Giza Eskubideak

Mays eta Karmele Saldise: «44 urte luze hauetan ez dugu bakerik izan sekula»

Giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortu du Eusko Jaurlaritzak Karlos Saldise. Lezon hil zuten. Aitortza «berandu» iritsi dela diote haren arrebek.

(ID_13530164) (/EZEZAGUNA) (;)
Karlos Saldise zenaren Mays eta Karmele arrebak, asteartean, Pasai Antxon. IMANOL SAIZ
Pasaia
2024ko urtarrilaren 26a
09:11
Entzun

Karlos Saldise pasaiarra —Lezon bizi zen— 1980ko urtarrilaren 16an hil zuten, bere etxeko atarian. Batallon Vasco Español eta Grupos Armados Españoles taldeek hartu zuten beren gain hilketa. 44 urteren ostean, giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortu dute Saldise —zehazki, Eusko Jaurlaritzak—, baina haren arreba Mays eta Karmele sinetsita daude sekula ez dela egingo justiziarik. Lezoko herritarrek urteroko omenaldia egingo diote Karlos Saldiseri gaur, 20:00etan, Lezon.

44 urte igaro dira erakunde publikoek giza eskubideen urraketen biktima gisa aitor dezaten zuen anaia Karlos Saldise.Justiziarik egin dela uste duzue?

MAYS SALDISE: Ez, ez dugu pentsatzen justiziarik egin denik. Denbora asko pasatu da, eta ez dugu justiziarik ikusi 44 urte hauetan. Oraindik txosten batzuk jaso behar ditugu, eta ez dakigu zer jarriko duten horietan. Badakigu biktima gisa errekonozitu berri dutela, baina ez dakigu nola, ezta zer jarriko duten ere. [Espainiako] Estatuaren biktima gisa aitortuko dute ziur aski, baina beti esan dugu estatuaren terrorismoaren biktima izan zela gure anaia. Oso-oso berandu heldu da, baina kontent gaude azken albistearekin. Ez da nahi genuena, baina zerbait egin dute.

KARMELE SALDISE: Poza izan da. Gauza asko pasatu behar izan ditugu senide eta gertukook, eta orain aitortza hori ongi etorria izango da. Albistea pozik jaso dugu, nahiz eta oso berandu heldu den. Epaiketa asko izan ditugu, eta denak galdu ditugu. Borroka oso gogorra izan da. Hil eta urteetara aplikatutako lege batekin epaitu dute anaia. Terrorista bat zen estatuarentzat, eta ezin izan dugu ezer egin horren aurka. Terrorista hitza askotan entzun behar izan dugu, tamalez, instituzioek hala deitu baitiote. Anaiari omenaldi bat egiten genionean, Polizia agertzen zen; oldarkor, gainera. Hiltzea merezita zeukala ere entzun behar izan dugu askotan. Baztertuta eduki gaituzte, eta orain poz hori dugu, esaten zuten hura gezurra dela berretsi baita. Arrazoia eman digute.

«Espainiako Estatuaren biktima gisa aitortuko dute ziur aski, baina beti esan dugu estatuaren terrorismoaren biktima izan zela gure anaia. Oso-oso berandu heldu da».MAYS SALDISEKarlos Saldise zenaren arreba

Auzian oraindik ez dago inolako ondorio edo errudunik. Hori gabe justiziarik egin daitekeela uste duzue?

KARMELE: Inola ere ez. Haiek ongi dakite nor izan zen hiltzailea eta nor konplizea. Beti egon da susmagarri bat, baina beti utzi dute itzalean hori.

MAYS: Hiru hilabeteren buruan itxi zuten ikerketa, eta kito. Hiru pertsona omen ziren, gainera, babestuak. Horietako bat, dena kontatu zuena, Errenteriakoa zela iritsi zaigu askotan. Ez dugu frogarik. Gauza asko entzun ditugu alde guztietatik; zabor asko sartzen saiatu dira.

KARMELE: Oso argi dugu ez dela errudunik agertuko. Baina errudunak daudela badakigu; badakigu errudun bat gutxienez badagoela, baina ez dakigu nor izan zen. Kontu garbitze bat zela ere entzun behar izan dugu. Gertatutakoa pozoitzen aritu dira urte luzez. Aitortza honek, behintzat, arrazoia ematen digu, eta aho asko ixteko ere balioko du.

Herrikideak ondoan egon dira. Babestuta sentitu zarete?

KARMELE: Ikaragarri. Lehen egunetik. Hilketaren erantzuna sekulakoa izan zen, oso-oso indartsua. Laguntza ikaragarria jaso dugu harrezkeroztik.

MAYS: Indar handia jaso genuen une zail hartan, eta horixe da ordutik jaso duguna. Ikusi genuen mobilizazio orokorrera deitu zutela, manifestazio erraldoiak egin zirela... Egun horiek gogoratzean, beldurra sentitzen dut. Begira: anaia beti doa nirekin [hatzean daraman eraztuna erakutsi du]. Hau da Karlosek berak azkeneko egunean zeraman eraztuna, hil zuten egunekoa. Beti dago gurekin.

(ID_17061720752645) (/EZEZAGUNA)
Karlos Saldise zena. HITZA
Urte asko pasatu arren, diozue atzo balitz bezala gogoratzen duzuela. Nolakoa zen anaia?

MAYS: Lezon beti izan zen oso maitatua. Arnasa berri bat ekarri zuen herrira; ezberdina zen, modernoagoa. Lezoko jendeak asko maite zuen. Oso laguntzailea zen, beti zegoen edonor laguntzeko prest eta gauzak egiteko irrikaz. Eragile aktiboa zen, saltsa guztietan ibiltzen zena.

KARMELE: Alde batetik bestera ibiltzen zen furgonetarekin. Aurpegia ematen zuten horietakoa zen. Ezaguna zen herrian, beti izan zen beste bat gehiago. Ez zait iruditzen hainbeste urte pasatu direnik hil zutenetik, ezta horrenbeste gauza pasatu direnik ere.

Hilketaren ondotik eta geroago ere mehatxuak jasotakoak zarete biak. Nola eraman duzue hori?

KARMELE: Mehatxu gutun asko jaso ditugu... Etengabe, gainera. Gutunak, telefono deiak...

MAYS: «Kontuz ibili... Kotxearen azpian begiratu...». Horrelako mezu asko jaso ditugu. Etxera ere etorri dira mehatxatzera. Anaia hil aurretik, asko izan ziren mehatxuak, eta gerora ere izan dira, etengabe. Ez dugu bakerik izan 40 urte luze hauetan, sekula ez. Denbora guztian izan dugu norbait atzetik. Pentsa: behin, Altean [Alacant, Herrialde Katalanak] geundela, alde egin behar izan genuen handik, mehatxuengatik. Orduan, nire bikotekideari bi gizon eseri zitzaizkion alboan, eta ez dit sekula kontatu zer esan zioten, baina bikotekideak hau esan zigun: «Hemendik joan behar dugu, ez baikaude seguru». Korrika atera ginen, eta Burgoseraino jarraitu ziguten autoz. Beldurra izan dugu beti.

«Hilketaren erantzuna sekulakoa izan zen, oso-oso indartsua. Herrikideen laguntza ikaragarria jaso dugu harrezkeroztik».KARMELE SALDISEKarlos Saldise zenaren arreba

Borroka luze eta gogorra izan den arren, gelditzen zaizue horri eusteko indarrik?

KARMELE: Noski; orain arte ez dugu etsi, eta ez dugu etsiko. Auzia eraman behar zen leku guztietara eraman dugu, eta estatuaren terrorismoaren biktima gisa aitortua izan arte borrokan jarraituko dugu.

MAYS: Nekea eta mina sentitzen ditugu, baina tinko jarraituko dugu borrokan. Gure anaia bizirik dago, hori argi dugu; hori ikusi dugu herrian hamarkada hauetan. Hor dago haren izpiritua, eta urtero bizirik dagoela gogoratzen dugu lezoarrek. Hori ezin dugu ezerekin ordaindu. Oraindik ere goxotasun hori sentitzea ikaragarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.