Ez dute nahi eta ez dute behar

Gaur inauguratu dute Donostiako Gros auzoko GOE Gastronomy Open Ecosystem eraikina, eta 23 gizarte taldek eta auzo elkartek kontzentrazioa egin dute eraikinaren kanpoaldean.

Donostiako hainbat herritar protestan, gaur, Gros auzoko GOE eraikin berriaren inaugurazioan. EFE
Donostiako hainbat herritar protestan, gaur, Gros auzoko GOE eraikin berriaren inaugurazioan. EFE
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2025eko urriaren 20a
19:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dugu nahi, ez dugu behar!; Non da parte hartzea? Hau inposaketa da! Gisa horretako leloak ahotan, Gros auzoko Nafarroa hiribidea hartu dute Donostiako 23 gizarte taldek eta auzo elkartek —LAB, Steilas, IU-PC, EAEko Podemos, SOS Manteo, Manteo Bizirik elkartea, Kaleratzeak Stop, Satorralaia, BizilagunEkin, Donostia Palestina, Eguzki talde ekologista, Ekologistak Martxan, Haritzalde...—. Izan ere, gaur arratsaldean zabaldu dituzte GOE Gastronomy Open Ecosystem eraikin berriaren ateak, eta inaugurazioaren ordu berean mobilizaziora deitua zuten. Zenbaitek lehenagotik zuen protestaren berri, eta beste batzuk azken momentuan batu dira. «Ondare publikoaren espoliazioa» salatu dute, besteak beste. «Ozen adierazi nahi dugu operazio urbanistiko horrek ekarri duen espoliazioa eta Donostian sustatzen ari den hiri eredua errefusatzen dugula».

Protestan ari direnek parez pare dute eraikin berria, eta oihu bizian ari dira hura eraiki izana salatzen. Bitartean, eraikinaren atetik sartu eta sartu ari da inauguraziora joatekoa den jendea. «Zuhaitzak lapurtu dizkiguzue!», oihukatu du protestan ari den andre batek, eta txaloak entzun dira segidan. Izan ere, protestara deitu duten taldeek salatu dute Gros auzoan gelditzen zen «eremu berde handi bakarra galdu» dela eraikin berria egiteko lanen ondorioz. 

(ID_15437526) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-10-20, Donostia. Gastronomy Open Ecosystem inauguratu dute eta protestak egin dituzte
Donostiako hainbat herritar protestan, gaur, Gros auzoko GOE eraikin berriaren parean. ANDONI CANELLADA / FOKU

«Hemen gaude, hemen gaude/ espolioa salatzeko hemen gaude/ Donostiaren alde, espekulazioaren kontra/ Pradalesek nahi ez badu ere/ gu hemen gaude». Hala kantatu dute protestan ari direnek. Uste dute eraikinak ez diela herritarren beharrei erantzuten: «Osasun arlora, hezkuntzara, etxebizitzara, pentsioetara edota elikadura subiranotasuna indartzera zuzendu beharko liratekeen baliabide publikoak xurgatu ditu. Finantzaketa publikoa baliatu dute interes pribaturako». Autoak manifestarien aurretik ari dira pasatzen, tarteka klaxona gogoz joaz, mobilizaziora batu direnei elkartasuna adierazte aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.