Urtarrilaren 1ean amaitu zen Amvisa Gasteizko ur-banaketa agentziak eta bere aurrez aurreko arreta zerbitzua ematen zuen azpikontratak zuten lotura. Eta handik astebetera onartu zuten Gasteizko udal gobernuak eta EH Bilduk zerbitzu horren publifikazioa. Publifikazio horren bitartez, aurretik arreta zerbitzuan lan egiten zuten sei langile kaleratu zituztela salatu zuen ELA sindikatuak.
Gaur goizean, datorren urteko hiriko ur tarifen igoera azaltzeko agerraldia egin dute udaletxean Amvisako lehendakari Pascual Borjak eta udaleko EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok. Kaleratutako langileei buruz galdetuta, ur-banaketa enpresako lehendakariak adierazi du langile horiekin zuen harremana urtarrilaren 1ean amaitu zela, eta egun horretatik aurrera haien etorkizuna azpikontrataren menpe dagoela.
Halaber, kontatu du haietako batzuk Amvisaren barneko hautapen prozesuak gainditu dituztela, eta bertan ari direla oraindik ere.
Langileen erantzuna
Udaletxean apenas hitz egiten den langileei buruz. Nolanahi ere, ELA sindikatuak iragarri du langileek demandak aurkeztu dituztela Eusko Jaurlaritzako Adiskidetze Atalean, «auzitara jotzeko lehen izapide gisa». Sindikatuak azaldu du langileen eskubideak urratu direla subrogazioa ukatuta: «Egungo jurisprudentziaren arabera, langileek subrogazio eskubidea zuten, eta, beraz, kudeaketa aldatu eta zerbitzua publiko egin arren, beren lanpostuetan jarraitu beharko lukete».
Gaineratu dute langileek ez dutela inolako kalte ordainik jaso, ezta langabezia prestaziorik ere. ELAk azaldu du Amvisako langileek lau hilabete igaro zituztela greban, eta horri esker lortu zutela prekaritateari aurre egitea. Egoera hori ikusita, iragarri dute beraiek ere auzitara joko dutela Amvisaren eta Gasteizko Udalaren aurkako tutoretza eskaeraren harira.
Sindikatuak adierazi du «beti» egongo dela zerbitzu oro publifikatzearen alde, baina «enpleguak bermatuta, eta autonomia erkidegoko, estatuko eta Europako legediek ezartzen duten bezala».