Eskolako jolastokia, eraldaketarako tresna

Elkarbizitzaren, ongizatearen eta inklusioaren esparruan jolastokiak zer eragin izan dezakeen aztertu dute ‘Del patio a la ciudad’ liburuan. NUPeko ikertzaile Alba Amilburuk eta Maider Perez de Villarrealek koordinatu dute lana.

Maider Perez de Villarreal eta Alba Amilburu NUPeko ikertzaileak, Iruñeko Arrosadiko campusean. NUP
Maider Perez de Villarreal eta Alba Amilburu NUPeko ikertzaileak, Iruñeko Arrosadiko campusean. NUP
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2026ko urriaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erabilera asko izan ditzakete eskoletako jolastokiek, eta horiek nola antolatzen diren, ikasleen arteko dinamika batzuk edo beste batzuk sustatuko dira. Del patio a la ciudad. Transformar los espacios en entornos inclusivos y de bienestar (Jolastokitik hirira. Espazioak ongizaterako eta inklusiorako ingurune bihurtzea) liburuan, aztergai izan dute eskoletako jolastokiek ingurunean duten eragina, eta antolaketaren mugak eta aukerak mahai gainean jarri. Hainbat kidek ondu dute liburua, elkarlanean, eta Alba Amilburu Martinez eta Maider Perez de Villarreal Zufiaurre NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek koordinatu.

Jolastokiak «mikromundu» gisa hartuta, ikerketa sistematiko bat egin dute. Hau da, aztertu dute nola egituratuta dauden, zer-nolako dinamikak sortzen diren jolastokiaren inguruan, eta zer aldaketa gertatzen diren jolastokien diseinua aldatu ostean. Kontuan hartu dute eskoletako jolastokien diseinutik espazio publiko zabalagoen diseinurako trantsizioa ere. «Patio asko tradizionalak dira oraindik. Ikasle batzuk bazter geratzen dira, beste batzuek baloi jolasetan aritzeko erabiltzen baitute espazioa», esan du Perez de Villarrealek.

Paolo Scotton Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileak ondorioztatu du eraldaketak heziketa, jolasa eta espazioa aldi berean lantzea eskatzen duela. Aditu horrek uste du heziketak garapenean laguntzen duela eta bide berriak irekitzen dituela. Nabarmendu du, gainera, espazioak ez direla neutroak; izan ere, ikasteko eta harremanak sortzeko moduan eragiten dute. Horren ondorioz, uste du espazioek malguak izan behar dutela, eta autonomia, parte hartzea eta sormena sustatu behar dituztela. Horren harira, berretsi du jolasak esperimentazioa, irudimena eta sormena lantzeko aukera ematen duela. «Ematen du patioari ezin zaiola etekin handirik atera, baina hor ikusten dira haurrek gero kalean dituzten portaerak», zehaztu du Perez de Villarrealek.

«Baloiaren erabilera arautu daiteke, diseinua aldatu, kantxen eremua murriztu, eta patioak dinamizatu»

ALBA AMILBURU NUPeko ikertzailea

Ikertzailearen arabera, inklusioa gero eta gehiago lantzen da ikasgelan, baina ikasitakoa ez da beti islatzen jolastokian. Hala ere, nabarmendu du patio guztiak alderatzea «ezinezkoa» dela, argudiatuta bakoitza bere testuinguruan kokatu behar dela. Alabaina, dinamiketan badira zenbait antzekotasun: «Jarduera fisiko handia eskatzen duten jokoak hain gustuko ez dituzten ikasleak alborago geratzen dira. Nortasun menderatzaileagoa dutenek hartzen dute lekua. Generoa asko ikusten da hor».

Bada, ondorioztatu dute oraindik ere futbolaren eta pilotaren gisako kirolek dutela hegemonia, espazioa ez baita neutroa, eta bereziki mutilak aritzen direla halakoetan. Batez ere, jolastoki tradizionaletan gertatzen da, horietan kantxa baita erdigunea. Horiek dira  eremu horien mugetako batzuk, baina Amilburuk gaineratu du «aukerak ere» badituztela: «Baloiaren erabilera arautu daiteke, diseinua jolasteko aukerak handitzeko moduan aldatu, kantxen eremua murriztu, eta patioak dinamizatu».

Ikusi dute, bertzalde, inklusioa eta parte hartzea sustatzeko ez dela aski jolastokiak berritzea. Izan ere, erabilera generoari, sozializazioari eta pedagogiari loturiko faktoreek baldintzatzen dute. Horregatik, patioaren erabilera aldizka behatzea, ikasleei zer-nolako eremuak eta jolasak nahi dituzten galdetzea, genero estereotipoak auzitan jartzea eta irakasleen inplikazioa sustatzea gomendatu dute.

Natura ardatz

Naturara hurbiltzeko ahalegina sustatu behar dela ere azpimarratu dute ikerketan. Uste dute naturarekin lotuta egoteak eta espazioak birnaturalizatzeak inklusioan lagundu dezakeela. Hala ere, birnaturalizazioak kontrako ondorioa ere izan dezakeela ohartarazi du Perez de Villarrealek: «Aztertu ditugun patioetako bat birnaturalizatu zuten, inklusioa sustatzeko asmoz, eta ikusi zuten gurpil aulkian zegoen ikasle bat ezin zela zenbait lekutatik igaro».

«Ematen du patioari ezin zaiola etekin handirik atera, baina hor ikusten dira haurrek gero kalean dituzten portaerak»

MAIDER PEREZ DE VILLARREAL NUPeko ikertzailea

Anna Girbau i Ferres Viceko Unibertsitateko —Kataluniako Unibertsitate Zentraleko— ikertzaileak egindako hausnarketen arabera, natura lagungarria da haurrek sormena garatzeko, baina, horretarako, lotura positibo bat garatu behar dute naturarekin. Hau da, ez da aski natura gertu izatea; esploratzeko, jolasteko eta deskubritzeko denbora, aukera eta askatasuna izan behar dute. Uste du hori lagungarri izan daitekeela ingurumenari buruzko kontzientzia garatzeko.

Iruñeko Udalak deialdi bat zabaldu du proiektuak aurkez daitezen Iruñeko eskoletako jolastokiak birnaturalizatzeko. Liburuaren koordinatzaileek ontzat jo dute ekinaldia, eta horrelako aukera gehiago eskaini beharko liratekeela nabarmendu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA