Etxebizitza, eta gehiago

Egun jardunean dauden Bizkaiko udal gobernuak duela bi urte osatu ziren. Alkate batzuek agintaldi erdiko balantzea egin dute.

Etxebizitza agentzia bateko erakusleihoa, Bilbon, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Etxebizitza agentzia bateko erakusleihoa, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainaren 17an urte bi beteko dira alkateek kargua hartu zutenetik. Badituzte arazo komunak; esaterako, etxebizitza falta eta alokairu garestiak. Baina udal bakoitzak tokian tokiko erronkei ere erantzun behar izan die. Lehen agintaldia duten herrialdeko lau alkaterekin egin du berba Bizkaiko Hitza-k, agintaldi erdiko balantzea eskatzeko.

Alaitz Erkoreka (EAJ) | Mungiako alkatea.

«Mungiarren ahotsa gehiago entzun da»

Alaitz Erkoreka, Mugiako alkatea (EAJ). BIZKAIKO HITZA
Alaitz Erkoreka, Mungiako alkatea (EAJ). BIZKAIKO HITZA

Martitzenean urte bi beteko ditu Alaitz Erkorekak (EAJ) Mungiako alkate karguan, baina lehendik ere ondo ezagutzen zuen udaleko beharra, aurreko agintaldian alkateorde izan zen eta. Erkorekak dioenez, alkate makilaz jabetu zenean herritarrekin elkarlanean aritzea ezarri zuen lehentasun, eta iruditzen zaio hasi direla ikusten elkarlan horren emaitzak. «Nabarmentzekoa da herriaren kohesio soziala sendotzeko egindako lana. Gizarte politiken arloan aurrerapen garrantzitsuak egin ditugu, bai adinekoen gura ez den bakardade programetan, bai gazteentzako aukeretan». Era berean, parte hartze prozesuak indartu dituztela esan du: «Mungiako herritarren ahotsa gehiago entzun da».

Aste hau berezia izan da Erkorekarentzat, Alkartasuna eraikina inauguratu dute eta. Han bildu dituzte gizarte zerbitzuak eta Udaltzaingoa. «Benetako aurrerapena da zerbitzu publikoak emateko dugun moduan: eskuragarriagoak eta gizatiarragoak dira, eta pertsonengandik hurbilago daude».

«Alkartasuna eraikina aurrerapena da zerbitzu publikoak emateko moduan: eskuragarriagoak dira»

Mungian dagoen Monte Berriaga urbanizazioa eta udala gatazkan ibili dira urte luzez, epaitegietan ere bai, inguru hartako urbanizazioaz eta mantenuaz zeinek arduratu behar duen. Iaz akordioa egin zuten. «Elkarrizketa eta lankidetza funtsezkoak izan dira, eta uste dut adibide ona dela nola gai konplexuak bidera daitezkeen era eraikitzailean. Orain Mungiako beste auzo bat da».

Agintaldiaren beste erdiari begira, bi ardatz izango dituztela esan du Erkorekak: trantsizio ekologikoa eta gizarte kohesioa. Kontatu duenez, dagoeneko proiektu garrantzitsuak dituzte martxan: besteak beste, herrian mugikortasun iraunkorra eta irisgarritasuna hobetzeko planak, etxebizitza politiketan aurrera egiteko estrategiak eta gazteen emantzipaziorako baliabide gehiago aipatu ditu. 

Mungiako alkateak auzoak erdigunera hurbiltzeko lan egingo dutela iragarri du, «Cittaslow herri gisa modernizatzeari begira, sustraiak, ohiturak eta hizkuntza ahaztu gabe». «Mungia gero eta bizi kalitate handiagoko herria izatea da helburua».

Sorne Rubio (EH Bildu) | Mundakako alkatea.

«Mundaka etxebizitza turistikoz beteta dago»

Sorne Rubio, Mundakako alkatea (EH Bildu). BIZKAIKO HITZA
Sorne Rubio, Mundakako alkatea (EH Bildu). BIZKAIKO HITZA

Boto gehien lortutakoen artean bigarrena izan zen EH Bildu 2023ko udal hauteskundeetan Mundakan, eta Herritar Alternatiba talde independentearekin gobernu akordioa osatuta lortu zuen alkatetza Sorne Rubio EH Bilduren hautagaiak (Elantxobe, 1971). Maiatzean hautsi egin zen udal gobernua, HA Herritar Alternatibak hala erabakita. Asier Bilbao Mundakako alkate ohi eta taldearen bozeramaileak esan zuen EH Bilduren «jarrera ez-demokratikoagatik» hartu zutela erabakia. «Politika eta kudeaketa ezberdin ulertzen ditugu; guretzat herria dago alderdiaren aurretik», esan du Rubiok. Hala ere, uste du agintaldi erdiko balantzea «ona» dela, eta aurrera begira negoziatzen jarraitzeko prest agertu da, bozketetarako oposizioko alderdien babesa lortzeko.

«Mundakak duen arazo nagusietakoa etxebizitza da», adierazi du Rubiok. Eusko Jaurlaritzarekin batu dira, eta lortu dute alokairu sozialeko 24 etxe egitea herrian. Plan estrategiko bat ipini du martxan udalak. Orain, egoera aztertzen ari dira zenbat etxe huts dauden jakiteko, legez kanpoko zenbat alokairu dauden jakiteko eta halakoetarako. Etxebizitza turistikoen baimenak etetea adostu dute Jaurlaritzarekin, udalak HAPO berria onartu arte behintzat. «Mundaka etxebizitza turistikoz beteta dago; 89-edo egon dira». 

«Politika eta kudeaketa ezberdin ulertzen ditugu EH Bilduk eta Herritar Alternatibak; guretzat herria dago aurretik»

Mundakak leku falta dauka, eta, udan, jendea joaten zaienean, gehiago nabaritzen dute. Aparkatzeko arazoak izaten dituzte, berbarako. Araudi berri bat onartu dute: gune urdinean erroldatutakoek baino ezingo dute aparkatu, eta udan ez da Mundakakoa ez den autorik sartuko herrigunera. Bigarren etxebizitza Mundakan dutenek ere gune urdinean aparkatzea gura zuen HAk, baina, alkatearen esanetan, ez dago denentzako lekurik. 

Haur eskola lekuz aldatu dute, eta hil bukaeran zabalduko dute eraikin berria. Osasun zentro berria azarorako egongo da prest. Hondakinen kudeaketarako lizitazio berria udan onartuko dute, udazkenean martxan jartzeko. «Esku artean izan dudan buruko minik handienetakoa izan da zaborrena».

Maria Jose Blanco (PSE-EE) | Portugaleteko alkatea.

«Bidatzenea erreferente bat da emakumeentzat»

Maria Jose Blanco, Portugaleteko alkatea (PSE-EE). BIZKAIKO HITZA
Maria Jose Blanco, Portugaleteko alkatea (PSE-EE). BIZKAIKO HITZA

Agintaldiaren erdia bete den arren, Maria Jose Blanco PSE-EEko kideak (Portugalete, 1965) oraindik ez du urte bat bete Portugaleteko alkate lanetan: Iaz Eusko Jaurlaritzara joateko Mikel Torresek alkatetza utzi zuenean egin zen karguaren jabe Blanco. Hala ere, agintaldiaren hasieratik dago udal gobernuan, eta aurretik ere hamahiru urtez izan da zinegotzi. Dena den, aitortu du Torresen lekukoa hartzea «erronka handia» izan zela, «erreferente bat» izan delako Portugaleten. Hamasei urtez izan da hiribilduko alkate Torres.

Agintaldiko lehen erdian egindakoen artean, Blancok Bidatzenea azpimarratu du. Portugaleteko andreen etxea da. «Luzaroan ibili gara proiektua modu parte-hartzailean lantzen. Emakumeentzat erreferente bat bihurtu da, eta jardun handia dauka», adierazi du.

Hirigintza arloko obrei dagokienez, Castaños jeneralaren etorbideko goiko aldearen urbanizazioa, Urdibai plazara igotzeko igogailu berria eta komun publiko berriak nabarmendu ditu. Bereziki adinekoei begira egindako lanak dira azken biak. «Portugaleteko biztanleria Bizkaiko zaharkituenetakoa da, eta erreferente bihurtu gara adinekoei ematen diegun arretagatik», esan du Blancok.

«Biztanleria Bizkaiko zaharkituenetakoa da, eta erreferente bihurtu gara adinekoen arretagatik»

Hiribildua eskualdean erreferentzia izan da merkataritza arloan ere. Baina, azkenaldian, gainontzeko herrietan bezala, «larri» dabil sektorea, «paradigma aldaketagatik». Bereziki alde zaharrean nabaritzen dute krisialdia, eta udalak zenbait plan jarri ditu martxan dendak eta tabernak ez zarratzeko eta berriak zabaltzeko. 

Portugaleten 45.000 herritar baino gehiago bizi dira hiru kilometro koadrotan. «Dentsitate handia dugu, eta etxebizitza beti izan da arazoa». Udalak pizgarri fiskalak ipini ditu abian alokairua sustatzeko. Orain, diagnosia egiten ari dira, eta horren arabera erabakiko dituzte aurrerantzean hartu beharreko neurriak. Besteak beste, tentsio handiko eremu izendapena eskatuko duten ere erabaki beharko dute. Orain, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko proiektua dute esku artean.

Unai Diago (Zalla Bai) | Zallako alkatea.

«Beste administrazioekin elkarlanean ibili gara»

Unai Diago, Zallako alkatea (Zalla Bai). BIZKAIKO HITZA
Unai Diago, Zallako alkatea (Zalla Bai). BIZKAIKO HITZA

Duela bi urteko udal bozetan berriro itzuli zen Zalla Bai Zallako udal gobernura, EH Bilduko zinegotziaren babesari esker. Oraingoan, Unai Diagok (Zalla, 1975) hartu du alkate makila talde independentearen izenean. Aurretik zinegotzi lanetan ibilitakoa da, eta ondo ezagutzen du udala. Agintaldi erdiaren balantzea egiterakoan, elkarlana nabarmendu du: «Goragoko administrazioekin lanean ibili gara Zallako arazoak konpontzen». Uraren agentziarekin uriolak saihesteko obrak egiten dabiltza, eta Adifekin tren pasabideak kentzen. Urarekin eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin negoziatzen dabiltza Euskadi plazan institutu berri bat eraikitzeko, oraingo eraikinetik gertu, baina ibaitik aldenduta. «Aztertu egin behar da posible den».

Osakidetzak Erabakimen Handiko Zentroa inauguratu zuen iazko urrian, Enkarterri osoari zerbitzua emateko. «Urte askoan eskatu dugu hori eskualdean. Osakidetzak dituen egiturazko arazoak ditu zentro honek ere, baina gainontzean oso ondo dabil. Aspaldiko ametsa bete da».

«Eskualde osoko enpresen herenak Zallan daude. Baina ez da ezer, beste eskualdeekin konparatuz gero»

Diputazioak Elkartegia inauguratu zuen maiatzean Zallan. «Enplegu eta industria beharra dugu. Eskualde osoko enpresen herenak Zallan daude. Baina hori ez da ezer; beste eskualdeekin konparatuz, oso gutxi da», esan du alkateak. 

Udalak egindakoari dagokionez, eskolan ipinitako estalkia eta zubi berria aipatu ditu. Haur eskola berri bat sortzeko proiektua ere esku artean du udalak. HAPO berriaren aurrerapena onartu dute, eta espero dute datorren urtean behin betiko onartuko dutela. 

Auzotaxia ere ipini dute martxan; batez ere, adinekoentzat. Horrez gain, nagusien bakardadeari aurre egiteko proiektuak ere badituzte; esaterako, Jaitsi Kalera programa, igogailurik ez duten eraikinetan bizi direnei laguntzeko.

Etxebizitzaren arazoa ez zaie arrotza Zallan, beste herri batzuetan baino «hobeto» dauden arren, Diagoren esanetan. Azken urteetan ez da eraiki herrian, eta nabaritzen dute. Lonjak etxebizitza bihurtzeko laguntzak ematen ditu udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.