Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak legealdiari buruzko balantzea eta etorkizunerako erronkak aurkeztu ditu gaur Batzar Nagusietan, politika orokorrari buruzko eztabaidan. Herritarren ongizatea bermatzeko giltzarri gisa nabarmendu du etxebizitza, bereziki landa eremuan. «Herritarrak landa eremuan egon daitezen bermatzeko, funtsezkoa da etxebizitza erosteko eta alokatzeko aukera izatea», adierazi du.
Aldundiak etxebizitzaren aferan «eskumen zuzenik ez izan arren», Gonzalezek azpimarratu du foru erakundeak «inplikazio handia» duela politika horien garapenean, eta etxebizitza sustatzeko proiektu bat jarriko duela martxan. Aurreratu du proiektuaren lehen fasea Erriberagoitian eta Elosun abiatuko dela, eta Araba Garapen Agentziak bulego bat irekiko duela etxebizitzarako laguntza guztiak zentralizatzeko. Era berean, 3.000 biztanletik beherako udalei zuzendutako laguntza lerro bat jarriko dute martxan, udal etxebizitzen planak eta landa berrikuntzako proiektuak bultzatzeko.
Arabari eragiten dion testuinguru globalaren berri ere eman du. Lehenik, Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatu du: «Munduaren begien aurrean, benetako genozidioa gertatzen ari da, zuzenean kontatua eta nazioarteko komunitateak onartua. Nazioarteko komunitate horrek, baina bereziki Europak, batasunez eta irmotasunez erantzun behar du, eta basakeria hori geldiarazteko behar den guztia egin behar du».
Ukrainako gerrak eta Trumpen muga zergek eragindako arazo ekonomikoak ere aipatu ditu. «Ondoko krisiek eta ziurgabetasun iraunkorrak eragina dute herritarren egunerokoan», esan du, nahiz eta Arabak esportazioetan %8,2ko igoera izan eta «industriak indartsu» jarraitu.

Lurraldeari lotutako proiektuetan, energia berriztagarriak eta jasangarritasuna jarri ditu erdigunean. Pozik agertu da Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan eskuragarri dagoen potentzia elektrikoa %40 handitzeko hartu duen konpromisoa dela eta: «Urrats itzela da, baina gure eskaera handiagoa zen, eta lanean jarraituko dugu erantzun egokia lortzeko. Gure lurraldearen hazkundea geldotzen du potentzia elektrikoaren faltak». Kontsentsua lortzeko beharra azpimarratu du, baina ohartarazi: «Kontsentsua ez da adostasuna; gai honetan, beste askotan bezala, ez da inoiz guztien adostasuna lortuko».
AHT abiadura handiko trenaren auziaz ere irmo mintzatu da. Gogorarazi du aldundiak 2022an sinatu zuela protokolo bat euskal Y-aren lanak bizkortzeko. «Ahal den guztia egin behar da lan horiek lehenbailehen amaitzeko, eta azkartzea behar dute, halaber, Iruñearekin egingo den loturako txosten teknikoek. Nik argi daukat: Gasteiztik zuzenean egingo den lotura da Euskadirentzat onena».
Hiru kuadrilla
Araban badaude egoera onean ez dauden eremuak: Aiaraldea da horietako bat; hainbat kolpe hartu ditu hango ekonomiak. Laudioko egoera industriala kezkagarritzat jo du Gonzalezek, eta «lehiakortasuna indartzeko inplikazioa» eskatu du: «Guardianen itxiera lehenengo, eta Maderas de Llodiorena orain. Kolpe latza izan da Aiaraldearentzat». Guardian enpresaren instalazioei buruz, Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundiaren kudeaketak «laster albiste onak» emango dituela uste du. Halaber, gogorarazi du foru aldundiak parte hartze aktiboa izan duela Talgo berriro lurraldera ekartzeko ahaleginean.
Arabako Errioxako ardoaren sektoreari dagokionez, egoera «krisi larrian» dagoela nabarmendu du, eta «etorkizunari asmo eraldatzailearekin aurre egiteko» beharra azpimarratu. Jatorri deituraren kudeaketan aldaketa eskatu du: «Premiazko norabide aldaketa behar du Kontseilu Arautzaileak, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuan sartuta dauden autonomia erkidegoek eta Arabako Foru Aldundiak. Mahastizainen eta upeltegien etorkizuna bermatzeko, ekoizpen eremu bakoitzak bere baldintzak ezarri behar ditu». Gainera, laguntza zehatzak iragarri ditu: gorrinaren aurkako tratamenduaren kostuak arintzeko eta Mexikon Arabako upategientzat merkatu berriak irekitzeko.
Trebiñuko auzian, berriz, adierazi du pozgarriak direla Trebiñuko enklabea Araban integratzeko mahaia hartzen ari den erabakiak, eta bide onetik doazela. Eta gogoratu du haiei dagokiela protagonismoa: «Batzar Nagusiei eta aldundiari laguntzea dagokigu».
Laguntzak, eta beste
Aldundiak «lehen sektore berritzailea, jasangarria, lehiakorra, modernoa eta gaztetua» bultzatuko duela iragarri du Gonzalezek. Horretarako, bitartekaritza bulegoak sortuko dira sektorean sartu nahi duten gazteak eta jarduera uzten dutenak konektatzeko. Nekazarientzako eta abeltzainentzako tratamendu fiskal berezi bat ere aurkeztu du: %70eko forfait batekin, irabazien %30aren gaineko zergak soilik ordainduko dituzte.
Biozientziaren sektorean ere pizgarri fiskalak aplikatzeko prozesua hasiko dela esan du, ikus-entzunezko industriarako ezarritakoen ildo beretik. Sektoreari «bultzada handia» ematea da helburua, azken urteotan etengabe hazten ari baita. «Denbora beharko du, elkarrizketa eskatuko du, baina ekimen horrek jauzi handia ekar dezake Araban aberastasun eta enplegu handia sor dezakeen jarduera baterako».
Desgaitasuna duten eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonentzako baliabide berriek tarte garrantzitsua izan dute hitzaldian. Ahaldun nagusiak aurkeztu du, besteak beste, desgaitasuna eta gaixotasun mentala dutenentzako Bizitza Independentearen Bulegoa, Lakondoa egoitza eta eguneko zentro berriak, baita etxez etxeko zaintzarako Etxean Bai programa eta indarkeria matxistaren biktimentzako Hegoak programa ere. Era berean, azaroan inauguratuko dute Berrasi zentroa, gizarte bazterkeria egoeran daudenentzako. Halaber, aurten Lakuako foru egoitzaren erreskate aurreratua egingo da, 5,5 milioi euro inguruko zorra amortizatuta.
Datorren urtean, berriz, Samaniego egoitza berriro irekiko dute adinekoentzat, mendekotasuna eta desgaitasuna baloratzeko taldeak toki berean kokatuko dira, eta indarkeria matxistaren biktimentzako egoitza berriak ere martxan jarriko dituzte. Gonzalezek erronka nagusitzat jo du «desgaitasunari arreta emateko eredua birpentsatzea eta eguneratzea», profil berrietara egokituz, eta sektore pribatuarekin lan akordio bateratua lortzea.
Suteen prebentzioan ere plan berriak iragarri ditu amaieran: mendien eta hiriguneen arteko eremuetan jarduketa espezifikoak prestatuko dituzte, eta abeltzaintza estentsiboan oinarritutako suebaki biologikoak garatuko.
Hitzaldiaren zatirik handiena gaztelaniaz egin du, baina euskaraz aritutako pasarte batean, honela mintzatu da: «Arabako ahaldun nagusi gisa nire gogoa da arabarrak eta, jakina, aldundia protagonistak izatea euskararen historiaren fase berri honetan; eta fase hori talde politikoekin partekatua izatea».
Oposizioaren erreakzioak
Ahaldun nagusiaren hitzaldiaren ostean, oposizioko alderdiak komunikabideen aurrean azaldu dira, eta, oro har, gai nagusi batzuk zeharka eta azaleko moduan aipatu izana salatu dute. PSE-EEk, berriz, jeltzaleekin Batzar Nagusietan eta foru gobernuan urteotan izandako koalizio akordioa eta elkarlana goraipatu ditu, koalizioaren bidea «egonkorra eta emankorra» izan dela azpimarratuta.
Elkarrekin eta EH Bildu izan dira kritikoenak. EH Bilduk nabarmendu du «norabide estrategikorik gabeko foru gobernua» dela hau. Elkarrekin-ek, bestalde, Gonzalezek aurkeztutako balantzea «positiboegia» dela salatu du.
PPk, berriz, gogor kritikatu du egungo gobernua, eta «benetako Arabari bizkarra ematea» leporatu dio.