Arabako Foru Aldundiak Arrastoa izeneko eskultura instalatu du Arabako Arte Ederren Museoko lorategian. Hain zuzen ere, museoaren egoitza den Augustin Zulueta jauregiak esklabotzarekin izandako lotura historikoa oroitzea du helburu eskulturak. Izan ere, jauregiaren finantzatzaile nagusia Elvira Zulueta gasteiztarra izan zen. Hark bere aita Julian Zuluetarengandik jaso zuen aberastasunaren zati handi bat, eta Julian Zuluetak Kuban esklaboak salerosiz lortu zituen bere ondasunak.
Aberastasun horren jatorrian zeuden esklabotzaren biktimak oroitzeko, honako testu hau dakar estatuaren plakak: «Jauregi hau Julian Zuluetaren herentziatik dator. Zuluetak bere dirutza Afrikako pertsonen salerosketaren bidez eta Kuban esklaboak ustiatzearen bidez bildu zuen. Gizateriaren aurkako krimen horren biktimak oroitzeko plaka da hau». Irati Antiaren estatuak, berriz, Kuban esklaboak zigortzeko erabiltzen zen zepo batean oinarritzen da, «zapalkuntzarako objektua memoria objektu» bilakatzeko.
Ikusi gehiago
Ez da Antiak gaiaren inguruan egin duen lehenengo sorkuntza artistikoa. Aurretik ere, Azukre beltza erakusketa ondu zuen, Julian de Zuluetaren jardunek Kuban utzitako arrastoari buruz. Oraingo lana egiteko, altzairuzko lau pieza batu ditu artistak, historiaren funtsezko lau elementu biltzen dituztenak: Araba, Afrikako kostaldea, Kuba eta itsasoa, esklaboen bidaiaren sinbolo.
Kolektibo antirrazisten haserrea
Estatuaren inaugurazioan, ordea, absentzia nabarmen bat izan da. Izan ere, urteetan zehar Julian Zuluetaren jardun esklabista eta jauregiaren iragan iluna salatzeko bisita gidatuak antolatu dituen Contrapunto elkarte antirrazista eta antikolonialak ez du ekitaldian parte hartu. Elkarteak ohar bidez azaldu duenez, Batzar Nagusietan uztailaren 19an gaiari buruz egin zen ponentziara gonbidatu bazituzten ere, eta plakari zuzenketak egiteko eskatu bazieten ere, prozesutik «kanporatu» ditu aldundiak, eta eskulturaren ideia eta testuaren egiletza «ezkutatu» dizkie.
Horiek horrela, eta «memoria prozesua tokiko kolektibo afrikarren parte hartzerik gabe egitea ezinezkoa» dela iritzita, Contrapuntok ekitaldira ez joatea erabaki du, eta goizeko hamaiketan, ekitaldia baino lehen, «ekaitz digitala» pizteko deialdia egin die jarraitzaileei. Afera honen guztiaren atzean, foru gobernuak Elkarrekin Ahal Dugu koalizioarekin aurrekontuen inguruan lortutako akordioa dago. Izan ere, Elkarrekin-ek jauregiaren iragan esklabista azaleratuko zuen plaka bat instalatzea eskatu zuen. Gaur instalatu dituzte plaka eta estatua, baina ez guztien kontenturako.