Uztaileko hilabetea lehorra eta beroa izan da, eta badirudi agorril hasiera honetan segida izango duela larrialdiak. Aurreikuspen meteorologikoek ez dute aldaketarik iragartzen, eta euri faltari ahal bezala aurre egin behar zaio. Uztailaren 28tik, Pirinio Atlantikoetako prefeturak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa alerta gorrian jarri zituen ur kontsumoari begira. Orain, murrizketa guziei eusteaz gain, ebatzi du Errobi ibaia eta inguruko errekak krisialdian direla. Horrek erran nahi du ibaitik jalgitako ur baliabide guziak zorrozki neurtuko direla, eta kasu berezi batzuentzat baizik ez direla erabiltzen ahalko. Gauza bera egin dute Zuberoa trabeskatzen duen Uhaitza ibaiarekin ere.
Ikusi gehiago
Neurri horrek laborantza sektoreko ur kontsumoa apalduko du, eta berriz ere lanjerean jarriko ditu ekoizle bat baino gehiago. Izan ere, nekazariek ezingo dute Errobitik ura hartu, salbu baratzezaintzarako edota arbolazaintza berezirako baldin bada. Baratzezainen kasuan, 20:00etatik 08:00etara ureztatzea posible izango dute, eta, arbolentzat, ureztatze sistema kontrolatu baten barnean baizik ez da erabiltzen ahalko. Neurri horiekin, prefeturak ibaien «gutieneko emaria» eta «egoera ekologiko ona» mantendu nahi ditu, edateko uraren erreserbak eta baliabideak zainduz.
DATUA
Â%65Â
Zenbat prezipitazio gutiago. Aurten usaian baino %65 prezipitazio gutiago izan da uztailean.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko aro ikerleen arabera, klima larrialdia geroz eta nabariagoa den garaiotan, euri faltak tenperaturen igotzearekin bat egin du. Izan ere, egunez, batez bestean, tenperatura gorenak baino bost gradu gorago ibili da termometroa, beste urteetako uztaileko datuekin konparatuta. Euskal Hirigune Elkargoa prefeturaren hitzekin bat dator, eta ohartarazi du orduan neurtutako ibaietako ur markak maila «oso kezkagarrietara» iritsi zirela. Geroztik, ur heinak ez dira igo, eta pentsatzekoa da egoera larrituko dela, ez baitago euririk iragarria. Hala ere, prefeturak astez asteko neurketak segituko dituela zehaztu du, ureztatze neurriak ekoizpen ezberdinen beharrei egokitzeko.
Datu zientifikoek tokiko errealitatea baizik ez dute erakusten, non baliabide faltak jadanik ondorio latzak eragin dituen. Teo Riouspeyrous Irulegiko (Nafarroa Beherea) Arretxea etxaldeko mahastizainak bere lekukotasuna eman du Euskal Irratietan. Ur eskasetan direlarik, lurrak arnoaren osaketan eragiten du. Edariaren alkohola eta gorputza gehiago sentitzen dira, eta desorekak eragiten ditu zaporean. Riouspeyrousek dionez, jadanik «%30eko galtzeak» aurreikusten dituzte beren etxaldean, idorte luzeen eta beroteen ondorioz. Gainera, oraingo aurreikuspenak baizik ez dira horiek, kontuan hartu gabe ondoko asteetan egoera larriagoa izan daitekeela, haren erranetan.
Beste neurri batzuk, bere hartan
Ur edangarriaren kontsumoarentzat ez dago aldaketarik. Pertsona orok ur kontsumoa bakarrik beharrezkoak zaizkion jardueretara mugatu beharko du. Ondorioz, debekatua zaio edonori kanpoko eremuen ureztatzea 08:00etatik 20:00etara. Etxeko ibilgailuak edota teilatuak, murruak eta gaineratekoak garbitzea ezinezkoa izango da, baita igerileku pribatuen betetzea ere. Igerileku publikoak ere ezingo dira bete, salbu Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziak (ARS) kontrakoa ez badu erraten. Kirol zelaiei dagokienez, egunean zehar ezinezkoa izango da horiek ureztatzea, eta baimendutako tenoreetan baizik ez dira ureztatzen ahalko, astean bitan.
Enpresentzat eta profesionalentzat neurri berdintsuak plantan jarriko dira, gehienetan segurtasunari eta osasunari lotutako salbuespenak aplikatuta. Murrizketa guzien zerrendak Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren eta Euskal Elkargoaren webguneetan atzeman daitezke. Bestalde, Elkargoak azpimarratu du 1.500 eurotik gorako isunak aurreikusten direla murrizketak errespetatzen ez dituztenentzat. Enpresentzat, berriz, 7.500 eurorainokoak ere izan daitezke isunak.