Etxebarriko Udalak nabarmendu du asteburuko istiluek ez zutela arrazoi politikorik

Elkarretaratzera deitu dute biharko, indarkeriarik gabeko jaien alde egiteko.

Ertzaintza Algortan, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ertzaintza Algortan, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 15a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehun lagun inguruk udaltzainen eta ertzainen aurka jo zuten domeka goizaldean Etxebarrin, gazte bi atxilotzen ari zirenean. Udalak erasoa gaitzetsi du. «Ez dugu ulergarria ikusten gure segurtasunaren alde lan egiten duten profesionalek euren kontrako eraso bat jasan behar izatea», adierazi du Iker Lopez alkateak. Ukatu egin du istiluek «motibazio politikoa» izan zutenik: «Azken bolada honetan, askotan irakurtzen eta ikusten ari gara nola euskal Poliziaren egituraren inguruan eztabaida sortu den alderdi politikoen artean. Horregatik argitu nahi dut: atzoko gertakariak norbanakoen arteko istiluen ondorio izan ziren». Atxilotuak aske geratu ziren, eta orain zain daude epailearen aurrera noiz deituko dituzten. 

Udalak «babes osoa» agertu die zauritutako hiru poliziei, eta «ahal eta lasterren sendatzea» opatu die. Bakarra eroan behar izan zuten ospitalera: kristalezko botila batekin buruan kolpatu zuten ertzain bat. Lopezen esanetan, istiluek «ez dute islatzen» Etxebarriko herritarrek poliziarekiko duten «sentimendua», eta nabarmendu du Ertzaintza eta Udaltzaingoa «ongi etorriak» direla Etxebarrin. «Istilu hauek ez datoz bat defendatzen ditugun herriarekin eta jai ereduarekin. Ez dute Etxebarri ordezkatzen, ezta ospakizunetan errespetuz eta arduraz parte hartu duten gehienak ere».

Kukullaga auzoa San Antonio jaiak ospatzen ibili da azken hamar egunetan, eta alkateak, oro har, balorazio ona egin du. Hala ere, poliziekin izandako istilua ez da arazo bakarra izan. Lehen asteburuan sexu eraso bat salatu zuen andre batek. Eraso horren aurkako gaitzespena ere berretsi du alkateak. «Gure laguntza, elkartasuna eta hurbiltasuna helarazi nahi dizkiogu biktimari eta haren ingurukoei. Eraso matxistek ez dute lekurik ez gure jaietan, ez gure gizartean», ohartarazi du Lopezek. «Emakumeen askatasunaren eta duintasunaren urraketa onartezinak dira». 

Alkateak nabarmendu duenez, Etxebarrin «inolako indarkeriarik gabeko jaiak» gura dituzte. Horregatik, herritarrak elkarretaratzera deitu dituzte biharko. 19:00etan dute hitzordua, Zintururi plazan, Indarkeriarik gabeko jaien alde lelopean.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE