Bigarren itzulia egiteko duten 11 herrietan, gaur hautatuko dute auzapeza

Baionan, ezkerrak bat egin du, eta, Miarritzen, berriz, Arostegi bakarrik gelditu da aliantzak lortu dituzten bi blokeren parean. Beste herrietan denetan, zerrenda abertzaleak lorpen berrien zain dira.

Herritar bat bozkatzen, herriko bozen lehen itzulian. PATXI BELTZAIZ
Herritar bat bozkatzen, herriko bozen lehen itzulian. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur, Ipar Euskal Herriko 11 herritan, herriko bozen bigarren itzulian bozkatuko dute herritarrek, eta datozen sei urteetarako auzapezak hautatuko dituzte. Hauek dira herriak: Arbona, Azkaine, Baiona, Beskoitze, Bokale, Donibane Lohizune, Kanbo, Maule, Miarritze, Hendaia eta Urruña.

Hiru zerrenda lehiatuko dira bigarren itzulian, herri batean izan ezik: Bokalen. Bertan lau zerrenda aurkeztu dira. Dena den, aliantzak ukatu dituzte herri gehienetan, Baionan eta Miarritzen salbu, Ipar Euskal Herriko bi hiri handienak. Baionan, alde batetik, aliantza lortu du ezkerrak: Jean Claude Iriarten eta Henri Etxetoren zerrendek akordioa lortu dute, eta hori baino sorpresa handiagorik ez da usu izan. Biak dira ezkerreko zerrendak, baina abertzalea da lehena, eta jakobinoa bestea. Lehen itzulian, joan den igandean, Jean Rene Etxegarai oraingo auzapeza gailendu zen Lapurdiko hiriburuan, bozen %42,11 bildurik. Gibeletik lehena Iriart (EH Bai) izan zen, ezkerraren batasunaren zerrendaren gidaria (%21,99), eta hirugarren, Etxeto PS Frantziako Alderdi Sozialistako kidea, PCFkoekin batera egindako zerrendaren buru (%21,37).

Eskuin muturrak bozen %10,7 lortu zituen, eta Sandra Pereira intsumisoak, %4 eskas. Datu horiekin, Pereira ezin da bigarren itzulian aurkeztu, eta, askorik ez badu zehaztu ere, «eskuinaren eta eskuin muturraren kontra» bozkatzera deitu du gaurko.

Hala, Iriart izanen duela buru, Elkarrekin Baionarentzat zerrenda osatu berriak Etxegarairenari buru eginen dio gaur.

Miarritzen, bi aliantza

Miarritzen ere izan da mugimendua. Horrela bukatu zen joan den igandeko boza: Serge Blanco errugbilari profesional ohiak bozen %26,7 bildu zituen, eta, hurbil-hurbiletik, Maider Arostegi auzapezak %26,6 lortu zituen, hots, hamabi boz gutiago. Gibeletik ukan dituzte Ana Ezkurra ezkerreko zerrenda herritarraren burua (%17,82), Jean Baptiste Dussaussois Larralde macronista (%13,11) eta Guillaume Barucq zentrista (%12,15).

Bi eguneko elkarrizketen ondotik, joan den astearte arratsean argitu zen aliantzen panorama: Blancok bat egitea ukatu zion Ezkurra ezkerreko zerrendaburuari; Biarritz Berri zerrendako gidariak eskua luzatu zion errugbilari ohiari, «jendea batzeko eta egiazko aldizkatzea sortzeko Miarritzen», baina elkarrizketek ez zuten luze iraun. Handik gutxira, Ezkurrak iragarri zuen Barucqekin eginen zuela aitzina, eta Blancok, Dussaussois Larralde batuko zitzaiola. Hots, Arostegi bakarrik gelditu da bigarren itzulira begira, hasieran Dussaussois Larralderengana egitea entseaturik ere.

Segur aski, zaila gertatuko zaio oraingo auzapezari Blancok osatu duen aliantzari buru egitea, jakinez eta lehen itzulian, jadanik, aitzinean zuela gutiz izanik ere.

Besteetan, bakoitza bere alde

Bigarren itzulira iritsi diren beste bederatzi herrietan, aliantzarik ez da izan, ezta galde ofizialik ere, Maulen izan ezik: Beñat Elkegarai (EH Bai) ezkerreko zerrendaren buruak Armanda Akozek gidatzen duen eskuineko zerrendari proposatu zion aliantza astearte goizean; ezezkoa jaso zuen, ordea. Elkegaraik «kooperazio oro ukatu izana» gaitzetsi du bigarren itzulira begirako agirian. Hala, Louis Labadot oraingo auzapezaren parean bi zerrenda izanen dira oraingo honetan ere. Lehen itzulian, bozen %44,19 lortu zituen; Elkegaraik, %29,61, eta Akozek, %26,20.

Kanbon, Peio Etxeleku izan zen lehen, bozen %39,6 lorturik. Gibeletik baratu zaizkio Christian Deveze oraingo auzapeza (%35) eta Argitxu Hiriart-urruti abertzalea (%25,5). Han ere ez, aliantzarik ez. Erran denez, elkarrizketarik ez da izan, ez da gogo berezirik ere. Beraz, hiru zerrendek horien aldetik eginen dute aitzina.

Urruñan ere, bakoitza bere aldetik: oraingo auzapez Filipe Aramendik bigarren bukatu zuen igandean, bozen %35,1 lorturik; Sebastien Etxebarnek bozen %36,9 bildu zituen, eta Martine Mignot-Carme gelditu zen hirugarren (%28).

Eta berdintsu ibiliko dira Hendaian, Azkainen, Arbonan, Donibane Lohizunen, Bokalen eta Beskoitzen ere: bost herri horietan bada ezkerreko zerrenda bat abertzaleak hartzen dituena, eta parean bi edo hiru zerrenda dituzte, herrien arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!