Ezkerreko hautagai abertzale eta euskalduna buru, Elkarrekin Baionarentzat zerrenda aurkeztuko da igande honetako Baionako herriko bozetan. Baionako ezkerreko indar guziak bildurik, herriko etxea zentro-eskuinari irabazteko aukera erreala da; aukera historikoa. Boz guziak behar-beharrezkoak izanen dira.
Sortu den aukera hori urteetako ibilbide luzearen emaitza da. 1983an indar abertzaleak herriko hauteskundeetan presentatzen hasi zirenetik, buruhausteak ez dira eskas izan. Nola erakarri proiektu abertzalera ideia hori oraino hain arrotz zaien Baionako herri sektoreak? Nola eragin herriko politika publikoetan? Nola egin ezker jakobinoa aldarazi edo gibelarazteko?
Alde batetik, abertzaleok Baionan eramandako lan soziopolitikoak zubiak eta konplizitateak eraiki ditu ezkerreko beste sektoreekin: parte hartze aktiboa mobilizazio sozialetan, lan sindikala, bestelako hauteskundeetan gure mezua hedatzea, Ipar Baionako Festibala, Baionako besta alternatiboak, Alda-ren sorrera... Horiek guziek aldarazi dute panorama politikoa, eta gaurko baldintzak sortu dituzte.
Ezin dira aipatu gabe utzi urteetan izan diren esperientzia guziak: Baiona Hiri Nagusia, Baiona Berria, Baiona 2014, Baiona Berde eta Elkarkidea eta Baiona Mugimenduan. Bat bestearen ondotik, indar metaketa eraiki dute, gero eta sektore gehiago elkarlanean jarriz. Eztabaidak, zailtasunak, hutsegiteak eta frustrazioak ugari izan dira, baina hauteskundez hauteskunde beste ezkerreko indarrekin elkarlanean alternatiba eraikitzen ibili gara abertzaleok.
Azken kanpaina honek, aurreko esperientzietatik ikasiz, ahal bezain urrun eraman ditu irabazteko baldintzak; hiru urteko prestaketa eta elkarrizketak dira horren lekuko. Eta emaitzak begi bistakoak dira: Baiona Mugimenduan ezkerreko lehen indarra bilakatu da, eta Jean Claude Iriart auzapez bilakatzeko baldintzak sortu dira. Hauteskundeen emaitzek konfirmatu dute estrategiaren egokitasuna, eta atea ireki diote akordio zabalago bati. Abertzale ezkertiar eta ekologistek beren leku osoa dute hor, bai programaren aldetik, bai postuen aldetik, baita barne dinamikaren aldetik ere. Batek baino gehiagok amestu lezake egoera hobea, pario arriskutsua ere ikus lezake bertan. Tira, hau da dagoena, eta ez besterik. Gaur dugu aukera, eta indar erreakzionarioen gorakada ikusiz, beharbada sekula ez zaigu gehiago holakorik gertatuko. Igande honetatik aitzina, Baionako auzapeza ezkerrekoa, abertzalea eta euskalduna izan daiteke, ezker zabalaren babesarekin.
Orain da momentua! Gure indarrak lerrokatuak dira, aurkarien defentsa gainditu eta zutoinen artean entsegua ematera goaz! Igandean ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologista orok bozka dezagun Elkarrekin Baionarentzat, Jean Claude Iriart buru!
Izenpetzaileak:
- Abadie Jean-Marc
- Dilet Elise
- Lambert Peio
- Aguerre Sebastien
- Echeverria Mirentxu
- Lannes Butron Aiantze
- Aguirrebarrena Ibai
- Elorriaga Gema
- Lannes Butron Uxue
- Ampo Nathalie
- Eraso Garbiñe
- Lannes David
- Anin Amande
- Etcheverry Jakes
- Lepage Séverine
- Arkauz Unai
- Etcheverry Larçabal Meli
- Lizarralde Iban
- Bellan Eneko
- Etcheverry Maite
- Menta Peio
- Bellan Peio
- Ferran Valles Paco
- Miroux Anaiz
- Berhonde Alaia
- Ferrand Jean-Joël
- Mouesca Kepa
- Berling Arrossagaray Lili
- Fontang Amaia
- Nouqueret Pierre Mo
- Betelu Serge
- Garcia Lola
- Oillarburu Leire
- Bortayrou Jakes
- Goenaga Xan
- Olaizola Yon
- Caliot Jean-Paul
- Guilharretze Sasco Sophie
- Ospital Eloixa
- Capot Thornary Ibai
- Harosteguy Hodei
- Ostolaza Ieltxu
- Cavaterra Giuliano
- Heguy Elaia
- Parot Gilles
- Coupé Flavien
- Heguy Peio
- Ricarrère Hélène
- Crusner David Caroline
- Hiriart Lukas
- Saralegi Nahiara
- Da Costa Alexandre
- Hiriart Odile
- Sarhy Peio
- Da Costa Guilhem
- Hourcade Sabina
- Saves Florian
- Daguerre Dominika
- Imbert Elorriaga Unai "Ttiki"
- Tyl Benjamin
- Derguy Daniel
- Iriart Aña
- Uthurbide Pantxoa