Arabako «makroproiektuen» aurkako manifestazioa egingo dute larunbatean Gasteizen

90 elkarteren eta 75 kontzeju eta udalen babesa jaso dute antolatzaileek. Salatu dute lurraldean sustaturiko «mota guztietako industria proiektu handiek» Arabako ingurune naturalen eta nekazaritza lurren «suntsiketa» dakartela.

Iker Ruiz de Zarate eta Edurne Basterra, mahaian, gaurko agerraldian. BERRIA
Iker Ruiz de Zarate eta Edurne Basterra, mahaian, gaurko agerraldian. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko maiatzaren 19a
15:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tantaka hasi zen energia berriztagarrien proiektuen euriak uholde tankera hartu du azken urteetan Arabako lurraldean. Gaur goizean bertan iritsi da azken berria: baterien biltegiratze proiektuari oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzak, Aiarako Murga herrian. Egitasmo hori zerrenda luze baten azkena baino ez da: instalazio fotovoltaikoen, haize erroten eta bestelako proiektu industrialen artean, egitasmo samalda daude martxan egun Araban. Ez dira horiek, ordea, guztien gustuko, eta lehen sektoreko eragileen eta elkarte ekologisten arbuioa eragin dute sarri. Horren erakusgarri, 90 elkarteren, eta 75 kontzeju eta udalen babesarekin, gaur Gasteizen aurkeztu duten «mobilizazio handia». Makroproiekturik ez! lelopean, maiatzaren 23ko manifestaziora batzeko deia zabaldu diete herritarrei. Bilbo plazatik abiatuko da manifestazio hori, arratsaldeko seietan.

UAGAko presidente Edurne Basterrak eta Araba Bizirik plataformako kide Iker Ruiz de Zaratek aurkeztu dute gaur mobilizazioa, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako prentsaurrekoan. Makroproiektuen aurkako gurutzadan duten gizarte sostengua irudikatu dute: haien atzean, elkarteetako kide ugari, kartelak eskuan; prentsaurrekoaren mahaiaren aurrean, berriz, zerrenda bana, elkarretaratzea sostengatzen duten erakundeen izenekin bata, eta babesa adierazi dioten kontzejuen eta udalen izenekin bestea. Legutio, Urizaharra, Langraiz Oka eta Trebiñu ageri dira, besteak beste, zerrenda horretan, Araba osoko tokiko erakundeen izenekin nahasturik. Luzeak dira zerrenda biak, azken urteetan Arabako lurraldean mota horretako proiektuek eragin duten ezinegonaren erakusgarri. «Kontrolik gabeko ugaritzea» da azken urteetan jazo dena, antolatzaileen ustez, eta ez du Arabako «gizartearen beharrak asetzea» helburu, «Araba espekulaziorako eremu» izatea baizik, «multinazional handien irabaziak emendatzeko».

Landa eremuaren «suntsiketa»

Itu ugariren aurka jo dute agerraldian bozeramaileek, azken urteetan Araban eraiki diren energiaren, garraioaren eta industriaren sektoreko azpiegitura gehienen aurkako jarrera erakutsi baitute: «Abiadura handiko trena, makrozentral eolikoak eta fotovoltaikoak, goi tentsioko eta oso goi tentsioko lineak, datuen makrozentroak, biometanizazio makroplantak, zentro logistikoen eta industrialdeen zabalkuntza, harrobiak, dikeak eta aireportuaren zabalkuntza», besteak beste, zerrendatu ditu Ruiz de Zaratek Arabako landa eremuaren eta ingurune naturalaren «suntsiketa» eragingo duten proiektuen artean. «Makro» aurrizkia ezartzen diete horietako gehienei, haien ustez, «eskala handiko» proiektuak baitira, lurraldeari onura ekarri ordez, «multinazional energetikoentzat jarritako alfonbra gorria» osatzen dutenak.

Lehen sektorean ere eragin dute aurkakotasuna proiektu horiek, eta, horren erakusgarri, Basterrak egitasmo horien kontra izan dituen hitz gogorrak. «Arabako lurraldean agertzen ari diren makroproiektu guztien aurka gaude, nekazaritza balio handiko lurrei eta gure bizibideari eraso egiten baitiete», adierazi du UAGAko presidenteak. Izan ere, erakundeek bultzatzen duten garapen ereduak «landa eremuko bizi proiektuak hausten ditu», eta Arabako herriak bertan behera uztera behartzen ditu bertako biztanleak, manifestazioaren antolatzaileen arabera. Hain zuzen ere, landa eremuko herri txikietan nabaritu da gehien egitasmo horien aurkako jarrera, eta plataforma eta elkarte ugari sortu dira tokian tokiko proiektuei aurka egiteko.

Erakundeei erantzukizun eske

Erakunde publikoekin eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzarekin oso kritiko agertu dira antolatzaileak. Haien aburuz, onartu berri den Lurraldeko Plan Sektoriala (LPS) biziki kaltegarria da Arabako lurralderako, «mendi eta haranen balio ekologikoa eta soziala» kontuan hartzen ez duen lurraldearen banaketa bat ezarri nahi baitute horren bidez. Finean, nekazaritza lurrak eta lehen sektorea multinazionalen eta interes pribatuen alde «sakrifikatzea» leporatu diote antolatzaileek Eusko Jaurlaritzari, eta «makroproiektuak finantzatzeko» 80 milioi euroko diru laguntzak emateagatik ere agiraka egin diote EAEko gobernuari. 

DATUAk

90

Elkarteak. Elkarte ugarik adierazi diote sostengua larunbateko mobilizazioari, tartean, Araba Bizirik-ek eta UAGAk.

75

Tokiko erakundeak. Dozenaka kontzejuk eta udalek babestu dute deialdia, tartean Legutio, Urizaharra, Trebiñu eta Langraiz Okako udalek.

105

«Makroproiektuak». Arabako lurraldean, ehundik gora «makroproiektu» zenbatu dituzte antolatzaileek. Hego Euskal Herri osoan, 330 dira, haien kalkuluen arabera.

Orain arte haien kexei entzungor egin izana ere deitoratu dute, eta, alegazio kanpaina masiboen ostean, haien kezkei kasu egiteko eskatu dio Basterrak Jaurlaritzari: «Entzun gaitzatela exijitzen dugu; aurkezturiko alegazio guztien ondoren, bada garaia konturatu daitezen hau ez dela gure lurrarentzat nahi dugun etorkizuna». 75 kontzejuk eta udalek emandako babesa azpimarratu dute antolatzaileek. Arabako lurraldeko erakundeak dira horiek, baina, deialdia babesten duten 90 elkarteen iritziz, salatzen duten fenomenoa ez da soilik Arabako lurraldean gertatzen: «Egoera hau Euskal Herriko beste lurralde batzuetan ere badute; sustatzaileak berberak dira, eta leku horietako erakundeek ere utzikeriaz jokatzen dute», salatu du Ruiz de Zaratek. Lurralde horietako eragileen borroka haien borroka ere badela defendatu dute. Arabari dagokionez, ordea, datorren larunbatean izango dute «makroproiektuen» aurkako eragileek indar erakustaldia egiteko hitzordua, Bilbo Plazatik abiatuta, arratsaldeko seietan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA