XABIER HARLUXET

Klima eta interes orokorra, eskuz esku!

2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriko Etxeen mailatik, usu, klima aldaketa urruneko arazo abstraktu gisa ikusia izaten ahal da. Alta, Euskal Herriko biztanleentzat, gero eta hurbilagoa da: bero boladak, uholdeak, ur eskasia edo energia fakturen gorakada eguneroko errealitate bilakatzen ari dira. Herritarren bizi kalitatea eta segurtasun osoan bizitzeko baldintzak jokoan direnean, klimaren auzia ez da gai teorikoa, interes orokorraren muina baizik.

Herriko Etxeek kudeatzen eta bermatzen duten interes orokorra da pertsona guziek duintasunez, segurtasunean eta baldintza onetan bizitzeko aukera izatea; ontsalaz, besteei edo etorkizuneko belaunaldiei kalte egin gabe. Bero handiek pertsona ahulenak arriskuan ezartzen dituzte; aire kutsatuak arnasketa arazoak eta osasun gastuak handitzen ditu; gaizki isolaturiko etxeek hotza, beroa eta faktura handiak ekartzen dituzte. Klima neurriak hartzea, beraz, ez da sakrifizio bat: eritasun gutiago, erosotasun handiagoa eta gastu ttipiagoak ukaitea erran nahi du.

Uholde baten ondorioen konpontzea edo idorte baten kalteak ordaintzea aitzinetik egokitzea baino askoz karioago da. Beroak kalteturiko bideak, ur sareen tentsioak edo energia prezioen gorakadak Herriko Etxeen buxetak ahultzen dituzte. Kudeatzaile arduratsu batek ez duenez egoera jasaten, baizik eta aitzinetik ikusten, klima politikak kontuan hartu behar ditu. Klimaren arloan geldirik egotea hauturik karioena da eta!

Bestalde, tokiko neurri askok eguneroko bizia zuzenean hobetzen dute. Arbola gehiago karriketan, freskotasuna eta itzala; auto gutiago, harrabots eta arrisku gutiago; etxebizitzen berritze energetikoa, neguan bero eta udan freskoago; oinezkoendako eta bizikletendako bideek osasuna eta autonomia indartzen dituzte. Klima politikak irabazi bikoitza dira: ingurumenarentzat eta herritarrentzat.

Herritarrek, ororen buru, ekintzak espero dituzte, ez hitz handiak. Trantsizioari buruzko diskurtso orokorrek gero eta gutiago konbentzitzen dute. Karrikan, eskolan edo etxebizitzan zinezko aldaketa ikusten denean sortzen da konfiantza politikoa. Ikusgaiak diren neurriak dira kargualdiei zilegitasuna ematen dietenak.

Herriko Etxeek badute gaitasuna berehala eragiteko: hirigintza, mugikortasuna, espazio berdeak, jantoki publikoak edo herriko eraikinak kudeatzen dituzte. Tokiko erabakiek emaitza lasterrak eta zehatzak sortzen dituzte, eta horrek erakusten du politika oraino herritarren zerbitzura izaten ahal dela.

Azken finean, klima erronkari buru egitea aukera bat da: osagarria babesteko, gastuak murrizteko eta herriak atseginago egiteko. Borroka horrek bizi kalitatea hobetzen badu eta etorkizuneko kalteak saihesten baditu, argi da klimaren arloan geldirik egotea ez dela interes orokorraren defendatzea. Alderantziz, ekitea da gaurko eta biharko herritarren konfiantza sendotzeko biderik sinesgarriena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA