Laure Zacchello desagertua da 2024ko ekainaren 20tik, eta haren senar ohiak, Alexis Juretek, bi urte daramatza atxilo, Mont-de-Marsango presondegian (Okzitania) . Orain arte «bikotekidearen hilketa» egozten zioten, baina gaur jakinarazi dute «erailketa delitua» leporatuta epaituko dutela. Bi kasuetan betiko kartzela zigorra ezarriko liokete, baina erailketa delitua leporatu izanak erakusten du epaileek pentsatzen dutela premeditazioa egon zela.
Ikusi gehiago
Desagertzea ikertu zutenean, berehala baztertu zuten «ebasketaren» hipotesia, eta gizonaren portaerari erreparatu zioten; horiek horrela, ondorioztatu zuten 43 urteko emaztea hil ondoren haren gorpua ezkutatu zuela, argi nabarmenduta «seinale larriak» badirela hori horrela izan zela uste izateko. Hala, emaztekia desagertu zenean senarra galdekatu zuten, eta preso sartu zuten handik egun batzuetara; ordu hartan Baionako prokuradoreak mahai gainean jarri zuen hilketa matxistaren hipotesia.
Zacchello ezkondua zen, eta dibortzio bidean. Prokuradoreak hilketa matxistaren hipotesia mahai gainean jarri zuenean, agerian utzi zuen susmoak izateko motiboetako bat. «Testuingurua: bikotea bereizteko bidean da, eta, dirudienez, auzipetuak, senarrak, gaizki darama banaketa», adierazi zuen prokuradoreak. Bikoteak etxe bat zuela erran zuen, eta martxotik senarra eta emaztea txandaka ibiltzen zirela haurrak bertan zaintzeko. Hiru haur dituzte.
2024ko azaroaren 13an deklaratu zuen gizonak lehenbizikoz, Baionan. Zortzi orduz egon zen galderak erantzuten, eta ukatu zuen desagertzearekin inolako loturarik izatea, eta adierazi zuen kezkatuta dagoela emaztea falta delako.
Auzipetua
Emaztearen erailketa eta desagerraraztea egozten zaiolako ez ezik, lankide bati fisikoki erasotzeagatik ere justiziaren aitzinean egon da Juret. Hain zuzen, Baionako Auzitegiak lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion iazko azaroan, gibelapenarekin.
2024ko apirilean gertatu zen: biak Baionako Louis de Foix lizeoan lanean ibiltzen ziren; Fisika eta Kimika irakaslea zen Juret, eta teknikaria, berriz, salaketa jarri zuen emaztekia. Teknikariak materiala behar bezala prestatu ez ziolakoan, gizona haserretu eta lankidea lepotik hartu zuen eskuekin, ito nahian. Laure Zacchello desagertu baino bi hilabete lehenago izan zen hori.

