Zazpi saio. Zazpi lurralde. 42 bertsolari, eta oraindik goiti, 24. Irailaren 19an abiatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Hazparnen. Hazparnetik (Lapurdi) Agurainera (Araba), duela lau urteko finalistekin batera bigarren fasera iganen diren hamazazpi bertsolariak hautatuak izan dira lehen fasean; beraz, sailkatu gabe gelditu dira 25 bertsolari. Ipar Euskal Herriko bost parte hartzaile ziren lehen fasean, eta horietatik hiru ariko dira oraindik goiti: Miren Artetxe Sarasola, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Maddalen Arzallus; lehiaketatik kanpo gelditu dira Aitor Servier Etxetxuri eta Irantzu Idoate Funosas. Ipar Euskal Herriko Hitza-k lehen fasean parte hartu duten bost lehiakide horien bizipenak bildu ditu. Zehaztekoa da azken txapelketako finalean parte hartu zutenez, bigarren fasera zuzenean sartuko direla Amets Arzallus Antia eta Sustrai Colina Akordarrementeria.
«Azken urteetan bertsoak nire bizian hartu duen zentraltasunagatik, denbora eta energia gehiago eskaintzen diot»

Miren Artetxe Sarasolak ez daki zehazki zenbat aldiz aritu izan den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, baina badaki duela hogei urte hasi zela txapelketetan kantatzen. Esperientzia izan arren, sentitzen du txapelketa aldatzen dela, modu batera edo bestera: parte hartzaile berriak, neska gehiago, bestelako lanketa bat gaitegiaren inguruan, baita antolakuntzan ere, zaintzaren inguruan. Artetxek uste du aldaketa horiek «bizigarriagoa» egiten dutela txapelketa. Haren bizipenak ere aldatuz joan dira azken urteetan, bereziki 2017ko Euskal Herriko Txapelketaz geroztik: «Garai hartan ez nuen kontzientziatik bizi txapelketa. Bertsoa beti bizi izan dut zaletasun gisa, baina, azken urteetan nire bizian hartu duen zentraltasunagatik, denbora eta energia gehiago eskaintzen diot, eta eskaini nahi diot».
Egin indarrek emaitzak eman dizkiote, txapelketako lehen saioko irabazlea izan baita: 709 puntu lortu ditu. Saioko lehen lekua hartzeaz gain, lehen faseko puntuazio orokorreko puntuaziorik gorena erdietsi du. «Hazparneko nire saioari begiratuta, sentsazio onak ukan nituen ariketa guztietan, uste dut bertso politak utzi nituela, eta aldi berean, ez nuen akats nabarmenik egin. Beraz, uste dut horrek azaltzen duela nire puntuazioa».
Hazparnen hasi zen lehiaketa, eta Hazparnen hasi zuen lehiaketa Artetxek berak ere. Ipar Euskal Herrian hasteak aho zapore gazi-gozoa utzi diola azaldu du: «kontent» zen alde batetik, baina, beste alde batetik, Xilabako azken saioan ez zen «gustura» aritu, eta horrek «oihartzuna» izan zuen txapelketako saioan. Horrez gain, Maddi Ane Txoperenarekin aritzeak ere eragin zion saioan, lagunak baitira: «Maddi Anek eta biek ez genuen elkarrekin kantatu nahi, lagunak baikara. Batetik, erosotasuna ekartzen du, baina, bestetik, lehia ezinbestean hor da, eta onartu behar da lehiatzeko garela hor».
«Ez naiz inoiz hain gora iritsi. Orduan, erranen nuke nire helburu minimoak beteak ditudala»

2025eko Xilaba txapelketako txapela jantzi zuen urtarrilean Maddi Ane Txoperena Iribarrenek. Miren Artetxeren gisara, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen saioan igo zen oholtzara, eta handik 691 puntu eraman zituen etxera, saioko bigarren postuan sailkaturik. Lehendabiziko aldia da Euskal Herriko Txapelketan parte hartzen duela; «pribilegio» eta «ohore» gisa hartzen du esperientzia. Denek ez dute halako aukerarik, eta Txoperenak esplikatu du ahal bezain ongi baliatzen saiatzen dela, baina Euskal Herriko Txapelketan izateak «bertzelako urduritasun bat» sortzen diela parte hartzaileei. «Kontziente gara txapelketa inportanteena dela. Gure Olinpiar Jokoen parekoak dira. Eta uste dut horregatik egon nintzela urduri saio horretan». Halere, behin saioa hasita, «ongi» zen, eta Ipar Euskal Herriko herri batean hasteak «ilusioa» piztu zion; gainera, hurrengo saioa ere Lapurdin ukanen du, Miarritzen. «Lapurdin kantaturik, etxean sentitzen nintzen, eta horrek nolabaiteko erosotasuna ematen zidan».
Gaitegiari dagokionez, nabarmendu du gai biziki ederrak izan zirela Hazparneko saioan: «Gai eta posizio guztiak atzeman genituen defendagarriak, eta hori garrantzitsua da: ez izatea pertsonaia edo posizioren bat defendaezina». Beste saioetan ere, oro har, biziki gai «interesgarriak» entzun ditu. Gai anitzek geruza bat baino gehiago dute, eta horrek aukera ematen dio bertsolariari hautatzeko «geruza horietatik zeini indarra eman», Txoperenaren erranetan.
«Ohore handia da finalerdietan kantatzea. Ez naiz inoiz hain gora iritsi. Orduan, erranen nuke nire helburu minimoak beteak ditudala, baina goitik ez nuen maximorik jarri nahi», erran du Xilabako egungo txapeldunak. Helburu nagusia finalerdi ahalik eta hoberena egitea du, saio ederra ematea ukanen dituen bertsokide «zoragarriekin». Miarritzeko seikotea ikusiz, Txoperenak uste du aukera handiak badirela saio on bat egiteko; gaineratu duenez, sormenerako gogoz da, baita lehiarako gogoz ere.
«Txapelketarako lanketa, teknikoki bezainbat, psikologikoki ere egin behar da. Ni prestatua nintzen horretarako»

Laugarren aldia da Maddalen Arzallus Antia Euskal Herriko Txapelketan ari dela: 2009, 2017, 2022, eta 2026. Esperientzia hori guzia bizkarrean, 677,5 puntu erdietsi zituen aurtengo aldiaren lehen fasean, irailaren 27an, Lekeitioko saioan (Bizkaia). Ordu arte, biziki urrunetik begiratu dio lehen faseari, bere burua «babesteko» eta etengabe burua «zurrunbilo» horretan ez sartu behar izateko. Baina distantzia horretatik, saio «politak» iduritu zaizkio orain artekoak, eta ez du zalantzarik txapelketa «ederra» izaten ari dela.
Azken urteetako txapelketak «gaizki» bizi izan zituela kontatu du, bereziki 2022ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusia eta 2021eko Xilaba; ez zituen «batere gozatu». Baina gaur egun diferentzia handia sumatzen du «lehengo Maddalenetik oraingora», egin lanketa mentalari esker: «Txapelketarako lanketa, teknikoki bezainbat, psikologikoki ere egin behar da. Ni prestatua nintzen horretarako, eta lortu nuen saioa hasieratik bukaerara gozatzea; beraz, oroitzapen oso onak ditut».
Oraindik goiti, finalerdietako bi fase eta finala gelditzen dira, zortzi saio orotara: «garrantzitsuenak», Arzallusen ustez. Arzallus Miarritzen arituko da azaroaren 14an, eta oso pozik agertu da, bai taldearekin eta baita herriarekin ere: «Badakit hemendik aurrera etorriko den guztia oso garrantzitsua izanen dela. Badakigu bertsoa zer den, eta egun batean gauza asko jokatzen dira. Euskal Herriko Txapelketan oso gutirekin gelditu zaitezke aurrean edo atzean. Beraz, badakit ez dela erraza izanen». Aldi berean, badaki gozatzea eta onena ematea izanen duela xede hemendik goiti ere, bere burua «estutu» gabe.
«Lagun batek erran zidan ni naizen hori ongi islaturik ikusi zuela taula gainean»

Tolosako oholtzara igo, eta bertsotan aritu zen Aitor Servier Etxetxuri urriaren 4an. Saioko laugarrena izan zen, 638 puntu eskuraturik, baina bildu puntuak ez zaizkio aski izan txapelketako bigarren fasera iristeko. Manera «berezian» bizi izan du Tolosako saioa, lehen aldikotz parte hartu baitu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bertsolari gisa. «Lehen fasean, oro har, maila biziki txukuna egon dela uste dudan arren, iruditzen zait bertsolari gutik egin dutela bete-beteko saiorik. Eta segur aski bazen presio handia lehen fase horretan, eta horrek urduritasun handia eragin du bertsolariengan; bertsolari batzuei usaian ikusten ez zaizkien petoak ikusi zaizkie». Baina halere, bera gustura egon zen urriaren 4ko saioan. Uste du ariketa gehienetan utzi zuela ale ederren bat: «Lagun batek erran zidan ni naizen hori ongi islaturik ikusi zuela taula gainean, eta nekez entzun dezaket lore ederragorik. Eta egia da huts nabarmen bat egin nuela bakarkako lanean, poto egin bainuen».
Lehen aldia izan duen arren, aski ezagun egiten zaizkio lehiaketak Lapurdiko bertsolariari; hain zuzen, 2014an kantatu baitzuen Xilaban lehen aldikotz. Hortaz, eremu ezaguna zaio. Halere, «jauzi handia» sumatu du Xilabatik txapelketa nagusira: «Gehiago kostatu zait lekuan kokatzea: nola kokatu Euskal Herriko Txapelketari begira, ikusi ea zer ekarpen egin nezakeen...».
Horrez gain, gai emaileen taldeak egin lana goraipatu du: pil-pilean diren gaiak jartzeagatik, baina baita bertsolari bakoitzari moldatzeko moduko gaiak proposatzeagatik ere. «Erronka berri batzuk eman dituzte mahai gainean, estilistikoki eta artistikoki guri ahalegin bat galdetzeko. Gustatu zait fase horretan gai ez hain epiko anitz ezarri izana, eguneroko bizitzaren ingurukoak».
«Buruhausterik handiena izan da onartzea merezi nuela hor egotea, besteen eskubide bera nuela nuela horretarako»

Bere saioko bizipenak oraindik fresko ditu Irantzu Idoate Funosasek, eta, erran duenez, baliteke hurrengo asteetan beste sentsazio batzuk ukaitea. Lehen faseko azken saioan aritu zen, Agurainen, urriaren 11n. 605,5 punturekin bukatu zuen saioa; horiek horrela, fase horretan utzi behar izan du lehiaketa, beste 24 bertsolarik bezala. «Gorabeheratsua», hitz hori erabiliz definitu du nola aritu zen saio hartan: «Faseko azken saioa izanki, orduan jakitekoa genuen zeintzuk izanen ziren pasatuko ziren hamazazpi bertsolariak. Beraz, tentsio puntu hori nabari zen alde guzietatik, baina uste dut polita izan zela, gauza desberdinak kantatu genituelako, bakoitzak bere maneran. Sentsazio ona atxiki behar genuke buruan».
Idoatek azaldu duenez, lehiaketan lekua bazuela onartzea izan zaio «zailena». «Hori izan da buruhausterik handiena, onartzea merezi nuela hor egotea, besteen eskubide bera nuela hor egoteko, eta ohartzea horraino iristea lortu banuen gai nintzela urteetan eta urteetan ikusi ditudan bertsolariekin kantatzeko. Hori ere ederra da barne ariketa gisa».
Orain txapelketatik kanpo denez, txapelketa kanpoko begirada batekin «gozatuko» du, erran duenez, lehen zazpi saioek tentsioa piztu baitiote: «Orain lasai bizi nahiko nuke lehiaketa, eta gogoa dut entzule gisa bizitzeko, egiten den lanaz eta giroaz gozatzeko. Eta jendearekin egoteko eta komentatzeko, hots, orain arte gutiago egin dudan hori egiteko».