Bilbora, ospitalera edo unibertsitatera artez joango diren autobus gehiago ipini, eskualde barruan ibiliko diren lineak egokitu edo birmoldatu, gauez zerbitzua eskaini… Gaur bukatuko da Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus berrantolatzeko ondu duen aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta tokian tokiko errealitatera egokituta, horrelakoak dira erakundeak, eragileak eta norbanakoak egiten dabiltzan zuzenketak. Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuaren esanetan, hurrengo hamarkadako zerbitzua definitzen ari dira, beraz, bizkaitarrentzat berebizikoa da beren beharrei erantzungo dien eredu bat sortzea. Ondo bidean, 2029an sartuko da indarrean. Jarraian, alegazioetan jasotakoen aukeraketa bat.
1
Mungialdea
Leku batzuetan, Bizkaibus da eskura duten garraio publiko bakarra. Beraz, asko dute jokoan. Mungialdea da eskualde horietako bat. Ia 20.000 biztanle ditu Mungiak; tamaina horretako herri bakarra da trenik ez duena. «Bizkaibusek hori kontuan hartu beharko luke. Trenaren zerbitzua eskaini beharko luke», esan du Mungia Mugituz plataformak. Oraintsu sortu zuen erabiltzaile talde batek, zerbitzu hobe baten alde borroka egiteko. «Ideologia askotako jendeak» osatuta dago, eta kideek anonimotasunean egiten dute lan. Haien eskaera nagusiak herriaren eta hiriburuaren arteko loturarekin du zerikusia: «eskasa» iruditzen zaie.
Ikusi gehiago
Astegunetan eta zapatuetan, hamabost minutuan behin har daiteke Bilborako autobusa, autobidetik doana, baina lautik bakarra irteten da Mungiatik, beste hirurak Bakiotik edo Bermeotik datozenak dira; bada, plataformak salatu duenez, batez ere Bermeokoak ordu batzuetan «nahiko beteta» ailegatzen dira Mungiara. Beraz, bidaiari askok zutik egin behar izaten dute Bilbora arteko bidea, eta beste batzuek ezin izaten dute autobusera igo, eta hurrengoaren zain geratu behar dute. Beste horrenbeste gertatzen da Bilbotik etxera itzuli behar dutenean ere. Ordu jakin batzuetan errefortzurako autobusak ipini ditu Bizkaibusek, baina plataformak uste du ez direla nahikoa. «Ez dute hobekuntza bat bera ere egin linea horretan. Lehen dagoen bezala uztea da asmoa». Gogoratu dute hainbat etxebizitza eraikitzen ari direla herrian, eta urte gutxian beste 1.000 edo 2.000 biztanle irabaziko dituela.
Ikusi gehiago
Arazoa larriagoa izaten da Bilbon ekitaldi bereziak daudenean. Esaterako, plataforma sortu berritan, Korrika hiriburuan bukatu zen. Domeka zen, eta jai egunetan autobus gutxiago izaten dira. Mungiako eta eskualdeko herritar asko euskararen aldeko lasterketaren azken kilometroetara joan ezinik geratu ziren geltokietan, autobusetan ez zegoelako jende gehiagorentzako lekurik. Gauez, bariku eta zapatuetan hiru autobus izaten dituzte. Zerbitzu hori ere gutxi iruditzen zaie gazteek eta ez hain gazteek haien aisialdiaz gozatu ahal izateko.
2
Lea-Artibai
Gaueko zerbitzua eskatu dute Lea-Artibain ere; han ez dabil autobusik gauetan. Trenik ez duen Bizkaiko beste eskualdea da, gainera. Udal gobernu gehienak EH Bilduren esku daude han, eta batu egin dira elkarrekin alegazioak aurkezteko. «Autobusa ezinbesteko tresna da eskualdeko herrien arteko gizarte kohesioa eta ekonomikoa bermatzeko», esan du Markina-Xemeingo alkate Iratxe Lasak. Bilborako lotura da han ere eskakizun nagusietako bat: Lekeitio eta Ondarroa hiriburuarekin lotuko dituen zuzeneko autobus gehiago gura dituzte, asteburuetan ere bai, bidean makina bat lekutan geratu barik. Izan ere, horrek asko luzatzen du bidaiaren iraupena, eta, Lasaren esanetan, horregatik herritar askok autoa erabiltzen du autobusa hartu ordez. Are okerragoa da Leioako campusera doazen ikasleen egoera: «Gaur egun lau autobus hartu behar dituzte etxetik unibertsitatera joateko», salatu du. «Beste eskualdeetakoek dituzten aukera berak» eskatu ditu Lea-Artibaiko gazteentzat.
ELA-k eta LAB-ek kudeaketa publikoa exijitu dute
Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen duen zerbitzu publikoa da Bizkaibus, baina eskualdeka banatuta dago, eta tokian toki garraio enpresa bati esleitzen dio haren kudeaketa. ELA eta LAB sindikatuek kudeaketa publikoa aldarrikatu dute historikoki, eta alegazioak aurkeztean ere hori exijitu diote diputazioari. «Horrek aukera emango luke enplegurako sarbidea modu orokorrean eta baldintza berdinetan bermatzeko, euskararen erabilera sustatzeko eta, azken finean, gizarteari ematen zaion zerbitzua irabazi eta kostu ekonomikoen gainetik lehenesteko», esan du ELAk.
Sindikatuok arduratuta agertu dira, ez baitakite diputazioaren aurreproiektuak zer ondorio izango dituen lan baldintzetan. LABek uste du aspaldiko arazoak «kronifikatu» egingo direla: ibilbide denbora ez errealistak ―gidarien estresa areagotzen dutenak―, azpikontratazioak ugaritzea eta egiturazko enplegua suntsitzea aipatu ditu. ELAk gura du kontratazio berrietarako lan poltsak modu argian arautzea eta subrogazioa bermatzea, esleipenetan enpresak aldatuko balira edo lineak desagertuko balira ere. LABek ohartarazi du aurreproiektuan jasotako aurrekontu igoera ez dela nahikoa sortuko diren zerbitzu berriei erantzuteko. %50 gehiago handitzeko eskatu du, 570 langile berri kontratatzeko aukera emango lukeelako. ELAk eskas ikusi du diputazioak intermodalitateari eman gura dion bultzada.
Eskualdekoen erreferentziazko ospitalea Usansolokoa da, eta Bilbora joateko oztopo bera dute hara joateko ere: geraleku gehiegi bidean. «Medikuarenera joatea ez da aukera bat, premia bat da, eta horregatik bidaiak ezin dira izan hain luzeak eta hain deserosoak», ohartarazi du Markina-Xemeingo alkateak.
Eskualde barrurako eskaerak ere egin dituzte. Esaterako, linea berri bat gura dute Aulesti eta Markina-Xemein lotzeko, edo, bestela, A3922 linea Aulestira arte luzatzea. Era berean, A3523 linea Lekeitiotik Ondarroara luzatzea ere eskatu dute, bi herrien arteko lotura hobetzeko; gaur egun, eskualdeko herri nagusi bi horien artean ez dago Bizkaibusik. A3916 lineako azken zerbitzuak Markina-Xemeinen bukatzea ere gura dute, garajera bidean handik pasatzen direlako.
3
Arratia
Trena badabil Arratiatik, Euskotrenek geltokiak baititu Usansolon, Bedian eta Lemoan. Horregatik, bi garraiobideen arteko lotura indartu behar dela adierazi dute bailarako EAJko hautetsiek. Haiek ere elkarrekin aurkeztu dizkiote alegazioak diputazioak ondutako aurreproiektuari, iruditzen zaielako ez diela behar bezala erantzuten eskualdeak dituen mugikortasun erronkei. Lemoako tren geltokia Arratiako mugikortasunaren ardatza izatea eskatu dute. Horretarako, hiru eskaera egin dizkiote Bizkaibusi: Zeanuri, Igorre eta Lemoa arteko maiztasunak handitu, Dimatik konexioak hobetu eta tren geltokira iritsiko diren beste linea batzuk sortu, bidaiariek trenera joateko autobus bat baino gehiago hartu behar ez izateko.
Beste aldaketa batzuk ere proposatu dituzte jeltzaleek. Berbarako, ondo ikusi dute aurreproiektuan orain arte Ugao, Zeberio eta Artea lotzen zituen A3928 linea Igorreraino luzatzea, baina Lemoako tren geltokira irits dadila ere gura dute, eta bidean Areatzatik eta Zeanuritik ere pasatzea. Era berean, A3917 linea Ubideraino heltzea eskatu dute, eta noranzko bietan Galdakao erdigunea zeharkatzea, eskualdeko herritarrek eskuragarriago izan ditzaten zerbitzu publikoak, osasun arlokoak eta merkataritza. EAJko hautetsiek beste linea bat gura dute Zornotzara zuzenean joan ahal izateko, Lemoako Euskotrenen geltokiarekin lotura duela. EHUren Leioako campuserako autobus zuzenak ere eskatu dituzte, Usansolotik eta Zeanuritik, eskualdeko gainerako lineekin koordinatuta.
4
Enkarterri
Diputazioak tokian tokiko erakundeekin berba egin du, eta erabiltzaileek azken urteetan ipinitako kexak ere kontuan hartu ditu aurreproiektua lantzen ibili denean, Sonia Perez Ezkerra Mugikortasun, Garraio eta Turismo diputatuak esan duenez. Enkarterriko Mankomunitateko presidente Martin Perezek kontatu du haiek hainbat bilera izan dituztela saileko ordezkariekin: «Eskualdeko mugikortasuna aztertu genuen, eta inkesta baten bidez herritarren beharrak identifikatu genituen. Gero, beharrezko aldaketen berri eman genion diputazioari».

Presidentearen arabera, eskaera batzuk kontuan hartu dituzte aurreproiektuan. Esaterako, Karrantza eta Balmaseda arteko autobusak ordu birik behin barik orduan behin ibiltzea eskatu zuten, eta hala dago jasota egitura berrian. Galdames eta Gueñes autobusez hobeto lotzeko ere eskatu zuten. «Orain Gueñesek Enkarterrirekin baino lotura gehiago du Ezkerraldearekin». Diputazioak lineetako bat luzatu du Gueñes arte, baina ez zaie nahikoa iruditzen.
Era berean, lortu dute Enkarterri Gurutzetako ospitalearekin eta EHUren Leioako campusarekin lotzen zituen linea bitan banatzea eta autobus batzuk ospitalera joatea eta beste batzuk unibertsitatera. Baina Gurutzetarako autobusek izango dituzten ordutegiak ez zaizkie aproposak iruditzen. Batez ere, asteburuetakoak eskasegiak izango direla ohartarazi du Martinek. Gainera, diputazioaren proposamena ez da nahikoa ospitalean edo unibertsitatean behar egiten duten langileek gauez autobusez itzuli ahal izateko etxera. Era berean, linea berri biotako ordutegiak eskualde barruan ibiliko direnekin koordinatzeko beharra ikusi dute, autobus bat baino gehiago hartu behar dutenei aldaketa errazteko.
Dena den, eskualde gehienetan legez, Bilborekin duten lotura hobetu gura dute Enkarterrin ere. Balmasedatik hiriburura zerbitzua lehenago hastea eskatu dute —6:55ean—, baita beranduago bukatzea ere itzuleran —23:35ean—. Bidaiari gehien egon ohi den orduetan maiztasuna handitzeko eskatu dute, eta asteburu eta jai bezperetan linea horrek gaueko zerbitzua izatea. Eskualde barruko komunikazioari dagokionez, iruditzen zaie landa inguruko herriek diputazioak proposatu duen baino zerbitzu hobea behar dutela. Bereziki, Lanestosan, Karrantzan, Turtziozen eta Artzentalesen. Gainera, eskaeraren arabera funtzionatuko duen Bizkaibus zerbitzua eskatu dute, auzo sakabanatuenei ere zerbitzua emateko. Bizkaiko Batzar Nagusiek ere iaz eskatu zioten diputazioari garraio modu hori eskaintzeko Enkarterrin.