Datorren astean 50 urte beteko dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. Urteurren borobil hori ospatzeko, saharar herriari babesa erakusteko eta ahaztutako gatazka horri ikusgarritasuna emateko, Bilboko Euskalduna jauregiko entzunareto nagusia haima handi bat bihurtuko dute otsailaren 28an. Euskal Fondoak eta SEADen Lagunen Arabako Elkarteak Saharari Kantari jaialdia antolatu dute. Euskaldunak, sahararrak eta palestinarrak: dozena bat artistatik gora elkartuko dira oholtzan. Musikaz gain, antzerkia, dantza eta bertsoak izango dira. Sarrerak eskura daude Euskaldunako web orrian.
Aziza Brahim abeslari sahararra izango da gonbidatu berezietako bat. 2017an jo zuen azkenekoz Euskal Herrian. Oraingo honetan, hainbat abesti bakarka abestuko ditu, baina euskal abeslariekin ere arituko da. Esaterako, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abesti ezaguna Mikel Urdangarinekin eta Oreka TX taldearekin batera kantatuko du. 2017an, Eñaut Elorrietarekin Desio bat dut abestia grabatu zuen Brahimek, eta jaialdian lehen aldiz abestuko dute elkarrekin jendaurrean.
Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan jaiotako artistak nabarmendu duenez, kontzertua «errepikaezina» izango da. Horregatik, ahal duten guztiak Euskaldunara joatera gonbidatu ditu. «Saharar herriak 50 urte daramatza borrokan, zatitua, batzuk okupaziopean bizi direla eta beste asko erbestean. Herrien askatasuna aldarrikatzeko parada izango da, saharar herriaren askatasuna aldarrikatzekoa», adierazi du.
Suilma Aali izango da kontzertuan arituko den beste artista sahararra; bere aitaren lurrari eskainitako abesti bat kantatuko du. Gainera, Haizea harrien kontra kanta ere abestuko du Itziar Ituñorekin eta Olaia Inziarterekin batera. Iñigo Asensiok Ianire Aranzaberekin batera —Esanezin taldeko abeslaria— kantatuko du. Iker Laurobak, Fariba Sheikhanek, Esti Markezek eta Postal Kolekzionistak taldeak ere abestiak eskainiko dizkiote Mendebaldeko Saharari. Kontzerturako musika banda bat sortu da, Antxon Sarasuak, Dani Venegasek, Joanes Ederrak, Mikel Fagoagak eta Xabier Zeberiok osatua. Bestelako diziplina batzuentzako lekua ere gorde dute. Adibidez, Sua Enparantza eta Izaro Urrestarazu dantzariek eta Jon Maia bertsolariak sorpresaren bat emango dute.
Keinua Palestinari
Kontzertua Euskal Fondoak eta Saharako Lagunen Arabako Elkarteak antolatu dute, Bilboko Udalaren eta eLankidetzaren babesarekin. Antolatzaileen esanetan, Saharari Kantari jaialdia «justiziaren eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako bi herri eta bi kulturen arteko topaleku» izango da. Konpromisoa, herrien arteko elkartasuna eta aldarrikapena dira proiektuaren ardatzak, eta Mendebaldeko Saharaz harago ere begiratu gura izan dute. Palestinar herriari keinu egin, eta Gazako artista bi gonbidatu dituzte Bilbora: Ahmed eta Nur.
Euskaldunako jaialdia ez da hutsetik sortu. Saharari Kantari proiektu kulturala egokituz eta ikusgarritasuna irabaziz joan da. 2013an du abiapuntua. SEADen Lagunen Arabako Elkarteak Saharari Kantari musika lehiaketa bultzatu zuen hiru urtez. Helburua zen musikaren bidez gatazka honen errealitatea euskal gazteei hurbiltzea. Horretarako, euskal artistek saharar herriaren aldeko kanta bat sortzeko konpromisoa hartu behar zuten. Kantu sorta zabala sortu zuten, eta hiru diskotan bildu zituzten. Duela hiru urte, hamabi kantuz osatutako Saharari Kantari diskoa grabatu zuten, Euskal Fondoak, BERRIAk, Elkar argitaletxeak eta Bakunek lagunduta. Donostiako Kursaaleko entzunaretoan egindako kontzertu batean aurkeztu zuten. Oraingoan, Bizkaitik abestuko diote Mendebaldeko Saharari.