«Laster» hasiko dira lanean Gatikan, interkonexio elektrikoaren lanak etenda dauden lekuetan

Red Electrica Españolak isuri gehiago eragozteko hartutako neurriak aztertzen ari da Uraren Euskal Agentzia, baimena emateko. Esan dute aurreko isurietan ez dela ingurumen kalterik eragin, «lehen zantzuen arabera».

Bentonita isuria eteteko obrako langileek ipinitako zakuak, Gatikan, iazko abuztuaren 30ean. INTERKONEXIO ELEKTRIKORIK EZ
Bentonita isuria eteteko obrako langileek ipinitako zakuak, Gatikan, iazko abuztuaren 30ean. INTERKONEXIO ELEKTRIKORIK EZ
Ibai Maruri Bilbao.
Gatika
2026ko maiatzaren 27a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lehen zantzuen arabera», iazko udatik otsailera Frantziarekiko interkonexio elektrikoaren obretan egon diren bentonita isuriek «ez dute ingurumen kalterik eragin», Asier Lopez Uraren Euskal Agentziako zuzendariaren arabera. Otsailetik hona, lanak etenda egon dira zulaketa gidatuak egin behar diren lekuetan, halakoetan erabiltzen delako bentonita. Ordutik obraren ardura duenak, REE Red Electrica Españolak, «hobeto» aztertu ditu inguruko lurpeak, halako isuriak zer ihesbidetatik gerta daitezkeen identifikatzeko, eta segurtasun neurri gehiago hartuko ditu hurrengo zundaketetan. Besteak beste, laginketa guneak ezarri dituzte, bentonita ihesik badago berehala jakiteko nondik nora dabilen. Azterlanaren emaitzak eta neurriak jasotzen dituen txostena Uraren Agentziari eman dio, eta orain teknikariak aztertzen ari dira, baina, Lopezen esanetan, espero dute «laster» hasi ahal izango direla lanean. «Izan daiteke astebete edo lau aste, baina ez da asko luzatuko».

Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Okzitania) lotuko dituen interkonexio elektrikoak laurehun kilometro inguru ditu, horietatik hirurehun bat itsaspean. Bizkaian, Lemoizko zentralaren inguruan lehorreratuko da kablea, eta hamahiru kilometro egingo ditu Gatikako azpiestazio elektrikoraino. Ibilbide horren tarterik gehienean, zangak zabaltzen dabiltza kablea sartzeko. Baina, leku batzuetan, zulaketa gidatua delako teknika erabiltzen ari dira, ibaien azpitik pasatzeko eta errepideetan eta ingurumen aldetik babestu beharreko lekuetan zangarik zabaldu behar ez izateko. Zulatzeko makinari bide egiteko «baselina moduan» erabiltzen den buztin natural bat da bentonita. REEko ordezkari Antonio Gonzalezek azaldu duenez, zuloan sartzen duten bentonita guztia orduantxe bertan xurgatzen dute, eta berreskuratu dutena erabilitakoa baino gutxiago denean ohartzen dira isuria egon dela, lurpeko zuloren batetik eskapatu zaiela.

Gonzalezek esan du hiru bider gertatu zaiela, azkenekoz otsailaren 7an. «Inguruan uholdeak izan ziren, eta gehiegizko ur horrek eragin zuen bentonita zabaltzea», azaldu du enpresaren ordezkariak. Neguan eta udaberrian euri asko egin duela gogoratu du, eta horrek lanak zaildu dizkietela, baina hemendik aurrera eguraldi lehorragoak erraztuko dizkien esperantza du. 2024ko urrian hasi ziren lanean Gatika inguruan. Lan horien gaineko kezkak bultzatuta, inguruko boluntario talde bat haiek aztertzen hasi zen. Haiek izan ziren lehen isurien berri eman zutenak iazko udan: uztail eta abuztu artean hiru isuri baino gehiago izan zirela salatu zuten.

Asier Lopez Uraren Euskal Agentziako zuzendaria eta Antonio Gonzalez Red Electrica Españolako ordezkaria, gaur, Gatikan. BERRIA
Asier Lopez Uraren Euskal Agentziako zuzendaria eta Antonio Gonzalez Red Electrica Españolako ordezkaria, gaur, Gatikan. BERRIA

Uraren Agentziako zuzendariaren esanetan, ezinezkoa da isuriak saihestea, baina espero du REEk hartuko dituen neurriekin gutxiago izango direla eta ihes egindako bentonita hori ez dela uretara ailegatuko. Boluntarioek salatutako isurietan, Butroe ibaira eta hara ura isurtzen duten erreka txikiagoetara heldu zen. Gonzalezek esan du isurietako batean teknikariak ere harritu egin zirela bentonita ibaira iritsi zelako, lanean ari ziren lekua handik kilometro batera zegoelako. Uraren Agentziako zuzendariak azaldu duenez, inguruko lurpean ukabil baten tamainako hodi naturalak daude, eta horien bidez eskapatzen da bentonita. Ezinezkoa da non dauden jakitea, baina, obrak geldi daudenetik egin dituzten azterketa geologikoei esker, REEk «lehen baino hobeto» ezagutzen du lurpea.

Zulaketa gidatuaren teknika Gatika eta Cubnezais arteko trazaduraren %0,3an baino ez dute erabiliko, eta tarte horietan baino ez daude lotuta lanak. Gainontzeko kilometroetan beharrean segitu dute, eta, Gonzalezen arabera, horri esker epeetan ez da aldaketarik egongo: 2027an bukatuko dituzte lanak, eta 2028an martxan hasiko da interkonexio elektrikoa. Bizkaian, Gatika eta Lemoiz arteko hamahiru kilometroen erdiak inguru zulatu dituzte zangak eginda. Horien kontrola foru aldundiko ingurumen teknikariek egiten dute. Zundaketa gidatuari dagokionez, zazpi zona daude, zenbakiekin izendatuta. Hiru bukatuta dauzkate, eta lau falta dira —Butroe ibaia zeharkatuko duena eta obrak eten zirenean dagoeneko martxan zeudenak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA