Luzaideko eskolako zuzendaria

Anabel Elizondo: «Gure bi herri ttipiak elkarrekin lanean ikustea erabat hunkigarria da»

2016an sortu zen Luzaide eta Arnegiko eskolen mugaz gaindiko proiektua. Badu orain hamar urte bi probintzietako haurrek elkarrekin ikasten dutela, hiru elez. Luzaideko eskolako zuzendariaren aburuz, proiektuak herrien arteko harremana sendotu du.

Anabel Elizondo
Anabel Elizondo, Luzaideko eskolako zuzendaria, aste hasieran, Luzaiden. IDOIA ZABALETA / FOKU
julene muruaga
2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroa gora eta behera. Luzaide (Nafarroa) eta Arnegi (Nafarroa Beherea). Bi probintzia, bi eraikin, baina ber eskola: bi herri baina ber izpiritua. Badu orain hamar urte bi herrietako eskolak elkartu direla, ber irakaskuntza proiektua segitzeko. Hain zuzen, 2015ean, bi herrietako eskolei batzea proposatua izan zitzaien mugaz gaindiko proiektu bat egiteko. Proposamena onartu, funtzionamendua landu, eta, orain, ezohiko eskola horrek hamar urteko ibilbidea egin du. Luzaideko irakaslea da Anabel Elizondo, eta, aldaketei egokiturik, arras kontent agertu da proiektuaz. Urtemuga ospatzeko, eskolak besta bat antolatu du astebururako. 

2016 egin zen lehen ikasturtea Arnegi eta Luzaideko eskolen artean.

Proiektua edo ideia 2015ean loratu zen. Garai hartan, eremurako moldaketa bat egiten ari ziren Frantzian, osatzen hasi ziren RPI Regroupement Pedagogique Intercommunal deitzen direnak. Eta ikusi zuten Arnegitik hurbilen zegoen herria Luzaide zela, eta proposatu zioten Nafarroako Gobernuari edo Hezkuntza Departamentuko arduradunei RPI hori egitea, Arnegin eta Luzaiden. Hortik hasi zen. Eta 2016 eta 2017ko ikasturtean hasi ginen elkarrekin lan egiten.

Proposamena ukan bezain laster, nolako erreakzioak ukan zenituzten? Ezohiko proposamena da...

Egia esan, proposatu zigutenean zaila ikusi genuen, oso zaila, zeren eta gauza erabat ezberdinak baziren. Batez ere Arnegiko eskolan, ia-ia dena frantsesez egiten zen, eta pixka bat euskaraz. Luzaideko eskolan, aldiz, hiru hizkuntzak lantzen ziren dagoeneko: pixka bat frantsesa, gaztelera eta euskara. Orduan hasieran hortik ikusten genituen arazoak: ez genekien bat-batean talde guztiak elkarrekin batzea posible izanen zen. 

Orduan proposatu zuten beste modu batean lan egitea urte zenbaitzuez, eta poliki-poliki elkartzea taldeak, eta Arnegiko eskola elebiduna bihurtzea. Eta, bitartean, ikasle zaharrenekin beste modu batez lan egitea, proiektuen bidez, adibidez.

Haurrek nola bizi izan zuten aldaketa hori?

Beste proiektu bat balitz bezala hartu zuten. Hasieran ohitura batzuk arraroak egiten zitzaizkien, bai Luzaidekoei, bai Arnegikoei. Baina, halere, nahiko fite laketu ziren egoeraz.

Eta zuek lan gehiago ukan zenuten, ezta?

Bai. Guk lan gehiago izan genuen dena moldatzeko eta klaseak emateko moduan ere bai… Hor zailtasun gehiago izan genituen, baina bueno, aurrera atera zen.

Izpirituan eskola bakarra zarete, baina fisikoki bi eskola badira. Joan-jinka ari zarete.

Egiten duguna da Luzaideko eskolara jiten direla Arnegiko eta Luzaideko haur hezkuntzako haurrak, hots, haur ttipiak, hiru urtez. Gero, erdiko mailakoak joaten dira Arnegiko eskolara. Eta gero, zaharrenak berriz etortzen dira Luzaidera bi edo hiru urtez. Baina ibilbide akademiko bera da guztiendako.

Bi eskolak bi estatu desberdinen menpe kokatzen dira. Administratiboki nola doa?

Moldatu gara. Hartzen dugu erreferente gisa non dagoen inskribatuta haur hori, hau da, matrikula non egin duen. Eta horko administrazioak erraten duena egiten dugu, eta jarraitzen diegu horko irizpideei eta legeei. Baina, azkenean, egunerokotan ez dira hain ezberdinak eta hain zailak eramateko.

Horrez gain, Ipar Euskal Herriko haurren eta Hego Euskal Herriko haurren lan baldintzak eta ereduak ez dira beti berdinak: ordutegiak, egutegiak, programak…

Programak, berez, ez dira hain ezberdinak. Baina bai bada desberdintasuna ebaluazioetan, adibidez: hori bakoitzak gure erara egin behar dugu. Ohitu gara taldeka lan egiten, irakasleen artean, eta ebaluatzen haur guztiak banan-banan bi ikuspuntutatik.

Egutegiari dagokionez, urtero adostu behar dugu bat, eta egutegi horretan kontuan hartu behar dugu Arnegiko eskola behartuta dagoela ez dakit zenbat ordu egitera ikasturtean, eta gu, berriz, urtean 175 egun klase egitera. Orduan begiratzen dugu egutegia, errespetatzen ditugu festak, bai alde batekoak, bai bestekoak. Eta, hori kontuan hartuz, urtero egin behar dugu egutegi ezberdin bat. Eta ordutegietan bai izan ditugu aldaketak: adibidez, hemen asteazkenetan lan egiten dugu eskolan, lan eguna da guretzat, motza, baina lan eguna. Eta, aldiz, irailean eta ekainean arratsaldez ez dugu lan egiten. Ohitu gara, eta orain guretzat arrunta da.

Zuen ikasleek hiru hizkuntzetan lan egiten dute. Eta horren inguruko aurreiritzi anitz bada, haurrak hizkuntza bat baino gehiago ikasten badu zailtasun gehiago ukanen dituela lan egiteko, edo nahasiago izanen dela, adibidez. Zer diozue horri buruz?

Nafarroan urte asko daramagu hiru hizkuntzak ikasten, eta kontrakoa uste dugu. Hizkuntza anitz ikasteak haurrei malgutasuna ematen die, burmuinaren sentsibilitate bat lortzen dute hizkuntza batetik bestera pasatuz. Ez baldin badute hitz bat hizkuntza batean harrapatzen, beste batean erranen dute. Eta komunikatzeko gaitasuna zabaltzen da. Hori oso argi dago.

Mugaz gaindiko elkarlan horrek zer ekarri die bi herriei eta, oro har, herritarrei?

Proiektua planteatu zenean, helburu batzuk jarri ziren, eta horien artean hizkuntzaren ikaskuntza bazen. Baina bazen beste helburu bat ere, arlo sozialari zegokiona, herri mailan oso garrantzizkoa. Guk uste dugu aldaketa asko nabaritzen dela. Bi herrien arteko harremana askoz ere handiagoa da, askoz ere sakonagoa da, eta hori oso aberasgarria da. Gure bi herri ttipiak horrela ikustea, elkarrekin lanean, proiektuak amankomunean jartzen eta aurrera ateratzen, erabat hunkigarria da. Jendeen arteko harremana sendotu da asko. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA