Kursaaletik Antiguara, 20 euro

Sektoreak jakinarazi du dagozkion «legezko bideetatik» defendatuko dituela bere eskubideak baldin eta instituzioek ez badituzte beharrezko neurriak hartzen bermatzeko Uber legearen arabera jardungo dela. Ez dute baztertu mobilizazioei ekitea.

Emakume bat Uberren aplikazioa irekitzen, otsailaren 18an, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Emakume bat Uberren aplikazioa irekitzen, otsailaren 18an, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 24a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den asteaz geroztik Uber logoa duten autoak dabiltza Donostian, eta ibilgailu gidaridun (IG) zerbitzuak eskaintzen dituzte. Ustekabean iritsi ziren, Bizkaiko Aldundiaren baimen batekin, horrela izkin egin baitzion konpainiak hainbat urtez Gipuzkoakoak jarritako trabari. Baina baimen horrek berak dio hiriburua abiapuntu edo helmuga duten ibilbideak egiteko zerbitzuak eskaintzeko soilik dela, eta ez hiri barruko zerbitzuetarako. Uberren aplikazioak, ordea, 20 euroan eskaintzen zuen astelehen goizean Kursaalen eta Antiguaren arteko zerbitzua; 11,2 euro izan dira astearte arratsaldean. Hori dela eta, Uberrek legea betetzen ez duela salatu dute hiriko taxi gidariak, eta legea betearazteko eskatu diete instituzioei. Halakorik ez badute ikusten, ez dute baztertu mobilizazioei ekitea eta auzitegietara jotzea.

Donostian taxi gidari aritzen den gizon batek dio —ez du izena eman nahi izan— oraindik «goizegi» dela Uberrek taxilarien jardunean izan dezakeen eragina neurtzeko, baina egin diezaiekeen konpetentziaren izu dira. Izan ere, taxi gidariek 200.000 euro inguruko kostua duen lizentzia bat eskuratu behar izaten dute lan egin ahal izateko, eta gastu asko hartu behar izaten dituzte beren gain, hala nola Gizarte Segurantzaren kotizazioa (autonomoen kuotak), aseguru espezifiko batzuk eta jarduerari lotutako beste hainbat kostu.

Bien bitartean, Uberreko gidariek AEBetako konpainiarentzat egiten dute lan, eta nahikoa dute gidari gisa bi urtetik gorako esperientzia eta gidabaimenean gutxieneko puntu kopuru bat izatea lan egin ahal izateko, taxilariek ordaindu behar dituzten gastuez arduratu beharrik gabe.

«Uberren legezkotasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartzen ez badira, Donostiako taxien sektoreak dagozkion legezko bideetatik defendatuko ditu bere eskubideak»

GOYO ALIAS Radio Taxi Donostia enpresako ordezkaria

Egoera hori ikusita, Goyo Alias Radio Taxi Donostia enpresako ordezkariak esan du ezinbestekoa iruditzen zaiela «administrazioen artean koordinazio eraginkorra» egotea eta «beharrezko kontrol mekanismo guztiak» aktibatzea. «IGak ez daude gaituta hiri garraio gisa jarduteko. Beraz, uste dugu haien jarduera arautzen duen neurri juridikora mugatu behar dutela».

Aliasek esan du Donostiako taxia «funtsezko zerbitzu publikoa» dela, «hirian errotuta» dagoena eta araudia «zorrotz» betetzen duena. «Urteko 365 egunetan ematen dugu zerbitzua, tarifa arautuak aplikatzen dituzten eta herritarrei segurtasuna, irisgarritasuna eta kalitatea bermatzeko betebeharrak beren gain hartzen dituzten profesionalekin».

Hortaz, Radio Taxi Donostiak instituzioei eskatu die «arduraz» jokatzeko, lurraldean zerbitzua ematen duen edozein operadorek indarrean dagoen lege esparrua zorrotz errespetatuko duela ziurtatzeko. «Taxiaren sektoreak beti erakutsi du erantzukizuna eta irmotasuna bere jardueraren defentsan. Egiaztatzen bada ez dela legea betetzen edo ez direla hartzen hori bermatzeko neurriak, Donostiako taxien sektoreak dagozkion legezko bideetatik defendatuko ditu bere eskubideak, beharrezkotzat jotzen diren mobilizazioak barne. Bitartean, herritarrei eta bisitariei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzen jarraituko dugu, kalitate, profesionaltasun eta konpromiso estandarrak indartuz».

uber
Taxiak, Donostiako Bulebarrean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Mikel Gonzalez UPTA autonomoen elkarteko taxiaren sektoreko ordezkariak uste du Uberrek taxilarien diru sarreren «zati handi bat» ken dezakeela eta, hortaz, taxilarien lanpostuak «arrisku larrian» egon daitezkeela. «Mundu osoan frogatuta dagoen bezala, espekulazioan eta herritarren poltsikoak arpilatzen aritzen den enpresa bat da Uber, prezioekin eta langileen lan baldintzekin jolasten dena».

Dioenez, instituzioen ardura ezinbestekoa da horri aurre egiteko. «Erakundeek benetako ikuskatze lana egingo balute, hau da, segurtasun arauak betetzen ez dituzten edota hiri barnean zerbitzua ematen duten IGak kaleetatik aterako balituzte, Uber eta antzeko plataformek oso hilabete gutxiren buruan utziko lukete negozioa. Piratak baino ez dira, eta ezin dira bizi erakundeen babesik gabe».

«Mundu osoan frogatuta dagoen bezala, espekulazioan eta herritarren poltsikoak arpilatzen aritzen den enpresa bat da Uber, prezioekin eta langileen lan baldintzekin jolasten dena»

MIKEL GONZALEZ UPTA autonomoen elkarteko taxiaren sektoreko ordezkaria

Jon Insausti alkateak aste honetan esan du Uber Gipuzkoan garraio zerbitzua ematen ari dela eta hori «errealitate bat» dela, eta iruditzen zaio onena hori kudeatzea dela, taxilariekin «baldintza berberetan» lan egin dezaten. «Ikaratu beharrean, egin dezakegun onena onartzea eta kudeatzea da, ziurtasunak eskaintzeko erabiltzaileei eta taxiaren sektoreari». Azaldu du euren helburua dela hiriko taxien zerbitzua ahalik eta onena izatea. 

Azken egunotan taxiaren sektoreko kideekin bildu da Insausti, eta Uberreko ordezkariekin martxoaren 4an da elkartzekoa, hirian nola sartu diren eta zer araudirekin ari diren aztertzeko.

Horixe ikertu nahian dabil Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Izan ere, Uberrek legea alde duela esaten duen arren, Azahara Dominguez Mugikortasuneko foru diputatuak ziurtatu du bere departamentuarena dela IG lizentziak emateko eskumena. Beraz, jakinarazi du Batzar Nagusietan agertuko dela datozen egunetan, berak hala eskatuta, Uberrek hirian eskainiko duen zerbitzuak arauak betetzen ote dituen zehazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.