Hidrogenoari lotutako azpiegiturak, argindarrarenak eta Las Carrerasko saihesbidea. Abanton makina bat proiektu bultzatzen ari dira azkenaldian, guztiek dute eragina inguruan, eta horrek ezinegona sortu du bizilagunen artean. Proiektu haietako bakoitzak bere baimena du, baina herritarrek gura dute guztiek batera ingurumenean eta herritarren osasunean eta bizitza kalitatean zer-nolako eragina izango duten azter dezatela. Hain zuen, gogoratu dute 2013ko Espainiako Ingurumen Ebaluazio Legeak hala egiteko agintzen duela. «Hainbat urtetan sakabanatuta eta sustatzaile bakoitzak bere proiektua aurkezten duenez, kezka sortzen digu horrek ez ote duen eragozten herritarrek eta administrazioek herrian gertatzen ari den eraldaketaren irudi osoa izatea», esan du Itsaso Etxegaraik.
Ikusi gehiago
Bizkaiko Batzar Nagusietako Parte Hartze Batzordean izan da gaur, Jon Andoni Cobo herrikidearekin batera. Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote proiektu horiei guztiei lotutako azterketa orokor bat sustatu dezala, Eusko Jaurlaritzarekin, Abantoko Udalarekin eta arlo horretan eskumena duten gainontzeko erakundeekin elkarlanean. «Gerta daiteke proiektuetako bakoitzaren eragina onargarria izatea, baina guztiena batera ez», ohartarazi du Etxegaraik.
Muskiz eta Abanto artean, Petronor 100 megawatteko elektrolisi planta bat eraikitzen ari da, hidrogeno berriztagarria ekoizteko. Horri lotuta, beste azpiegitura batzuk ere ipiniko dituzte. Adibidez, Abantoko Teknologia Parkean behin-behineko hidrogeno kargaleku mugikor bat atondu dute, eta bien bitartean hidrogeno kargaleku egonkor bat eraikitzen ari dira. Planta eta kargalekua lotzeko hornidura sarea ere behar da horretarako. Horrez gainera, Muskiz eta Arrigorriaga lotuko dituen hidrogeno gasbidea ere badago; joan den astean bukatu zen proiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta herritarrek, eragileek eta udalek milaka ipini dizkiote.
Petronorren elektrolisi plantak argindarra beharko du, eta Abantoko azpiestazio elektrikotik hornituko dute. Horretarako, azpiestazioa handitu eta egokitu behar dute, eta bi azpiegituren artean ere hornidura sarea egin. Iberdrolak azpiestazio berri bat egin gura du Castro Urdialesko Vallegongo industrialdean (Kantabria, Espainia), eta Abantokoarekin lotzeko sarea eraikitzeko proiektua ere badago; Abanto, Muskiz, Galdames eta Sopuerta zeharkatuko lituzke Bizkaian.

Argindarrari lotuta, proiektu fotovoltaikoek ere kezkatzen dituzte Abantoko bizilagunak. Eusko Jaurlaritzak baimena ukatu zien udan Solariak Araban eraiki gura zituen eguzki plaken plantei, baina badaude makroproiektu horri lotutako beste planta batzuk, inguruko beste erkidego batzuetan, eta Arabakoek erabiliko luketen ebakuazio linea bera erabiltzea da asmoa; hau da, Zierbenaraino etorriko litzatekeena. Horien inguruko baimenak Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eman beharko ditu, eta oraindik tramitazio fasean daude.
Ikusi gehiago
Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbide bat egingo du Abantoko Las Carreras auzoan. Bizilagunak ez daude proiektuaren aurka; kontrara, trafikoa auzoaren erdigunetik ateratzea gura dute. Baina ez zaie gustatzen diputazioak proposatutako ibilbidea, ingurumenean izango duen eraginagatik. Hirugarren alternatiba batekin dabiltza orain lanean.
Guztira hamar azpiegitura dira, guztiek bereziki Las Carreras auzoan izango lukete eragina, eta, horregatik, saihesbidearen ibilbidearen aurka sortutako plataformak bere egin du gainontzeko proiektuen aurkako borroka ere. «Eraginak sufrituko dituen lurraldea bera da kasu guztietan, eta ondorioak biziko ditugun herritarrak ere bai», ohartarazi du Etxegaraik.
Meatzaldearen memoria
Cobok Meatzaldearen historia eta nortasuna aldarrikatu ditu. Gogoratu du eskualdeak ezinbesteko ekarpena egin diola Bizkaiaren garapenari, burdin meategiei esker. «Hemen bizi izandako pertsonak, haien bizimodua, kultura eta memoria ere gure ondarearen parte dira». Memoria historikoari ere erreparatu dio, eta, besteak beste, 1874ko Somorrostroko batailak eta 36ko gerrako burdinazko harresia gogoratu ditu. Horiei lotutako aztarna arkeologikoak arriskuan daudela ohartarazi du. «Proiektu metaketa honek guztiak eskualdeko ondarea galtzea ekar dezake», txarretsi du.
Petronorren findegia martxan ipini zuten sasoia ere ekarri du gogora Cobok. 1968an izan zen. «Francoren diktadurak hartutako erabakia izan zen. Ez zegoen berme demokratikorik. Herritarrek ezin zuten erabakietan parte hartu. Ez ziren egiten gaur egungo legediak eskatzen dituen ingurumen azterketak eta proiektuen ondorioei buruzkoak», azaldu du orduko egoera. Coboren esanetan, gaur egungo abantarrek gura dutena da orduan findegia inposatu izana ez dadila izan «behin betiko kondena»: «Gure arbasoek eraldaketa industrial hura onartu behar izateak ezin du ekarri haien oinordekoek Meatzaldearen etorkizuna erabakitzeko eskubidea galtzea».