Ekologistek salatu dute Labrazako parke eolikoak galzorian dauden espezieak mehatxatzen dituela

Parke eolikoaren eraikuntzari bide emateko «inolako baimenik gabeko azpiegiturak» egiten ari direla salatu du Arabako Mendiak Aske elkarteak, eta larunbatean Kanpezun egingo den manifestaziora batzeko deia egin diete herritarrei.

Iberdrola enpresak Oiz mendian (Bizkaia) dituen haizerrotak, artxiboko irudi batean. IREKIA
Iberdrola enpresak Oiz mendian (Bizkaia) dituen haize errotak, artxiboko irudi batean. IREKIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 14a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia berriztagarriaren inguruko proiektuek Arabako lurraldean eragindako eztabaiden artean, Labrazako parke eolikoak sortutakoak izan dira sutsuenetarikoak. Erakunde ekologistek gogorki salatu dute azpiegitura, inguruneari egingo liokeen kaltea argudiatuta, baina Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman zion, eta Aixeindar enpresak jakinarazi zuen 2025 amaieran hasiko zirela eraikuntza lanak. Hasi bide dira lan horiek, Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu baitu enpresa «inolako baimenik gabeko azpiegiturak» eraikitzen ari dela parkearen lanetarako, eta horrek «arrisku larrian» jartzean dituela inguru hartan galzorian dauden espezieak. 

Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sorturiko enpresa da Aixeindar. Iberdrolak konpainiaren %60 kontrolatzen du, eta EEEk, %40. Arabako Mendiak Askek gogor kritikatu du sektore pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlan hori, «irabazi ekonomikoak soilik» bilatzen dituen «aliantza makiavelikoa» dela iritzita. Elkartearen ustez, «legez kanpokoa» da Labrazako proiektua, eta administrazio guztiei eskatu die «proiektua bertan behera uzteko». Parke eolikoaren eraikuntzaren aurka protesta egiteko, kontzentrazioa antolatu dute Kanpezun (Araba), larunbatean, eguerdiko ordu batean. Maiatzaren 23an Gasteizen egingo den manifestazio nazionalera batzeko deia ere egin dute. 

Erakunde ekologisten arbuioa pizteaz gain, eztabaida politiko sakonak ere eragin ditu Labrazako parke eolikoaren eraikuntzak: iazko udazkenean, Arabako Batzar Nagusietara iritsi zen gaia, eta foru gobernuak eta oposizioak aurrez aurreko jarrerak erakutsi zituzten. Alde agertu ziren EAJ eta PSE-EE; aurka, berriz, oposizioko gainerako taldeak, EH Bildu, Elkarrekin, PP eta Vox, parkeak ingurumenari egingo dion kaltea argudiatuta, hain zuzen ere. Udalerrian ere eragin ditu gatazkak. Izan ere, Oiongo Udalak (bertan dago Labraza herria) «behartuta» eman zion eraikitzeko baimena parke eolikoari, udala kontrolatzen duen indar politikoa, EH Bildu, proiektuaren kontra egonagatik. Eusko Jaurlaritzaren erabakiek eta EAEko legeak horretara derrigortzen zutela argudiatu zuen udal gobernuak, tokiko eragileek erabakia gaitzetsi bazuten ere. Eraikuntza abian izanagatik, badirudi oraindik ere zeresan handia emango duela Labrazako parke eolikoak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA