Negoziazioen bigarren egunean, argitzen hasia da bigarren itzulirako panorama. Baionako ezkerrak aliantza egin duela iragarri du goizean, eta hiri handienetan bigarrenaren aldia jin da: Miarritzen (Lapurdi), Serge Blancok bat egitea ukatu dio Ana Ezkurra ezkerreko zerrendaburuari; Biarritz Berri zerrendako gidariak eskua luzatu zion errugbilari ohiari, «jendea batzeko eta egiazko aldizkatzea sortzeko Miarritzen», baina elkarrizketek ez dute luze iraun. Handik gutxira, Ezkurrak iragarri du Guillaume Barucqekin eginen duela aitzina, eta Blancok Jean Baptiste Dussaussois batuko zaiola. Hots, Maider Arostegi bakarrik gelditu da bigarren itzulira begira, bere borondatez, errana baitzuen ez zitzaiola ez ezkerrari ez Riochard Tarditsi lotuko; Tarditsek, hain zuzen, adierazi du politika utziko duela.Â
Ikusi gehiago
Amaitu da zerrendek aliantzak osatzeko epea; beraz, heldu den iganderako lehiako taldeak zehaztuak dira jada. Baionan eta Miarritzen izan ezik, konfigurazio berari segituz iraganen da bigarren itzulia, bozen %10 baino gutiago lortuak zituzten zerrendak kendurik, ez baitute bigarren itzulian parte hartzeko aukerarik aliantza bidez ez bada.
Ezezkoa jaso duten bi aliantza saiakera izan dira: lehena Miarritzekoa, Ezkurra eta Blancoren artekoa, eta, bigarrena Maulekoa, Beñat Elkegarai abertzalearen eta Armanda Akozeren artekoa.
Izan ere, La République des Pyrénées hedabideak agertu duenez, Elkegaraik bat egitea proposatu dio goizean Akozeri, Michel Etxebest auzapez ohiaren eskuineko zerrendaren segida hartu duen hautagaiari. 2020ko bozetan, kontrakoa gertatu zen, Elkegaraik oraingo auzapez Louis Labadoti proposatu baitzion batzea, Etxebesten kontra. Labadotek bezala —hauteskundeak irabazi zituen urte hartan—, Akozek ere ezezkoa eman dio Elkegarairi. Hots, hiru zerrendek beren aldetik segituko dute bigarren itzulian, eta Labadotek xantza handiak ditu herriko etxea beste agintaldi batez gidatzeko, bozen %44,2 lortu baitzituen igandean; Elkegaraik %29,6 bildu zituen, eta Akozek %26,2.
Abertzaleak, mugan
Urruñan (Lapurdi) nahasia da giroa. Oraingo auzapez Filipe Aramendik bigarren bukatu zuen igandean, bozen %35,1 lorturik: Sebastien Etxebarnek bozen %36,9 bildu zituen, eta Martine Mignot-Carme gelditu zen hirugarren (%28). Azken horrek gaur erran duenez, ez zaio Etxebarneri batuko, eta hiru zerrendek eginen dute aitzina. Aramendik, beraz, herriko etxea galtzeko arriskua du.
Kanbon (Lapurdi) Peio Etxeleku izan da lehen, bozen %39,6 lorturik. Gibeletik baratu zaio Christian Deveze oraingo auzapeza (%35), eta Argitxu Hiriart-urruti abertzalea izan da hirugarren (%25,5). Etxeleku oposiziokoekin mintzatzeko biziki prest agertu da hasieratik, eta baita lehen itzulitik landa ere; aitzinetik errana zuen auzapez bilakatzen bazen axuant postuetarik bat oposizioko kide bati emanen ziola. Hiriart-Urrutik, ordea, fite argitu zuen astelehen goizean beren ildoari jarraikiko zitzaizkiola, aliantzarik gabe. Devezek ere bere aldetik segituko du, eta, lehen itzuliko emaitzei begiratuz gero, pentsa liteke Etxelekuk auzapez izateko xantzak dituela, eta, hala, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzara aurkezteko aukerak ere bai.
Berdintsu ibiliko dira Hendaian, Azkainen, Arbonan, Donibane Lohizunen, Bokalen eta Beskoitzen ere: bost herri horietan bada ezkerreko zerrenda bat abertzaleak hartzen dituena, et, parean bi zerrenda dituzte gutienez. Bokalen, haatik, lau zerrendak segituko dute lehian; beraz, ezkerrekoak hiru ditu parean; halere, lehen itzuliko emaitzen arabera eta aliantzarik ez baita sortu, litekeena da Mathieu Horn buru duen zerrenda gailentzea (%28,4).