Tren gehiago bai, baina ez arinagoak

Martxan da Aranguren eta Karrantza lotzen dituen Renferen aldiriko trenen C5 linea. Herritarrek eta alkateek eskertu egin dute trenen maiztasuna handitzea, baina uste dute badagoela zer hobetu: Bilbora joateko denbora «gehiegi» behar dutela adierazi dute.

Karrantzako tren geltokia, gaur. BERRIA
Karrantzako tren geltokia, gaur. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Karrantza
2026ko maiatzaren 8a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pozik daude, egunean hiru trenetik zortzira pasatu direlako, baina, hala ere, hobetzeko asko dagoela uste dute Enkarterrin, Cadaguaren ibarretik kanpo dauden landa inguruko herrietan. Herenegun hasi zen martxan Renferen aldiriko trenen C5 linea berria, Karrantza eta Aranguren (Zalla) artean. Arangurenen C4 linea hartuta, Bilbora arte joan daitezke. Baina hiriburura ailegatzen direnerako, denbora «gehiegi» pasatu da, Raul Palacio Karrantzako alkatearen esanetan: «Duela 40 urte, unibertsitateko ikasle nintzenean, ordu bat eta bost minutu behar izaten nituen Bilbora trenez joateko. Orain, ordu bat eta 45 minutu inguru behar ditugu». 

Bizkaibus hartuta arinago heltzen direla esan du Janire Albizua karrantzarrak: «Asko tardatzen du trenak, eta Santandertik datozenak ez dira batere puntualak izaten. Atzo bertan, matxura bat egon zen, eta autobusez ekarri zituzten Kantabriatik. Horrela nork hartuko du trena?». Aldiriko tren berrien ordutegia Santanderkoarena baino hobea den itxaropena du, hala ere. Hain zuzen, linea berriarekin zerbitzu duina eskaintzea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarrirako sailburuaren esanetan. 

«Duela 40 urte, unibertsitateko ikasle nintzenean, ordu bat eta bost minutu behar izaten nituen Bilbora trenez joateko. Orain, ordu bat eta 45 minutu inguru behar ditugu»

RAUL PALACIO Karrantzako alkatea

Gaur inauguratu du linea Garciak, beste agintari batzuekin eta Arangurenetik Karrantzara trenez egindako bidaiarekin batera. Besteak beste, Zallako eta Artzentalesko alkateak izan ditu bidaide, eta Karrantzakoa zain izan dute helmugan. 10:45etan abiatu, eta 11:30 aldera ailegatu dira Karrantzara. Ibilbide osoan, Bilbora joan den Kantabriako (Espainia) andre bat izan da herritar soil bakarra. Bilbora joan da Santandertik zetorren trenean, eta bueltan, C4 linea hartu du Arangurenera, han C5a Karrantzara, eta etxera joateko taxi bat hartu beharko duela kontatu du. Agintariez eta kazetariez gain, ez da beste inor igo trenera. «Jende asko oraindik ez da fidatzen», esan du Karrantzan bizi den Teresa Cruzek. 

Adifeko, Renfeko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Karrantzako, Artzentalesko eta Zallako alkateekin, gaur, Karrantzan. IREKIA
Adifeko, Renfeko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Karrantzako, Artzentalesko eta Zallako alkateekin, gaur, Karrantzan. IREKIA

Herriko geltokian agintariak ekarri dituen trenera igo da, kontrako norabidean joateko. Iruditzen zaio ordutegiak findu beharko direla. Goizeko lehen trena aipatu du adibide moduan: «Lehen zuzenean joaten zen Bilbora, baina orain lineaz aldatu beharko dugu Arangurenen. 06:30 aldera irteten da hemendik, eta 08:00ak pasatuta ailegatzen da Bilbora. Ez digu balio 08:00etan lanean hasteko», azaldu du Cruzek. Alkateak ere esan du goizeko lehen trenaren ordutegia aldatzeko eskatu dutela, eta baita iluntzetan beste bat jartzeko ere. «Orain, Arangurenen azken trena hartzeko, Bilbotik 19:00ak aldera irten behar dugu. Goizegi da jende askorentzat». 

Hain zuzen, garraio publiko erabilgarria izan da Santander-Bilbo trenbidearen aldeko plataformako kideen aldarrikapen nagusia, eta beren eguneroko beharrei erantzungo dien zerbitzua eskatu izan dute. Zerbitzu duin baten alde gogor borrokatu dira 2020an antolatu zirenetik, eta Palaciok gogoan izan ditu. Plataformaren kamiseta aldean zuela agertu da, gainera. «Eskerrak eman nahi dizkiet egin duten lanagatik. Ordu asko eman dituzte eta esfortzu handia egin dute. Badakit linea berria eskertu dutela, baina bat datoz gurekin: oraindik asko hobetu behar da».

«Lehen trena 06:30 aldera irteten da Karrantzatik, eta 08:00ak pasatuta ailegatzen da Bilbora. Ez digu balio 08:00etan lanean hasteko»

TERESA CRUZ Erabiltzailea

Treneko beharginek kontatu dutenez, atzo eta herenegun, batez ere Zallara medikuarenera joateko erabili dute herritarrek zerbitzu berria. Lehen arretako medikua herrietan dute, baina espezialistengana edo proba medikoak egitera Zallako osasun zentrora edo Gurutzetako ospitalera joaten dira Enkarterri osoko bizilagunak. Linea berriarekin aukera gehiago izango dituzte garraio publikoan joateko. Gurutzetarako Bizkaibusa Zallan hartu behar dute, Zallako alkate Unai Diagok azaldu duenez. Baita unibertsitatera ikastera joateko ere. Horregatik, uste du Renferen eta Bizkaibusen arteko koordinazioa ezinbestekoa izango dela.

Santander eta Bilbo arteko trenbidearen aldeko plataformakoen elkarretaratzea, Karrantzan, 2023an. BERRIA
Santander eta Bilbo arteko trenbidearen aldeko plataformakoen elkarretaratzea, Karrantzan, 2023an. BERRIA

Kontrara ere gertatzen da. Zallatik ere asko joaten dira Karrantzara eta Artzentalesera, Diagoren esanetan: «Gure herrian hemen jaiotako jende asko bizi da, eta sarri etortzen dira hona, batez ere asteburuetan. Zenbat eta erraztasun gehiago eduki, hobeto». Bilbokoei eta inguruetakoei ere herriotara joateko deia egin die Zallako alkateak. «Bizkaiko eskualderik politenetako bat gara. Datozela gure hoteletan ostatu hartzera eta gure ostalaritzan kontsumitzera. Enkarterriko ekonomiak jendea badator bakarrik iraungo du. Hemengo herritarrek negozioak eta enplegua dituzte, baina haiei eusteko zerbitzuak hobetu behar ditugu».

«Nik trenbide pasagune asko ditut herrian, baina bat bereziki arriskutsua da, ibilgailuek zeharkatzen dutelako. 10-15 minutuz egoten da bidea itxita, eta presa duten auto gidari asko pasatu egiten dira itxaron gabe»

IOSU UDAETA Artzentalesko alkatea

Tren hori mendiko bizikleta gustuko duten askok erabiltzen dute, bereziki, Artzentales ingurura joateko. Hango alkate Iosu Udaetak linea berria sortzeko egin diren hobekuntzak azpimarratu ditu. Esaterako, Adifek aurten bukatu du ibilbide osoa elektrifikatzen. Erabat elektrikoa ez zen trenbide bakarra izan da orain arte. Tunel bitan ez zegoen lekurik katenaria jartzeko, eta handitu egin behar izan dituzte. Bide batez, Karrantzako azpiestazio elektrikoa ere egokitu dute, egoera berrira moldatzeko. Baina oraindik ere falta dira hobekuntza batzuk, Udaetak azpimarratu duenez: 29 trenbide pasagune ditu lineak. «Nik asko ditut herrian, baina bat bereziki arriskutsua da, ibilgailuek zeharkatzen dutelako. 10-15 minutuz egoten da bidea itxita, eta presa duten auto gidari asko pasatu egiten dira itxaron gabe. Egunen batean zoritxarren bat gertatuko da». 

Arangurenetik Karrantzarako bidean, trenbide pasagune batera hurbiltzean, trenak nabarmen moteldu behar izan du abiadura, bidean aurrerago dagoena ez baita ondo ikusten. Trenez barik, autobusez itzuli dira agintariak Arangurenera. Bueltako bidaia horretan, diputazioak BI-630 errepidean egin dituen hobetze lanez egin die berba kazetariei. Arestian aipatutako trenbide pasagune arriskutsura gerturatzean, diputazioak bihurgune batzuk zergatik mantendu zituen azaldu du Artzentalesko alkateak: «Bihurguneei esker, ibilgailuek abiadura moteldu behar dute zati honetan. Errepidea arteztu izan balute, azkarrago joango lirateke, eta autoren bat trenbide pasagunean harrapatuta egongo balitz, atzetik jotzeko arriskua legoke. Baina hori ezin da konponbidea izan: pasaguneak kendu behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA