Pintaketa eta kartelez beterik dago EHUren Arabako campusa. Horien artean, «Erresistentzia ez da terrorismoa» goiburua nabarmentzen da hainbat eraikinen fatxadatan. Palestinako gatazkari egiten dio erreferentzia eslogan horrek, baina gaurkoan EHUko ikasleek salatu duten egoerari ere aplika dakioke. Izan ere, berrehun ikasle inguru bildu dira ikasle mugimenduaren aurkako «kriminalizazio kanpaina» salatzeko Letren Fakultatearen aurrean egindako agerraldian. Bertan, deitoratu dute EAJk eta «eskuineko hainbat hedabidek» «zalantzan» jartzen dituztela ikasleen militantzia eta eskubide politikoak, «gezurren» eta «gehiegikerien» bitartez.
Gasteizko goizeko hozkirriari aurre eginez, 08:25 aldera hasi dira agertzen ikasleak Letren Fakultatearen inguruan. Xake piezena zirudien antolamendu erregularrari jarraituz, giza hesia osatu dute fakultateko sarreran, eta erabat bete dituzte bertako eskailerak. Atrezzo hori prest zela, bi ikasle agertu dira, mahaia bizkarrean, eta hura agertoki erdian jarrita ekin diote bi bozeramailek komunikatua irakurtzeari.
«Eskuin muturraren markoa»
Ikasleek salatu dutenez, «ikasle mugimenduaren aurkako kriminalizazio kanpaina handi bat» izan da martxan azken asteetan. Eta ez dute zalantzarik izan beren ustez kanpaina horren erantzule direnak seinalatzeko orduan: EAJ ezarri dute kanpaina horren bultzatzaile gisa, eta kanpaina horretan daude, ikasleen aburuz, «hainbat hedabidek» haien aurka publikaturiko albisteak. Gainera, EHUko berrogei irakaslek duela aste batzuk hedabideetan argitaraturiko gutuna ere kanpaina horren parte dela deitoratu dute. Gutun horretan, zenbait irakaslek unibertsitateko «talde ultranazionalisten jarrera autoritarioa» salatzen zuten.
Afera horren jatorria Vox eskuin muturreko alderdiak otsailaren 23an antolaturiko ekitaldian dago. 1981eko estatu kolpearen urtemugarekin bat etorriz, mobilizazioa antolatu zuten EHUren Gasteizko campusean, eta, horren harira, errektoretzak klase presentzialak saio telematikoekin ordezkatu zituen istiluak saihesteko, eta «probokazioetan ez erortzeko» eskatu zien ikasleei. Errektoretzaren erabaki horren aurka azaldu ziren hainbat irakasle hedabideetan argitaraturiko gutunean, eta jarrera horrek «eskuin muturraren markoa indartzen» duela salatu dute ikasleek gaurko agerraldian.
Hedabideetan «albiste asmatuak»
Ikasleen arabera, Voxen agerraldi horren harira hasi zen kriminalizazio kanpaina, «hainbat hedabide eta politikarik» istiluak iragarri baitzituzten. Hala ere, ez zen istilurik egon, eta ikasleak era baketsuan mobilizatu ziren «probokazio oro gaindituz», eta horrek aipaturiko kanpainaren gogortze bat ekarri duela adierazi dute. Bereziki seinalatu dute El Correo egunkaria, ikasleen aurkako «albiste asmatuak» zabaltzeagatik. Horren erakusgarri aipatu dute hedabide horrek ahalegina egin izana Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) erakundeko militanteek Gasteizko institutu batean «eskuorriak banatu izana» kriminalizatzeko, edota IASeko militanteak bizikletaz «campusa patruilatzen» dabiltzala argitaratzea.
Gaur mobilizatu diren ikasleen arabera, aipatu diren jarduerak beren «eskubide politikoen» erabilera soila dira, eta horien aurka abiaturiko kanpainak eskubide horiexek «oztopatzea» du helburu. Aipaturiko alderdi eta hedabideen portaeraren aurrean, «zaila ari da izaten horien guztien jarduna eskuin muturrarengandik bereiztea».
Ikasleen aldarrikapenak
Kanpaina horri erantzuteko, beren aldarrikapenak plazaratu dituzte gaur EHUko ikasleek. Horien artean lehenengoa, «kriminalizazio kanpaina amaitzea exijitzea». Harago ere joan dira, ordea, eta unibertsitatean «pentsamendu kritikoa» babestearen eta «eskubide politikoak defendatzearen» garrantzia azpimarratu dute. Eskubide horiek bermatu eta unibertsitateak «gune aske» izaten jarraituko duela ziurtatzeko, «gorroto ideologiak ezabatu» behar direla ere aldarrikatu dute.
Unibertsitateko komunitateko kide orori adierazpen hori babesteko eta «norabide horretan ekarpena» egiteko eskatuz amaitu dute agerraldia. Txalo zaparrada zaratatsuarekin erantzun diete mobilizaturiko ikasleek beren eledunen hitzei, eta minutu batez eskuen zartadek urratu dute Gasteizko campuseko aire lasaia. Ikusteko dago ikasleen aldarrikapenek zer-nolako oihartzuna izango duten unibertsitate komunitatearen barnean.