Ekhi Erremundegi Beloki.

Eta EEP gabe zer?

2025eko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako Estatuak beste behin erakutsi du Frantziako Estatua dela. 100.000 euro baizik ez ditu gehituko EEPren aurrekontura, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa zainketa aringarrietara mugatuz. Eta hordagoa jo du Euskal Hirigune Elkargoak: «baldintza hauetan» ez du Euskararen Erakunde Publikoaren berritzea sinatuko. Larria da egoera.

Euskal Konfederazioak agerraldi masiboa egitera deitu du astelehenerakoEuskarari trufarik ez! lelopean. EEPrentzat proposatu aurrekontua euskararen larrialdi egoerari trufa egitea baita; trufa euskalgintzari, eta trufa EEPri berari. Ondoko sei hilabeteak mugituak izanen direla aurreikusi daiteke. Neke izanen du euskalgintzak orain arte lortu ez duen indar harremana ezartzea; baina ezinbestekoa da. 

Ezin jakin zer gertatuko den hemendik aitzina, baina zilegi da EEP gabeko errealitate bat irudikatzea. Funtsean, hiru aukera daude mahai gainean.

Lehen hipotesia: Demagun Parisek baikorki erantzuten diola Elkargoaren ultimatumari, eta urtero 300.000 euro gehiago ematea erabakitzen duela. Demagun Departamenduak eta Eskualdeak hein berera igotzea onartzen dutela. Egoera desblokeatuko litzateke, eta urtero 1,5 milioi euro gehiago izanen lirateke Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko: partaide bakoitzak jarritako 300.000 eta elkargoak gehituko lituzkeen beste 350.000. Jakina da ez dela aski, baina balioko luke jauzi bat egiteko. 

Jakina da Jean Jacques Lasserre aritu dela Parisen presio egiten, eta entzuna izan da itxuraz; Eskualdeak ere 100.000 euroko emendatzea proposatu zuen iaz; eta parlamentariak inoiz baino isilago ageri dira

Horrek erran nahiko luke EEP desagertzeko mehatxuak Frantziako Estatua mugiaraz lezakeela. Gerta liteke; baina, gaur-gaurkoz, ezin erran sinesgarria denik. Izan ere, jakina da Jean Jacques Lasserre departamenduko presidentea aritu dela Parisen presio egiten, eta entzuna izan da itxuraz; Eskualdeak ere 100.000 euroko emendatzea proposatu zuen iazko maiatzean; eta parlamentariak inoiz baino isilago ageri dira. Bakarrik agertu zen Elkargoa ultimatuma ematera; bakartua dirudi.

Bigarren hipotesia da Frantziako Estatua ez dela mugituko. Lehen aukera: Elkargoak gibel egitea, erranez haserre dela, zinez haserre; baina lehentasuna EEP salbatzea dela. Herriko bozak baino bizpahiru hilabete lehenago, bada jokaldi apartagorik; baina egin lezakete. Bigarren aukera: EEP bukatutzat jo, eta Elkargoak bere gain hartzea hizkuntza politikaren pisua. Aukera hori mahai gainean jarri zuen Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak martxoan

Hogei urteko ibilbidea

2004an EEP sortu zelarik, aitzinapauso gisa ikusi zuen euskalgintzak. Ipar Euskal Herriak ez zuen berezko instituziorik, eta eragile bakoitzak bere aldetik negoziatu behar zituen laguntzak erakundeekin. Eusko Jaurlaritza zen babesleetako bat. EEP ituntze eremu gisara sortu zen, Ipar Euskal Herrian botere politikoa zuten hiru instituzioak eta herrien ordezkaritza mahai inguruan jarri, eta euskalgintzako eragileekin elkarlanean hizkuntza politikako proiektu partekatu bat adostu eta obratzeko. 

Baina ituntze eremu hori desagertu da azken urteetan. 2015ean, EEPren aholku batzordea uztea erabaki zuten Euskal Konfederazioko eragileek, instituzioek beren proposamenei «paso» egiten zietela ebatzita. Hamar urte berantago, egoera ez da hobetu, eta erakundeak ez du inolako proposamenik egin euskalgintzarekin harremana hobetzeko.

Funtsean, EEPren partaideek berek ez dituzte errespetatzen EEPk hartzen dituen erabakiak. Hala gertatu da Frantziako Estatuarekin euskarazko irakaskuntzari begira. Eta aurrekontuaren eztabaidak ere argi erakusten du bakoitza non kokatzen den. 2050erako prospektiba lana aurkeztu zuen EEPk iazko ekainean, euskalduntzean aitzina egiteko helburu zehatzak emanez. Inoiz baino argiago da hizkuntza politikak zer behar duen Ipar Euskal Herrian, baina hori obratzeko ardura dutenek ez dituzte araberako baliabideak eman nahi. 

Jaurlaritza akuilu

2017an, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenean, euskararen aldeko hizkuntza politikaren gidaritza hartu beharko zuela aipatu zen; orain arte ez da horretarako gai izan. Baina bakarra da jauzi kaulitatibo bat emateko prest agertu dena.Batera plataforma birsortu, eta instituzio handinahiago bat lortzeko helburua plazaratu denean, beharbada orduan da garaia elkargoak asumitzeko osoki hizkuntza politikaren ardura. Galdera da bideragarria ote den. 

Frantziako erakundeek gibel egiten badute, Jaurlaritzak du baliabide ekonomikoak jartzeko gaitasuna. Besterik da borondaterik baduen; edo nola bultzatu borondate hori

Lehen baldintza da orain arte EEPri ematen zaiona elkargora transferitzea, gainerako partaideekin horretarako akordioa lortuta. Erantzukizun politikoa transferitu eta eskuak garbitzeko modua dela pentsa liteke. Baina funtsean hori da jadanik egiten dutena.  

Bigarren baldintza da Eusko Jaurlaritzak orain arte ematen duen babesa indartzea. Azken hilabeteetan elkarrizketa bat baino gehiago izan dituzte, baina argi mintzatu zen Aitor Aldasoro hizkuntza politikarako sailburuordea Baionan: gaur-gaurkoz ez dute asmorik Frantziako Estatuaren hutsunea estaltzeko. Alta, Frantziako erakundeek gibel egiten badute, Jaurlaritzak du baliabide ekonomikoak jartzeko gaitasuna. Besterik da borondaterik baduen; edo nola bultzatu borondate hori. Euskararen geroa da jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.