Maritxu Lopepe

Bidea(k) egin eta zubiak eraiki

2026ko martxoaren 10a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herri barnealdeko gure herri ttipi eta urrunduetan, luzaz herriaren gobernatzeko manera berdintsua izan da herri batetik bestera. Aurrekontu murritzarekin bideak zaindu edo konpondu, eskola edo apezetxean obra zonbait egin, elkarteei diru apur bat banatu eta kontseiluko bazkaria antolatu. Azken urteetan, aldaketa zonbait ikusten dira, proiektu ausartagoak garatzen dira. Eta usu auzapez abertzaleen eskutik.

Gero eta herri gehiagotan, hautagai zerrenda bakarra aurkezten da, aniztasun handiko profilak bilduz. Nahas-mahas horretan abertzaleek toki bat badutelarik, legitimitatea erdietsi behar dute. Sobera «bortitzak» edo «hetsiak» ez direla erakutsi behar dute, lehen aurreiritziak hausteko. Gero, malgutasunez jokatuz eta serioski lan eginez, taldekide arruntak bilakatzen dira usu. Hainbat herritako adibideak gogoan ditut, erakusten dutenak inteligentziaz arituz, besteekin bidea eginez, errespetua lortzen dela, auzapezgora helduz ere azkenean.

Herri ttipietan, non denek elkar ezagutzen dugun, elkarrekin lan egitea ezinbestekoa da. Politika publikoek eragin guti dute lurralde ahantzi hauetan; lekuko jende eta indarrek sortzen dituzten iniziatibetarik bizi gara hainbat arlotan. Elkartasun modu desberdinak garatzea ezinbestekoa da eta herriko etxeak hurbileko eragile inportanteak izaiten ahal dira horretarako, jendeen arteko loturen sustatzaile izanez.

Diru mailan, ahalak murritzak dituzte, bai. Bideen konpontzea beti lehentasunezko lanetan izanen da. Baserrian, herri zabalak dira eta zerbitzu beti eta gutiago, ondorioz autoaren erabilpena egunerokoa da. Beraz, denendako inportanta da bideak ongi zaintzen segi dezan herriko etxeak. Diru anitz behar da horretarako (mendiko herri batean 50 bat kilometro bide izaiten ahal da, 40.000 euro gosta delarik kilometro baten berritzea, 300.000 euroko aurrekontuarekin!). Gelditzen den diruarekin proiektu berriak gorpuztu behar dira. Desafioari buru egiteko, nahikaria, ausardia, buru haustea eta irudimena beharrezkoak dira. Luzaz ikusi da eta ikusten da oraindik, arriskurik gabe eta motibazio gutiz eramanak diren herriak, eginbehar minimoak eginez, dirua aurreztuz ere bai batzuetan, hainbeste behar badelarik.

Aldiz, auzapez ausartek egiten duten lana ikustean, berriz sinesten da herriko bizian. Lekuko beharrak kontuan hartuz, hainbat xede gauzatzen ahal dituzte, obra gottorrak baina jendeen arteko loturak ere bai. Gizarte bortitz eta herraduna bultzatzen dutenen parean, irekidura eta goxotasuna bultzatu behar dira, sekula baino gehiago. Ezagutzen dituzten zonbait auzapezen lana ikusirik, Urepeletik Lakarrirat, LexantzĂ¼ edo Atharratzetik pasatuz (emazteak denak, kasualitatez?), ohartzen naiz herriko etxe batetik zonbat gauza egiten ahal den, proiektu ederrak gauzatuz edo ideia progresistak ereinez. Horren beharra dugu gure herri ttipietan, elkarrekin bidea(k) egin eta zubiak eraiki, etorkizunaren grisa koloreztatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA