Uribe Kostarako garraio publiko hobea eskatzeko elkarretaratze bat egingo dute eguenean Sopelan

Jauzi Ekosoziala sinadurak biltzen hasi da, hiru eskari lortzeko asmoz: metroaren maiztasuna handitzea, goizean eta gauean ordutegia langileen beharretara egokitzea, eta Bizkaibusen zerbitzua hobetzea.

Ibarbengoako metro geltokiko aparkalekuaren aurkako protesta, 2020an, Getxon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibarbengoako metro geltokiko aparkalekuaren aurkako protesta, 2020an, Getxon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 5a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beharra handitu da, baina ez eskaintza. Jauzi Ekosozialak uste du Uribe Kostako garraio publikoaren eskaintza ez dela aski eskualdearen premiak asetzeko. Azaldu dutenez, azken urteetan hazkunde nabarmena izan du biztanleriak, lehendik martxan zegoen Gorlizko ospitaleari Urdulizkoa batu zaio, eta gero eta gehiago dira beste eskualde batzuetara beharrera doazenak. Alabaina, metroaren eta Bizkaibusen maiztasunak eta ordutegiak ez dira neurri berean egokitu. Horregatik, sinadura bilketa bat abiatu dute hobekuntzak eskatzeko, eta eguen honetarako elkarretaratzera ere deitu dute. Sopelako udaletxe aurrean egingo dute, 19:00etan.

lamiakoko tunelaren obrak esleitu direla salatuko dute gaur

Apirilaren 29an, Bizkaiko Foru Aldundiak Lamiakoko tunelaren lehen bi obra zatiak esleitu zituen. Artaza parkeari dagokiona da lehena: 133 milioiren truke, Ferrovialek gidaturiko enpresa talde batek egingo ditu lanak. Eskumako aldetik tunela zulatzeko ardura, berriz, Nortunel, Geotunel eta Tunelak enpresek osaturiko aldi baterako enpresa taldeak hartu du, 144 milioiren truke. Diputazioak proiektua auzitan dagoela adjudikazioak egin izana txarretsi du Subflubialari Ez plataformak. «Azkenean epaitegiek lanak gelditzen badituzte, diputazioak kalte ordain itzelak ordaindu beharko ditu. Sekulako arduragabekeria da prozedura horrekin aurrera jarraitzea», salatu du. Horregatik, elkarretaratzera deitu du: gaurko ipini du hitzordua, 18:00etan, Bilboko Foru Jauregi aurrean. 

Hiru eskaera zehatz egiten dizkiete erakunde publikoei. Lehenengo, metroaren maiztasuna handitzea gura dute. Eskualdeko udalek babestutako eskaera da, gainera. Urdulizera arteko zatian hobetzeko aukera dagoela nabarmendu du Jauzi Ekosozialak, «inbertsio handirik egin gabe». Handik Plentziarakoa hobetzea ere gura lukete, hala ere. «Bizkaiko Foru Aldundia milaka milioi euro xahutzea planteatzen ari da autobideetan. Beraz, irrigarria da Plentziaraino beste bide bat eraikitzea garestia dela esatea».

Ordutegiak langileen beharretara egokitzea ere eskatu dute, lehen edo azken orduan lana hasten edo amaitzen dutenei garraioa errazteko. «Zerbitzu publikoek langile klasearen beharrei erantzun behar diete», adierazi dute. Hain zuzen ere, Gorlizko ospitaleko beharginek arazoak dituzte metroa hartzeko, COVID-19aren pandemia dela eta ordutegia murriztu zutelako eta ondoren ez zutelako lehengoratu. Laneguna 22:00etan bukatzen dutenek ezinezkoa dute Plentzian eguneko azken metroa hartzea (22:18), Gorliz eta Plentzia arteko Bizkaibus linea ez delako garaiz ailegatzen metro geltokira. Ondorioz, beharrera autoz joan beste irtenbiderik ez dute.

Azkenik, Bizkaibusen eskaintza auzitan ipini dute. Eskualdea lotzen duten linea bi baino ez dituzte, eta maiztasunak «txikiak» dira. «Herri eta auzo osoak ia inkomunikatuta» daudela salatu dute. Joan den astean, Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatua Batzar Nagusietan izan zen, Bizkaibus berritzeko aurreproiektua aurkeztera joanda. Jauzi Ekosozialekoek aztertu dute, eta, diotenez, «ia ez du aldaketarik jasotzen gaur egungo eskaintzarekin alderatuta». Talde ekologistak maiztasunak handitzeko beharraz ohartarazi du. Gainera, anezka zerbitzua eskatu du metroa heltzen ez den herrietarako, herritarrak metro geltokietara autobusez joan ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA