Kriminologoa

Leire Padilla: «Kriminologoaren lana haurrak babestea da»

Leire Padilla kriminologoak haurren aurkako indarkeria digitala ikertu du doktorego tesian. Esan du seme-alaben argazkiak sare sozialetara igotzeak arriskuak dakartzala.

(ID_15089799) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-06-25, Tolosa. Leire Padilla, kriminologoa
Leire Padilla, asteazkenean, Tolosan. IÑIGO URIZ / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2025eko ekainaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain hamar urte baino gehiago hasi zen Leire Padilla (Villabona-Amasa, 1994) Kriminologia ikasten, EHUn. Betidanik izan du giza eskubideen alde egiteko nahia, eta, borondateak mugituta, ikasketekin bateratu zituen bestelako ikerketa proiektuak, hala 36ko gerrari buruzkoak nola torturari buruzkoak. Geroztik, Aranzadi zientzia elkartean eta Kriminologiaren Euskal Institutuan aritu da lanean, eta doktorego tesia aurkeztu berri du, maiatzean. Padillak esan du adingabeen aurkako abusuen berri izan behar duela gizarteak.

Zeri buruz hitz egin duzu Kriminologiako doktorego tesian?

Haurren aurkako indarkeria digitalari buruz. Hasierako ideia adingabeen aurkako sexu abusuak ikertzea zen, besterik gabe, baina sare sozialetan topatzen nuenak kezka sorrarazi zidan. Urduritu egin ninduen adingabeak egoera desegokietan ikusteak: dantza sexualizatuak egiten, adibidez. Adingabe horientzat dantza besterik ez da, baina kontsumitzaile pedofiloei sare sozialek nahi adina eduki eskaintzen dizkiete. Urduritu egin ninduen horrek, eta tesia horri buruz egitea erabaki nuen.

Nola bideratu zenuen tesia?

Hiru artikulu idatzi ditut. Lehena orokorragoa da, Interneteko egoera azaltzen du, eta adingabeek aurkitu ditzaketen arriskuak aipatzen ditu. Bigarrena proxenetismoarekin dago lotuta, azken urteetan areagotzen ari zela iruditu zitzaidalako. Instagram, Youtube eta Tiktok plataformetan azaltzen ari ziren bideo batzuk izan nituen oinarri. Zuk ere ikusiko zenituen: kale erdian neska bati galdetzen diote ea zenbat diru daukan bankuan, eta neskak dio 500.000 euro dituela. Harrituta gelditzen zara: «Nola izango du hainbeste diru?». Neskak dio kontu bat duela Onlyfans plataforman, barruko arropa saltzen duela edo bere oinen argazkiak saltzen dituela. Finean, proxeneta taldeek euren interesen arabera manipulatu dute Nire gorputza, nire erabakia leloa.

«Kontsumitzaile pedofiloei sare sozialek nahi adina eduki eskaintzen dizkiete»

Bideo horiek adingabeei eragingo diete, gehienbat...

Nik ere zalantza egin nezakeen hasieran, bideoan badirudi-eta oso erraz irabaz dezakezula dirua. Pentsa 12 urteko nerabe batengan nola eragingo duen... Diruan pentsatzen sartzen dira halako plataformetan, eta oso zaila izaten da gero ateratzea. Esplotazioa manipulazioaren bidez hasten da, eta gero xantaia egiten diete igotako argazkiekin. Egia esan, espero baino oihartzun handiagoa izan zuen nire bigarren artikuluak.

Eta hirugarren artikulua?

Sharenting-ari buruz izan zen, azken urteotan indar handia baitu horrenaurkako diskurtsoak. Askok igotzen dituzte sare sozialetara seme-alaben argazkiak euren profilak indarra har dezan. Nik profil motak aztertu nituen, eta influencer asko topatu ditut literalki zera esaten dutenak: «Seme-alabek dirua ematen dute» edo «bederatzi hilabetez izan dut nire barnean eta harekin nahi dudana egin dezaket». Zer eskatuko diozu mundu horretan dabilen eta dirua besterik gustatzen ez zaion norbaiti? Ahaztu egiten zaie seme-alabak ez direla objektuak.

«Proxeneta taldeek euren interesen arabera manipulatu dute 'Nire gorputza, nire erabakia' leloa»

Ikerketa horietan zein da kriminologoaren funtzioa?

Guk ulertu nahi dugu zergatik gertatzen diren horrelakoak, nola funtzionatzen duen erasotzailearen buruak eta nola funtzionatzen duen biktimarenak; batez ere, prebentzioan lana egiteko eta biktimei laguntzeko. Erasotzaile mota asko dago; adibidez, pedofiliaren munduan badaude euren arazoaren berri izanik psikologoarenera jotzen dutenak, ez dietelako haurrei eraso egin nahi. Gertatzen dena zera da, erasorik ez egitea erabaki duen pedofiloak haurrak ikus ditzakeela sare sozialetan. Espainiako Barne Ministerioaren ikerketa bat aipatu nuen artikuluan: esaten du adingabeen aurkako esplotazio sexualarekin zerikusia zuten atxiloketetan, %72ren artxiboetan sexualizatu gabeko haurren argazkiak topatu zituztela; alegia, gurasoek sare sozialetara igotako argazkiak zirela. Kriminologoaren lana haurrak babestea da.

Eta ikertutakoarekin, zer?

Nire helburua da gizarteari informazioa eskaintzea. Hitzaldiak eman nahi ditut jendeak errealitatearen berri izan dezan. Adingabeen aurkako abusuak gertatzen ari dira, eta badirudi ez garela ohartzen egoera lehertzen den arte.

Baleukoren Krimenak. Gure kronika beltza saioan parte hartu duzu.

Bai, bi denboraldietan izan naiz. Erasotzailearen eta biktimaren profilak aztertu ditut; baita krimen bakoitzaren egoera ere. Baina aztertu ditudan kasu batzuetan ez nintzen jaio oraindik. Oso interesgarria izan da, mundu guztiari gomendatuko nioke saioa ikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.