Maiatzaren 21ean lanuzteak hasi zituzten Gasteizko Alestis Aerospace enpresan. Airbus, Boeing eta beste zenbait enpresarentzat osagai aeronautikoak ekoizten ditu enpresa horrek, eta, enpresa batzordea osatzen duten sindikatuen arabera, lan hitzarmena sinatzeko negoziazioek ez dute aurrera egiten, enpresaren «blokeoa» dela eta.
Patronalaren proposamenak «onartezinak» dira, sindikatuen aburuz. Hori dela eta, lau sindikatuek —ELAk, LABek, CGTk eta UGTk— joan den astean hasitako lanuzteak areagotzea erabaki dute, enpresaren jarrera aldatu ez delakoan. Orain arte, bi orduko geldialdiak egin dituzte, eta lau orduko lanuzteak egingo dituzte ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n.
Gainera, ekainaren 2an, goizeko hamaiketan, elkarretaratzea egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan, «hitzarmen duina» eskatzeko. Enpresak inoizko negozio bolumenik handiena izanagatik konpainiak langileen lan baldintzak kaskartu nahi dituela salatzen dute sindikatuek.