EiTBk Nahieran, bere streaming plataforma, ETB On berriarekin ordezkatu du. «Normala da Baionan ez ikustea, atzerrian ez du baimenik», erantzun diote plataforma berria erabiltzeko arazoak zituen lagun bati. Andaluzian ikus daiteke, noski, etxea baita, baina ez Baionan, atzerria delako.
47 urte bete dira ETBren sorrera ahalbidetu zuen Gernikako Estatutua onartu zenetik. Jada apaltzen ari zen euskalduntasuna hilzorira eraman zuen frankismoak. Halaber, diktadura bortitz hark ekarri zituen zapalkuntza eta errepresioa erresistentzia pizteko txinparta ere izan ziren. Autonomia(k) lortu izana baliagarria izan zen lurraldearen instituzionalizazioa eta burujabetzarako tresnak lortzeko. Baina bi ahoko ezpata da autonomia. Epe labur-ertainean askatasuna lortzeko baliatzen bada, erabilgarria izan daiteke. Baina, gertatu den modura, betikotzen bada eta normalizatzen bada, erresistentzia eta kontzientzia nazionala erabat desaktibatzen ditu.
Ipar Euskal Herrian errepublikaren estrategiak oso emaitza antzekoak izan ditu. Alta, ardi larruz jantzitako otso honek zapalkuntza, berdintasun eta garapen mozorroz janzteko izan duen gaitasunak ia erabateko autosuntsiketa lortu du. Alta, erresistentzia ez da guztiz desagertu, mozorroa ez dute euskaldun guztiek irentsi. Orain, Batera-k eta indar abertzaleek izaera bereziko estatusa eta autonomia nahia adierazi dute Ipar Euskal Herriarentzat. Ahultzen ari den estatu frantziarraren parean, aktibazio tresna egokia izan daiteke. Baina oso argi izan behar dugu Hegoaldean zer gertatzen ari den. ETB On-ek Euskal Herria Off-era eraman duen modura, gure askapen nazionala ere ez dadin guztiz itzali.