Aitor Zabaleta

Euskoa Iparra galduta

2026ko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako bestetarako eusko monetak proposatu zuen Eusko gudariak gira zioen zapia oroituko dute anitzek. Zapi ederra. Eusko gudariak abestuz faxismoari aurre egin zioten gure arbasoek XX. mendearen hastapenean; ikurrina lepoan eta Euskadiren askatasuna iparrorratz. Euskadiko gazteri berriak ezin izan zuen garaipena erdietsi, baina ez zuen etsi. Faxismo betean, ikastolak sortu zituzten Donostian, euskara irakasteko eta herri-ikuspegitik gure haurrak hezteko.

Mende-aldaketarekin etorri zen Euskadi terminoa hiru probintzietara mugatzeko joera. Ikurrina ezbaian jartzea. Baita berriki «Euskadin» ikastolak segregazio- eta zatiketa-iturri direla dioten abertzaleak ere, hiru probintzietako «Euskal» Eskola Publikoaren aldeko irrintzi betean. Eta orain, eusko moneta ez dela proiektu abertzalea azaldu berri digu, non eta Enbata-n, proiektuaren koordinatzaile nagusiak.

Hitz horien xedea izan da Hegoaldean sortzen ari den tokiko monetari eusko izena eta haren irudia erabiltzen ez uztea, eta horixe bera deliberatu da irailaren 12ko biltzar nagusian, ELA sindikatuaren proxyek bultzatuta.

Nekez uler daiteke —botere afera hutsa ez bada— ostegunean Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Baionara burujabetzaren aldeko liburua aurkeztera etorri eta larunbatean guztiz kontrakoa sustatzea. Baina, tira, argi dago eusko monetak izena ongi merezia duela: autoboikota baino gauza euskaldunagorik ez baitago.

Azken finean, Bi Bala taldeak abestu zuen modura: «Euskal Herria batzen du soilik elkar ezin ikusiak». Orain galdera sinplea da: merezi ote du abertzaleok euskoa erabiltzen jarraitzea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA