Migratzaileen ezohiko erregularizazioaren alde egin dute Arabako Batzar Nagusiek

Espainiako Gobernuak abiatutako ezohiko erregularizazioaren alde egin dute EAJ, PSE-EE, Elkarrekin eta EH Bilduko batzarkideek. Prozesu horretan parte hartuko dutenei «tramiteak errazteko» eskatu diete aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.

Elkarrekin Ahal Dugu-ko batzarkide David Rodriguez, Batzar Nagusietan hizketan, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Elkarrekin Ahal Dugu-ko batzarkide David Rodriguez, Batzar Nagusietan hizketan, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 18a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesu bat iragarri zuen Pedro Sanchezen gobernuak iragan den urtarrilean. Egoera irregularrean dauden milioi erdi inguru migratzaileren egonaldia legeztatzea du helburu Espainiako Gobernuaren dekretuak, eta Hego Euskal Herrian 30.000 pertsonari eragingo diela kalkulatzen da. Erregularizazio horretan parte hartu ahal izateko, migratzaileek hiru baldintza bete beharko dituzte: 2025eko abenduaren 31 baino lehen heldu izana Espainiara, bost hilabetez bertan bizi izana eta aurrekari penalik ez izatea. Aldeko zein kontrako erreakzio indartsuak eragin zituen Espainiako Gobernuaren iragarpenak, eta gaur gaia Arabako Batzar Nagusietara iritsi da, prozesuaren alde egiteko eta hartan parte hartzen dutenei «bidea errazteko» mozioa eztabaidatu baitute batzarkideek. Eztabaida gogorren artean, 40 batzarkidek eman dute aldeko botoa, eta aurrera atera da mozioa, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Ahal Dugu eta EH Bilduren botoekin. 

Elkarrekin Ahal Dugu koalizioaren taldeak aurkeztu zuen mozioa. Bost puntuko neurriak eskatzen zuen Arabako Batzar Nagusiek migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuaren aldeko «sostengu esplizitua» ematea. Horretaz gain, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari prozesua «ahalik eta azkarren» eta «erabateko segurtasun juridikoarekin» egingo dela ziurtatzeko neurriak onartzea eskatzen zuen mozioak. Azkenik, erakunde horiei migratzaileen errotzearen akreditazioan «aktiboki kolaboratzeko» eskatzen zien Elkarrekin taldearen neurriak Batzar Nagusiei. Neurria defendatu duen taldeko batzarkide David Rodriguezen hitzetan, «inor atzean utziko ez duen herrialde baterantz bidea egiteko aukera historikoa» da ezohiko erregularizazio prozesua, eta talde guztiek aldeko botoa eman dezatela eskatu du.

«Argudio arrazista eta xenofoboak»

Neurriak, ordea, taldeen arteko eztabaida gogorra eragin du osoko bilkuran, PP eta Vox aurka agertu baitira. Vox taldeko batzarkideak zuzenketa proposamena aurkeztu du, eta migrazioa delinkuentziarekin eta segurtasunik ezarekin lotu du bere diskurtsoan, erregularizazio prozesua «segurtasunaren aurkako mehatxu larria» dela esateraino. Tonu neurritsuagoan bada ere, PPko Iñaki Oiartzabal batzarkidea bat etorri da erregularizazioa «iruzurrarekin» eta «mafiekin» lotzeko orduan. Segurtasunean eta zerbitzu publikoetan izango lukeen eragina kritikatu ditu, eta prozesuaren aurka agertu da.

Aboubacry Kane Diack PSE-EEko batzarkideak gogor erantzun die eskuineko alderdien adierazpenei. «Eskuinaren argudio arrazista eta xenofoboak» deitoratu ditu, eta adierazi du erregularizazioa beharrezkoa dela migrazioa segurtasun faltarekin eta delinkuentziarekin lotzen duten diskurtsoei aurre egiteko, «giza eskubideak ziurtatu eta pertsona migratzaileei segurtasun juridikoa emateko». Kane Diacken hitzetan, «errealitate bat da» migratzaileak euskal gizartean integraturik bizi direla. Gehienak jada lan merkatuan integraturik daude, eta, egoera irregularrean daudenez, lan baldintza kaskarrak pairatu behar dituzte. Hori ikusirik «beste alde batera begiratzea ezinezkoa» dela esan du, eta neurriaren alde bozkatzeko eskatu du.

Migrazio eskumenak

Neurriaren alde agertu da foru gobernua osatzen duen beste alderdia ere, EAJ. Taldeko batzarkide Joseba Iñaki Ruiz de Galarretak esan du ezohiko erregularizazioa «beharrezkoa» dela, eta mozioaren alde agertu da, baina nabarmendu du horrelako neurri puntualek ez dutela ordezkatzen «politika integrala». Migrazio politika «ordenatu» baten beharra sarritan azpimarratu du batzarkideak, baita politika horren oinarriak «kontrola, harrera, integrazioa eta lankidetza» izan behar direla ere. Hori lortzeko, EAEri migrazioaren inguruko eskumen gehiago transferitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, baita EAE «iparraldeko muga» izendatzeko ere. Hala ere, EAJk ez du horri begirako zuzenketarik aurkeztu, eta Elkarrekin taldearen mozioaren alde egin du, bere horretan.

EH Bilduk aurkeztu du horretarako zuzenketa bat; arrakastarik gabe, ordea. Taldearen proposamenak migrazioa kudeatzeko «eskumen tresnak» eskatzea planteatzen zuen, baina Elkarrekin Ahal Dugu-k erantzun du «eskumenen kontua» gaurko eztabaidatik kanpo zela, eta ez du EH Bildurekin erdibideko zuzenketarik adostu nahi izan. Rodriguezek «argazkia eta titularra bilatzea» ere kritikatu dio EH Bilduko June Mugika batzarkideari —hark aurkeztu du zuzenketa—. Hori ikusirik, «akordiorako borondate falta» leporatu dio Mugikak Rodriguezi. Eskumen kontuak gorabehera, azkenean mozioaren alde egin du EH Bilduk ere, PP eta Voxen «gorroto eta beldur diskurtsoak» kritikatzearekin batera. 

Erakundeentzako eskaera

Gauzak horrela, gehiengo handi bat lortuta onartu dute Batzar Nagusiek mozioa: berrogei batzarkidek eman dute aldeko botoa, eta hamarrek aurkakoa. EAJ, PSE-EE, Elkarrekin eta EH Bilduk neurriaren alde egin dute, eta PP eta Vox aurka agertu dira. Orain, Arabako Batzar Nagusiek eskaera bidaliko diete Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, udalei eta tokiko instituzioei, migratzaileen erregularizazio prozesuan lagun dezatela eskatzeko.

Pozik agertu da Rodriguez mozioaren arrakastaren inguruan, Batzar Nagusietako gehiengoa alde agertzea «eskuin muturrari emandako lezioa» dela uste baitu. Prozesua hasten denetik, migratzaileek ekainaren 30era arteko epea izango dute beren eskabideak aurkezteko. Arrakasta izan eta behin-behineko lan baimena lortzeko, lurraldean errotuta daudela eta bertan bizitzen bost hilabete daramatzatela ziurtatzen duen agiriren bat aurkeztu beharko dute, aurrekari penalik ez dutela ziurtatzen duten paperekin batera. Arabako Batzar Nagusiek egindako eskaerak arrakastarik badu, EAEko instituzioen laguntza aktiboa izango dute prozesu horretan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.