Joan den urtetik, ezohiko maizterrak dituzte Gasteizko Salburua auzoko arkupeek. Kalean bizi diren asilo eskatzaile eta errefuxiatuak dira, maliarrak gehienak, auzo horretan dagoen Espainiako Poliziaren komisarian asilo eskaera azkarrago tramitatzeko esperantzan Arabako hiriburura etorriak. Esperantzak eta zurrumurruak, ordea, gezur suertatu dira, tramiteak ez baitoaz azkar, eta errefuxiatuetako asko kale gorrian geratu dira, bulegoan aurrez aurreko txandarik lortu ezinik.
Martxoan, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu zuen asilo eskaera egiteko hitzorduak lehengoen erdiak zirela, eta errefuxiatuei elkartasuna adieraztera deitu zuen. Ildo horretan, erakunde horrek iragarri du asilo eskatzaileen aldeko bilketa solidarioak egingo dituela, errefuxiatuen «oinarrizko beharrizanak» bete ahal izateko. Maiatzaren 9an, 22an eta 30ean, beraz, «janari ez-galkorrak, oinetakoak, higiene produktuak eta sendagaiak» bilduko dituzte Gasteizko hainbat lekutan.
Ikusi gehiago
Asilo eskatzaileen alde mobilizatu diren erakundeetako bat da Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Salburuko bizilagunak eurak izan ziren errefuxiatuen alde antolatzen lehenak, eta erakundeei behin eta berriro eskatu dizkiete «urgentziazko» irtenbideak. Konponbide horiek ezarri artean, ordea, kale gorrian bizi diren asilo eskatzaileen egoera arintzeko lanean ari dira eragile eta elkarteak.
Etxebizitza Sindikatuak «erakundeen utzikeria eta ekintzarik eza» gaitzetsi ditu, iritzita administrazio batek ere ez duela bere gain hartu errefuxiatuen ongizatea bermatzeko ardura. Egoera ikusita, «elkartasun sareak ehuntzen» jarraitzera deitu dute, eta Gasteizko herritarrak gonbidatu dituzte bi ostiralean behin Salburuko Venezuela kaleko 10. zenbakian egiten dituzten elkartasun bilera irekietan parte hartzera.
Asilo eskatzaileen aldeko bilketak:
- Maiatzak 9, larunbata: 11:30-13:00, Itxasberri jatetxearen aurreko plazan (Arana auzoa).
- Maiatzak 22, ostirala: 18:00-20:00, Martxoak 8 etorbideko BM saltokiaren aurrean (Salburua).
- Maiatzak 30, larunbata: 11:30-13:30, Faroloian (Alde Zaharra).