Bero egin du Gernika-Lumoko urriko lehen asteleheneko azokan, oro har azken hilabeteetan egin duen legez. Asteburuko euria ahaztuta, eguna eguzkitsua izan da, aurtengo udako gehienak izan diren bezala. Ganaduzaleek horren ondorioa izan dute berbagai: sikatea. «Urte zaila izaten ari da, oso gogorra. Abeltzainak aparteko esfortzua egiten ari dira animaliak hazteko, eta hemen argi ikus daiteke lan horren emaitza», adierazi du Koldo Bilbao Bizkaiko Ganadu Piriniotarraren Hazleen Elkarteko koordinatzaileak. Haren esanetan, abelburuak «beti bezain ederrak» dituztela joan dira lehiaketara.
Ikusi gehiago
Ia ohitura bihurtu da Iurretako Jon Koldo Bikandiren ustiategiak lortzea behi eta zezen piriniotarren txapelketako sari nagusiak, eta 39. aldia ere ez da salbuespena izan: ganadutegi onenari, behi heldu onenari eta zekor onenari dagozkionak eskuratu ditu. Hego Euskal Herriko 11 ustiategitako 103 buruk hartu dute parte. Aurten, gainera, 21 urteko semea batu zaio negozioaren arduretara Bikandiri, aitaren izen berekoa. Animaliak orrazten ibili da semea goizean, lehiaketa aurreko desfilera atera aurretik.
Gazteak kontatu duenez, udaberrian eroaten dute ganadua larreetara, eta oraintsu arte edukitzen dituzte han. «Normalean jatekoa izaten dute, eta sasoi honetan hasten gara jatekoa ematen, baina aurten hilabete bi aurreratu behar izan gara». Gainera, normalean bostehun belar bola egiten badituzte ere, aurten 350 egin dituzte, sikateagatik. Kezkatuta dago Bikandi semea, laster bukatuko zaizkielako. Txilarretara ere ohi baino bizpahiru bider gehiagotan joan dira. Dena ari da garestitzen, eta abeltzainen kontsumoa handitzen ari da.

Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak iragarri zituen joan den zapatuan, eta Bizkaiko Foru Aldundia laguntza horiek aztertzen ari da «ahalik eta lasterren» prest izateko, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza diputatuak azaldu duenez. Baina klima aldaketaren ondorioak ez dira urte bateko kontua, eta datozen urteetan sikateei aurre egiteko neurriak hartu beharko dituzte. Diputazioak egiturazko diru laguntzak sortzeko asmoa du. Atutxak adibide batzuk eman ditu: mendietan ura edateko lekuak jartzen lagundu edo ikertu nola lortu ura hobeto gordeko duten belardi erresilienteagoak. Foru aldundia sektorearekin batera ari da aztertzen zer eta zelan egin daitekeen. Bilbaok aitortu du ez duela askorik pentsatu; bat-batean bururatu zaiona bota du: larretan belarra berriz ereiten laguntzea.
Orain lehentasuna oraingoari aurre egitea dute: fakturak ordaindu. Bilbaoren ustez, erakundeek onartutako laguntza zuzenak ez dira «konponbidea» izango, baina abeltzainei lagunduko die ezohiko gastuei aurre egiten. Eta ez dira gutxi. Azpimarratu du ez direla soilik eguraldiak eragindakoak: mundu zabaleko gatazkek eta ezegonkortasunak ongarriak eta erregaiak «izugarri» garestitu dizkiete.
Lekukoa hartzen
Hala ere, baikorrak dira, eta etorkizuna ikusten diote abeltzaintzari. Bikandi gaztearen ustez, «ez dago lan hoberik». Betidanik ezagutu du ofizioa, etxean ikasi baitu. «Gehien gustatzen zaidana da. Gustura bazaude, ez da lanbide gogorra. Badakizu beti ganadua jagoten ibili beharko duzula, baina gurasoak ere horrela ibiltzen dira umeekin». Hala ere, ulertzen du abeltzaintza bizi eta ezagutu ez duten gazteei sektore gogorra iruditzea, eta ez daki zer egin daitekeen jendea sektorera erakartzeko. Dena den, hazleen elkarteko koordinatzaileak nabarmendu du gazte asko dagoela behi piriniotarrak hazten dituzten abeltzainen artean. «Lehiaketa hau da horren erakusle».
Julia Jorge arrasatearrak ere oraintsu eman dio lekukoa semeari. Biak egon dira Gernikan. Amaren ustez, arazoa «bizitza ulertzeko modua» da: «Ez dut uste orain lehen baino zailagoa denik abeltzain izatea. Kontrara: guk hasieran izan ez genuen teknologia daukate orain; eskuz oso lan gutxi egin behar dute, eta horrek asko errazten du beharra». Iruditzen zaio baserritarren seme-alaba gehienek «denborapasa» moduan hartzen dutela baserriko beharra, lanetik irteten ostean ekin ohi diotela.
Bilbaoren ustez, sektoreak errentagarri izan behar du berriro ere, gazteentzako aukera erakargarria izateko. «Azken urteetan arazo asko sortu zaizkie: globalizazioa, COVID-19aren pandemia, dermatosi nodularra, klima aldaketa, prezioen gorakada… Horrek okela garestitzea dakar ezinbestean, eta kontsumitzaileak ez daude ohituta orain okelak duen kostua ordaintzera. Denon konpromisoa behar da».