Liburu mardula da Tropezones dorados a modo de adquines. Microlugares para la memoria de la represión en navarra (1936-1939): Roldan Jimeno Arangurenek ondutako 840 orrialdeko lan bat, alegia; egileak, baina, nabarmendu du anitzez ere laburragoak diren bertze liburu batzuk baino «errazago» idatzi duela. Pamielak argitaratu du, eta Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak egindako lan jakin bat hartu du oinarri: errepresio frankistaren biktimak oroitzeko herrialdeko hamaika herritako karriketan jarritako tupustarriak. 2015etik, denera, 515 paratu dituzte. Nafarroan, gerra fronterik ez izan arren, 3.500 herritar inguru fusilatu zituzten.
Ikusi gehiago
Jimenok 1999an argitaratu zuen memoria historikoari buruzko bere lehen artikulua, Geronimo de Uztariz aldizkarian. Gai horren inguruko interesa, halere, lehenago piztu zitzaion. «Berezkoa dut lan esparru hori». Izan ere, hark etxean izan zuen frankismoak eragindako errepresioa ezagutzeko egindako lanaren arloko eredu nagusietako bat: Jose Maria Jimeno Jurio ikerlaria aita izan zuen. «Behin, haur bat nintzela, Cascanteko ostatu batean eman genituen udako hainbat aste. Aita testigantzak jasotzen aritu zen Erriberako herrietan, eta ama [Elena Aranguren] eta biok herriko igerilekuan pasatzen genituen arratsaldeak», oroitu du Jimeno Arangurenek. «Fusilatuen gorpuzkiak desobiratzeko lanetara ere noiznahi joaten nintzen», erantsi du.
Jimenok etxean ikasi zuen «ezinbestekoa» dela errepresio frankistaren arrasto oro lur azpitik ateratzeko lan egitea. Aita eredu izan zuen, eta ama ere bai. Tupustarrien inguruko liburua idazteko prozesuan, hain zuzen, ama zaintzen pasatutako arratsaldeetan egindako lana nabarmendu du egileak. Elena Aranguren uztailean zendu zen, eta liburuan omenaldia egin nahi izan dio semeak. Zehazki, Arangurenek 2013ko apirilaren 14an Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak antolatutako ekinaldian irakurritako testua jaso du egileak. «Amak, testu hartan, aitaren lana aipatu zuen. Beraz, biak omendu ahal izan ditut», erran du Jimeno Arangurenek, hunkituta.

Gurasoak omendu ditu, eta 36ko errepresioaren biktimak ere bai. Helburu hori baitute liburuan oinarri hartu dituen tupustarriek. 2015ean jarri zituzten lehendabizikoak herrialdean, eta azkenak, berriz, berriki paratu dituzte Tuterako karriketan. Ekinaldi horrek eztabaida piztu du, Tuterako alkate Alejandro Toquerok fusilatuen senideen aurka egin baitu. Alkatearen hitzetan, udalaren baimenik gabe jarri dituzte Tuterako tupustarriak. Fusilatuen senideen elkarteko kideek gezurtatu dituzte Toqueroren hitzak, eta udaleko kideak omenaldira gonbidatu ere egin zituztela nabarmendu dute.
«Tuterako Udalak ez du batere lagundu; ez da ohikoena, ordea», azpimarratu du Jimenok. Zehaztu du, halere, herriz herriko memoria historikoari buruzko dinamikak «askotarikoak» direla eta nork bere bidea egiten duela. Tokian tokikoen lana bere liburua osatzeko oinarri hartu duela erantsi du historialariak. Azaldu du Lodosan herriko tupustarri guztiak egun berean jarri zituztela. Zangozan, berriz, lauzpabost alditan paratu zituzten guztiak, bat izan ezik: herriko alkate izandakoarena ez zuten paratu, familiak ez zuelako nahi izan. «Beste herri batzuetan, berriz, alkate edo zinegotzi izandakoenak jarri dituzte, biktima guztien ordezkari», gaineratu du Jimenok.
Erorien Monumentua
Tupustarriena ez da gisa horretako egitasmo bakarra. Jimenok nazioarteko bertze hainbat adibideren berri eman du bere liburuan, hain zuzen. Alemaniako Gunter Demnig artistak nazien biktimak oroitzeko sortutako tupustarriak aipatu ditu, Europako hainbat herritan jarri baitituzte; eta Argentinako memoriaren aldeko harlauzak ere bai. «Obanosen, hain zuzen, Andres Armendarizen omenezko tupustarria jarri zuen fusilatuen elkarteak; hura ez zen frankismoaren biktima izan, ordea, familiarekin Argentinara mugitu baitzen. Gazte komunista bat zen, eta Argentinako diktadurak hil zuen. Haren omenezko harlauza bat dago Buenos Airesen, eta tupustarri bat Obanosen».

Herrigintzak memoria historikoaren alde «lan handia» egin duela nabarmendu du Jimenok, eta erakundeek ere egin dituztela urrats garrantzitsuak. Jimenok salatu du, halere, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak «huts» egin dutela Erorien Monumentuaren auzian. «Oso gaizki jokatu dute. Biktimen senide bakar bat ere ez dut entzun eraikina zutik uztearen alde. Biktimei bizkarra emanda aritu dira erakundeak. Ziur naiz auzia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko dela azkenean».
Jimenok gazteak lotu nahi ditu memoria historikoaren aldeko lanera, baina garbi du egungo belaunaldientzat 36ko gerra «oso urrun» dagoela. «Memoriaren erronkak denboraren aurka egin behar du beti». Memoriaren arloko lan hori giza eskubideen aldekoa dela erantsi du, eta «balio demokratikoak» direla gazteei transmititu beharrekoak.