Andoaingo Bazkardo auzoaren inguruan (Gipuzkoa) ohikoa da egunero ibilgailuen ilarak izatea; izan ere A-15 eta N-1 errepideek bat egiten dute han. Egunero 70.000 ibilgailu igarotzen dira tarte horretatik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lehengo astean aurkeztu zuen gune horretan auto pilaketak arintzeko egin asmo duen proiektua. Albiste horrek zenbait herritar haserrearazi zituen, uste baitute lotune horrek ez diela udalerriko arazoei erantzuten. Foru erakundeak jakinarazi berri du planaren garapena abiatu duela eta uztailaren 1ean proiektuaren nondik norakoak azalduko dizkiela Andoaingo bizilagunei, 19:00etan, Bastero kulturgunean.Â
Aldundiak hainbat lan egin asmo ditu Andoaingo auto-ilarak arintzeko asmoz. Horietako bat begizta itxurako errepide bat da, bi lerrokoa: Atorrasagastiko tunelaren irteeratik hasi, 700 metroko zubibide baten bitartez Oria ibaiaren eta N-1 errepidearen gainetik igaro, eta bukaeran N-1 errepidearekin bat egingo lukeena. Lotune berriak bi lerroei eutsiko lieke, eta ibilgailuek zuzenean jarraituko lukete A-15etik N-1era. Egunero 70.000 ibilgailu igarotzen dira tarte horretatik, eta Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatuak azaldu du lotune berriak trafikoa arintzeko modua emango duela, bai eta Bazkardoko eta inguruko auzoetako herritarren bizi kalitatea hobetzekoa ere.Â
Mimendi auzo paretik igarotzen den errepidearen zati bat —240 metro inguru— estali nahi dutela ere jakinarazi zuten lehengo astean, errepideak etxeetan sortzen duen zarata leuntzeko asmoz. Aldundiak azaldu du abiatu berri duela proiektua idazteko lizitazioa, 358.554 euroko aurrekontuarekin eta 11 hilabeteko epearekin. Urkolak dio Andoaingo «barne konektibitatea hobetzeko, auzuneetan trafikoa murrizteko, eremu publiko berriak sortzeko eta bide azpiegitura udalerrian eraginkortasunez integratzeko aukera» emango dutela jarduketek.
«Andoaindarrekin bilduko gara orain arte egindako lanaren berri gardentasun osoz emateko, hartutako erabakiak eta jarduera bakoitzaren izateko arrazoia azaltzeko eta aurreikusitako hobekuntza planaren xehetasunen berri emateko»
FELIX URKOLAÂ Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua
Bestalde, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak oniritzia eman die Allurralde kiroldegiko bihurgunea eraldatzeko lanei, N-1 errepideak Andoainen duen «punturik konplexuenetako bat» baita, Urkolaren hitzetan. «Trazadura leundu egingo da gune horretan, bide segurtasuna areagotzeko, trafikoaren arintasuna hobetzeko eta arriskuak murrizteko. Zehazki, errepidea hiru lerrokoa izango da bi noranzkoetan». Proiektu hori idazteko lizitazioak 83.728 euroko aurrekontua izango du, eta zazpi hilabeteko epea.Â
Gainera, Iruñera joateko N-1 errepidetik ateratzen diren ibilgailuen eta Sorabillatik N-1 errepidera sartzen direnen arteko korapiloa arintzeko, berriz, A-15erako «bide independente bat» egitea ere planteatu du foru aldundiak. Hortaz, Sorabillatik datozen ibilgailuak N-1 errepidearen eta A-15eko bide independentea izango denaren artean agertuko dira, eta han erabaki beharko dute zer norabide hartu. Lan horrek 687.160 euroko lizitaziorako oinarrizko aurrekontua du.
Zalantzak argitzeko bilkura
Nolanahi ere, foru erakundeak bilera informatibo bat antolatu du uztailaren 1erako, Andoaingo bizilagunei egin asmo dituzten lan guztien berri eman nahi diete egun horretan. «Andoaindarrekin bilduko gara orain arte egindako lanaren berri gardentasun osoz emateko, hartutako erabakiak eta jarduera bakoitzaren izateko arrazoia azaltzeko eta aurreikusitako hobekuntza planaren xehetasunen berri emateko», azaldu du foru diputatuak. Bilkurak zalantzak argitzeko, galderak egiteko eta ekarpenak jasotzeko balioko duela jakinarazi du.