

06:00 aldera hasi da Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren operazioa, okupatutako bi eraikinak husteko. Dozenaka agente eta ibilgailu bertaratu dira, eta 119 lagun identifikatu dituzte. Operazioa amaituta, fabriketara iltzultzen utzi diete etxegabeei.

Ertzaintza eta Espainiako Polizia, gaur goizean, Gasteizko URSSA fabrikan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ertzaintza eta Espainiako Polizia, gaur goizean, Gasteizko URSSA fabrikan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ion Orzaiz - Edurne Begiristain
Gasteiz
2026ko maiatzaren 27a
08:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

URSSA eta EGA fabrikak hartu ditu Poliziak. 06:00 aldera, abandonatutako bi fabrika horiek inguratu dituzte Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren eta Udaltzaingoaren dozenaka ibilgailuk, eta bertan bizi diren etxegabeak identifikatzen hasi dira poliziak. Han ziren pertsona guztiak banan-banan identifikatuta, kalean utzi dituzte. Denera, 119 pertsona identifikatu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Hala ere, Poliziak esan du gaurkoa ez dela «huste» bat izan, baizik eta «lapurretak prebenitzeko» operazio bat. 11:30 aldera amaitu dute polizia operazioa, eta han bizi direnek aukera izan dute abandonatutako fabriketara bueltatzeko.

Gasteizen aspaldian ikusitako polizia operaziorik handiena da bi eraikin okupatuetan egin dutena, eta 70 agentetik gora —hala uniformedunak nola kaleko jantzitakoak— aritu dira fabrikak miatzen, eta etxegabeak —gehienak migratzaileak— kanporatzen eta identifikatzen. Horietako batzuei pasaportea edo paperak eskatu dizkiete datuak hartzeko, baina gero ez dizkiete itzuli; horren ordez, zita eman diete Espainiako Poliziak Olagibel kalean duen komisariara bertaratu eta beren «egoera administratiboa» arautzeko. NIE bat (Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia) emango dietela hitzeman diete zortzi laguni.

Abandonatutako fabriketako pertsonak artatzeaz arduratzen den Gizarte Zerbitzuetako langile batek kontatu du bertan bizi diren gehienak erregularizazio prozesuan daudela jada: dokumentazioa entregatua dute, eta Gobernuaren aurrean hitzorduak lotuta dauzkate paperak tramitatzen jarraitzeko. Hala ere, gaur goizeko operazioak «ziurgabetasun handia» eragin die, balitekeelako horren eraginez zenbaiti kanporatze prozedurak aztertzen hasteko espedienteak irekitzea. «Oso urduri daude, oso asaldatuta eta oso kezkatuta», azaldu du.

URSSA eta EGA fabriketatik etxegabetutako ia denak gizonak dira. Banan-banan kendu dizkiete paperak, eta, zita emanda, kalean utzi dituzte. Zenbait bizikleta, patin eta motxila ere kendu dizkiete bertan zirenei. Ertzaintzak jakinarazi du «indarkeriazko lapurretak» saihesteko operazioa izan dela, eta miaketetan ustez lapurtutako hainbat objektu atzeman dituztela; ordea, ez dute zehaztu zer eraman duten handik. 

Poliziaren presio etengabea

Bazterkerian bizi diren pertsonak artatzen dituen Hurbil zerbitzuko langile batzuk fabriketara hurbildu dira, baina kexu azaldu dira, poliziek ez dietelako utzi eraikin abandonatuetara sartzen —bai, ordea, komunikabideei—.

Gizarte Zerbitzuetako langile batek salatu du polizia operazioaren benetako helburua ez dela soilik identifikazio administratiboa: «Poliziak esan dit pertsona hauek hemendik alde egin dezaten nahi dutela. Eta horretan jarraituko dutela helburua lortu arte». Gizarte Hezitzailearen hitzetan, «presio estrategia» bat da, pertsona horiek fabrika abandonatuetatik alde egin dezaten. Ondorioz, hainbat lagun Gasteiztik alde egitea pentsatzen ari dira. «Batzuek Alacantera itzultzeko asmoa azaldu dute; beste batzuek, Frantziara edo Europako beste herrialde batzuetara».

URSSA
URSSA eta EGA fabriketatik kanporatutako hainbat pertsona, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Kale hezitzaileak gogor kritikatu du azken hilabeteetako Poliziaren presioa: «Etengabeko jazarpen hau amaitu beharra dago». Haren esanetan, baliteke pertsona horien artean delituak egiten dituzten batzuk egotea, baina gehienak egoera oso gogorretatik ihesi iritsi dira Europara. «Istorio oso gogorrak entzuten ditut egunero», azaldu du. Kasu bat gogoratu du, bereziki: «Atzo gazte batek kontatu zidan bere anaia patera batean hil zela hona etortzen».

Gizarte hezitzaileak adierazi duenez, fabriketako bizilagunak «etsita» daude egoera ikusita. Haren esanetan, bertan bizi diren askok egunero ahalegin handia egiten dute egoera administratiboa arautzeko eta bizitza duinago bat eraikitzeko: gaztelania ikasten dute, tailerretan parte hartzen dute, edo lan txiki batzuen bidez irauten saiatzen dira. «Askok txatarra edo hondakinak biltzen dituzte gero saltzeko, diru apur bat lortzeko».

«Poliziak esan dit pertsona hauek hemendik alde egin dezaten nahi dutela. Eta horretan jarraituko dutela helburua lortu arte»

GIZARTE ZERBITZUETAKO LANGILEA

Nabarmendu du fabriken barruko bizi baldintzak muturrekoak direla: arratoiak, sarna, zikinkeria eta oinarrizko zerbitzurik eza aipatu ditu. «Ez da erraza bi urtez horrela bizitzea», dio. Neguan, gainera, argindarra moztu zietela salatu du: «Berogailuak eta estufak zituzten, baina segurtasun arrazoien aitzakiarekin argia kendu zieten». Haren ustez, egoera are gogorragoa bihurtzen du etengabeko identifikazio eta kontrol polizialak: «Nik neure begiz ikusi dut hemengo pertsonei, arabiarrak edo beltzak direlako soilik, dokumentazioa eskatzen dietela».

Ia sei orduren buruan, Poliziak amaitutzat eman du operazioa, eta hesia altxatuta, fabriketara bueltatzeko aukera eman diete han bizi direnei. Handik gutxira PPko zinegotzi Iñaki Garcia Calvo agertu da alderdiko bi komunikazio arduradunekin, antza handik bideoren bat grabatu eta sare sozialetara igotzeko asmoz. Haatik, gizarte zerbitzuetako langile batek kargu hartu die PPkoei, eta haiek Poliziarekin solastatu ostean, alde egitea erabaki dute.

Tentsio handiko egoera

Atzo, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak esan zuen udala «justiziak erabakiko duenaren zain» zegoela, URSSA, EGA eta Fournier fabriketatik etxegabeak kanporatzeko. Egoerarekin «arduratuta» azaldu zen Etxebarria, azken bi asteetako gertakarien ostean: «Horregatik eskatu diegu Udaltzaingoari eta Ertzaintzari inguru horietan zaintza areagotzeko». Adierazpen horiek egin eta ordu gutxira hasi da gaur goizeko operazioa.

Maiatzaren 12tik 14ra bitartean «tentsio handiko» hainbat egoera izan ziren Errekaleor auzoan eta URSSA fabrikan bizi direnen artean. Errekaleor Bizirik elkarteak salatu duenez, lehenengo egunetan hainbat gazte saiatu ziren Errekaleorreko etxe batean sartzen, eta auzokideak egoera baretzen saiatu ziren, proiektuaren funtzionamendua azalduta.

Hala ere, maiatzaren 13ko arratsaldean, eta batez ere hurrengo goizaldean, egoerak okerrera egin zuen. Eragileen arabera, gaueko ordu txikietan 25 lagun inguruko talde bat iritsi zen auzora makilekin, burdinekin eta bestelako objektuekin, eta erasoak geldiarazten saiatu ziren bizilagunetako batek zauri larriak jasan zituen: burezurra eta besoa hautsi zizkioten, eta begi bateko ikusmena galdua du oraindik.

Errekaleor Bizirik elkartearen arabera, poliziak URSSA eta EGA fabrika abandonatuetan bizi diren etxegabeak «instrumentalizatu» zituen, haiek aitzakia hartuta auzoan esku hartze «neurrigabea» egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE