Emazte antifaxistak azken fusilatuen sostengu

1975eko iraila bukaeran, Francok bost militante fusilatzeko agindu zuen; beste hainbat militante atxilotu zituzten gainera, eta heriotza zigorrera kondenatu. Asaldaturik, milaka emazte elkartu ziren Hendaian, frankismoa eta faxismoa salatzeko.

1975eko urriaren 5eko Hendaiako Emazteen Martxa. Protestan jarriak ziren emazteen artean, Maite Idirin altxatu, eta kantu bat eman zuen. NICOLE FERNANDEZ FERRER
julene muruaga
2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1975eko irailaren 27an, Francisco Franco Espainiako diktadoreak haren diktaduraren aurka borrokatzen ziren bost militante erailtzeko agindu zuen. ETAko Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxebarria, eta FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatuak izan ziren. Frankismoko azken heriotza kondenak izan ziren. Horrez gain, beste hainbat militante atxilotu eta epaitu zituzten; zigor gogorretara kondenatu zituzten. Jokaleku horretan, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko hainbat talde eta kolektibo feministak eta antifaxistak elkartzera deitu zuten Hendaian: Hendaiako Emazteen Martxa gisa oroitzen da duela 50 urte izan zen protesta hura.   

Bost militanteak fusilatu eta astebetera, urriaren 5ean, milaka emazte elkartu ziren Pausun (Urruña), Hendaiatik Irunera protesta egiteko. Frantziako MLF Emakumeen Askapenerako Mugimenduak zuen batez ere deialdia zabaldu, Le Quotidien des femmes kazetaren bidez. Beste kolektibo batzuek ere martxara deitu zuten, MLAC (Abortuaren eta Kontrazepzioaren Askatasunaren Aldeko Mugimendua), Le Mouvement pour le Planning Familial (Planning familiarraren aldeko Mugimendua), Les petroleuses, GLIFE (Haurren eta Emazteen Arteko Lotura eta Informazio Taldea). Urriaren 2an hedatu zen deia, eta hiru egun berantago, hamarnaka autobus arribatu ziren Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko mugara. Ipar Euskal Herriko ehunka militante egon ziren bertan, baita Paristik, Marseillatik, Bordeletik (Okzitania), Genevatik (Suitza), Besançonetik (Frantzia), Bruselatik eta Italiatik jin emazte andana bat ere.

LE QUOTIDIEN DES FEMMES
'Le Quotidien des femmes' agerkariko urriaren 2ko azala, Hendaiako Emazteen Martxara deitzeko. LE QUOTIDIEN DES FEMMES

1975eko urtea, emazteen borrokari begira, urte «garrantzitsua» izan zela esplikatu du Jacqueline Idiart militante feministak. «Emazteen borrokak pil-pilean ziren garai hartan, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan. 1975 urte hasieran, adibidez, Veil Legea onartu zuten, abortua despenalizatzen zuena. Hainbat aitzinamendu baziren». Mugimendu feminista «mugitzen» zela esplikatu du Idiartek. Baina bestalde, borroka «gogorra» ere bazela azpimarratu du: «Euskal Herrian, Poliziak jendeak hartzen zituen, eta epaituak ziren nolanahika. Adibidez, Eva Foresten kasua ezaguna izan zen: atxilotu eta preso eman zuten. Haren egoera salatzeko ere elkartu ginen Hendaian. Baina ez zen bakarra, ber egoeran ziren beste hainbat militante ere baziren».

«Emazteen borrokak pil-pilean ziren garai hartan, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan.1975 urte hasieran, adibidez, 'Veil Legea' onartu zuten, abortua despenalizatzen zuena. Hainbat aitzinamendu baziren»

JACQUELINE IDIART Militante feminista

Eva Forest, politikari eta idazlea izan zen; bereziki borrokatu zen frankismoaren aurka, torturaren aurka eta emazteen borrokaren alde. Jatorriz katalana zen, baina frankismoaren azken urteetan, Euskal Herriko militantziatik hurbildu zen. 1974an, Carrero Blanco Espainiako Armadako amiral eta frankismoko buruzagiaren kontrako ETAren ekintzari buruz, Operacion Ogro idatzi zuen, Julen Agirre izenordearekin. Horren ondorioz, atxilotua eta torturatua izan zen. Hiru urtez preso egon zen, ETArekin harremanak ukaitea eta talde armatua laguntzea leporatua. Preso izan zelarik, Diario y cartas desde la carcel (Egunerokoa eta kartzelatik gutunak) liburua publikatu zuen, presondegiko biziaz. 1992an, TAT Torturaren Aurkako Taldearen sorreran parte hartu zuen, eta gaiaren inguruko hainbat liburu idatzi zituen. Garai hartako ikur bat izan zen. 2007an zendu zen.

Manifestazio plurala

1975eko urriaren 5a, goizeko hamarrak, udazkeneko egun eguzkitsua. Milako bat militante elkartu ziren Lapurdiko hirian. «Egun ohargarria izan zen. Jendea txoko guzietatik jin zen, Euskal Herritik, Frantziatik, Suitzatik, Belgikatik, Italiatik... Oroitzen dudana manifestazio horretaz da momentu indartsua izan zela. Milaka emazte elkartu ginen gure eskubideak aldarrikatzeko, baina horretaz haratago, faxismoa eta frankismoa salatzeko. Momentu oroigarria izan zen», kontatu du Jenofa Mendiburu Senpereko militante feministak. Gehitu du deia azken momentuan eginik ere antolatzeko denbora guti ukaitea ez zela «aitzakia» izan jendea ez etortzeko. «Bakoitzak gure taldeekin afixak, pankartak eta behar zen materiala preparatu genituen. Egunerako prest ginen».

(ID_17621734517865) Hendaiako emazteen martxa, 1975.
Milaka emazte elkartu ziren Hendaian 1975ko urriaren 5ean, Francok fusilatzea agindu zuen azken bost militanteen sostenguz, tartean Txiki eta Otaegi ETAko kideak —pankartan, Txiki—. NICOLE FERNANDEZ FERRER

Nicole Fernandez Ferrer, Simone de Beauvoir ikus-entzunezko zentroko lehendakaria da; hainbat urtez zinema feministaren arloan lan egin du. Bera ere Emazteen Martxara etorri zen. Rouenen (Normandia) bizi zen garai hartan, eta bertako talde feministan ibiltzen zen. Frantziako hainbat talde feministak egin zuten bezala, urriaren 4an, gauez, autobusa hartu, eta Hendaiara arribatu zen biharamun goizerako. 

Kontatu du manifestazioan anitz markatu zuena jendearen aniztasuna izan zela: «Ez ziren Euskal Herriko edo Frantziako militanteak baizik, baziren ere Latinoamerikatik erbesteratu ziren emazteak, baita Espainiatik eta Hego Euskal Herritik ihes egin zuten emazte anitz ere. Adin eta belaunaldi guzietako emazteak bildu ginen. Bakoitza bere egoera salatzeko jina zen. Ez dut anitzetan horrelako elkarretaratzerik ikusi, leku hain desberdinetatik eta adin hain desberdineko jendearen arteko nahasketarekin».

Frankismoa salatu, Frantzia ere bai

Bizia, elkartasuna eta borroka. Hiru hitz horiek ziren manifestaldiaren esloganak. «Baziren eslogan guztien artean, gehien maitatu nuena hauxe zen: Matxismoa, faxismoaren ohatzea. Garaia ontsa laburbiltzen zuen esaldia zela iruditu zitzaidan. Han ginen, bistan dena, frankismoaren aurka borrokatzeko, baina baita indarkeria guztien kontra ere, eta bereziki emazteen kontrako indarkeriaren kontra. Frankismoa, matxismoa eta faxismoa lotzen genituen», segurtatu du Idiartek. Fernandez Ferrerrek beste salaketarik egiten zutela ere aipatu du, Espainiako Gobernuaren eta Frantziako Gobernuaren arteko sekretuzko lankidetzari buruzkoa, preseski: «Bi gobernuen sekretuzko hitzarmena aipatu zen manifestaldian. Frantziako Polizia zen biziki presente bi estatuen arteko mugan, eta haiek zituzten jendeak gelditzen, atxilotzen eta salatzen».

(ID_17621734722805) Hendaiako emazteen martxa, 1975ean. NICOLE FERNANDEZ FERRER
Frantziako Polizia Hendaiako emazteen martxan, 1975eko urriaren 5ean. NICOLE FERNANDEZ FERRER

Martxa Pausuko zubian bukatu zen, eta bertan 80 bat minutuko eserialdi bat egin zuten militanteek. «Martxa denboran, bazen polizia anitz. Eta gu haiekin parez pare gelditu ginen luzaz. Martxa egin eta gero, mugan jarri ginen, eserialdi bat egin genuen, Poliziari buruz. Mugan zen polizia postua hetsia egon zen manifestazio denboran. Halere, ekitaldia makur gabe bukatu zen», kontatu du Mendiburuk.

Martxa giro «onean» pasatu zela kontatu dute bertan egon ziren hiru emazteek. «Borrokatzera eta salatzera jinak ginen, baina ez du kentzen doinu ederrekin pasatu zela martxa. Kantu anitz izan zen, bereziki euskal kantuak», erran du Idiartek. Halaxe gogoratzen du Fernandez Ferrerrek ere: «Euskal kantu anitz izan ziren. Nik ez nituen hitzak ulertzen, euskaraz baitziren, baina transmititu nahi ziren mezuak ulertzen nituen, hain ziren ederrak. Ahotsen bidez transmititutako emozioek dena erraten zuten». Kantu guztien artean, bat egon da bertaratu zirenen gogoan bereziki, Maite Idirinek kantatu zuena.

«72 urte ditut, badu aspaldi mugimendu feministetan eta manifestaldietan ibiltzen naizela. Uste dut ez dudala sekula berriz halako emazte manifestaldirik ikusi. Emazteen egoera orokorra salatzeko zen, baina abiapuntua izan ziren bost erailketak horiek ziren, Europako leku jakin bati lotua zen gertakari bat izan zen. Ez dut uste berriz gertatu denik»

NICOLE FERNANDEZ FERRER Militante feminista

«Mugan jarriak ginelarik, Maite Idirin altxatu zen emazte masa horren artean; megafonoa hartu, eta Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea olerkia kantatu zuen finki, 'Nire amaren etxea defendituko dut' hitzekin ordezkatuz. Miresgarria izan zen», oroitu du Idiartek. 2024an, Arantza Santestebanek, BERRIAn publikatu iritzi batean, Idirinen hautua azaldu zuen: «Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poemaren bertsioa aukeratu zuen okasiorako, eta zeinen ederra: aita hitzaren lekuan ama jarri zuen. Etxea, eta Arestiren poeman uler daitekeen etxe-nazio kontzeptua biratu zuen, halako keinuz, zeinetan iradokitzen duen amaren etxea eremu arras politizatua dela eta haren esanahia kale-espazio horretan aldarrikatu behar zela».

(ID_17621793989455) Hendaiako emazteen martxa, 1975. Quotidien des femmes aldizkarit
Matxismoa, faxismoaren ohatzea zioen pankarta, 1975eko urriaren 5eko Hendaiako protestan. LE QUOTIDIEN DES FEMMES

Garai hartako mobilizazio gaitasuna izan du gogoan Fernandez Ferrerrek: «Gaur egun, 72 urte ditut, badu aspaldi mugimendu feministetan eta manifestazioetan ibiltzen naizela. Uste dut ez dudala sekula berriz halako emazte martxarik ikusi. Emazteen egoera orokorra salatzeko zen, baina abiapuntua izan zen bost fusilatu horiena, Europako leku zehatz bati lotua zen gertakaria izan zen. Eta epe bizki laburrean, jadanik Europan zehar oihartzuna ukan zuen, herrialde desberdinetatik etorri ziren emazteak. Ez dut uste berriz gertatu denik». Fernandez Ferrerrek, erraterako, gertakariaren argazkiak hartu zituen, baina denboraren poderioz galdu zituen. Badu orain hiru urte berriz atzeman zituela. Argazki horiekin feminismoaren historiari buruzko erakusketak egin izan ditu hainbat lekutan. Horrekin batera, berriz atera dute Simone de Beauvoir zentroarekin martxari buruz egin zuten filma eta dokumentala, zeinetan manifestarien lekukotasunak agertzen diren, baita fusilatu zituzten bost militanteen ama batzuen lekukotasunak ere. Simone de Beauvoir ikus-entzunezeko zentroaren artxiboetan ikusgai dira bi film horiek. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.