Orozkoko Santa Marina ermitan (Bizkaia), Red Bull X-Alps probaren eta euskal selekzioaren aurkezpena egin zen egunean, irudiak hartzeko hegalditxo bat egin zuen Mattin Iñiguezek. «Hor doa Zegamako kondorra», bota zuen Bittor Barquero taldekideak orduan. Alpeetako proba gogor hau hasi eta 11. egunean, atzo arratsaldean, egin zuen azken hegaldia Iñiguezek aurtengo Red Bull X-Alps zeharkaldian, Bellinzonako 12. mugarrian sinatu eta lasterrera. Gaur goizeko zortzietako azken kanporaketan ebaki dizkiote hegoak. Proba amaitzeko bezperan. Ia 1.000 kilometro egin eta gero, helmugatik 341 kilometro eskasera geratu da.
Sentimendu «gazi-gozo» horrekin da Iñiguez, ibilbidea ezin izan duelako bukatu. «Seguru nago gauzak pixka bat hobeto egin izan bagenitu talde gisa baginela gai ibilbidea bukatzeko. Dena eman dugu, ondo ibili gara, baina ezin izan dugu». Emozio, gorabehera, arazo, esfortzu, sufrimendu eta une gozagarri asko izan direla nabarmendu du euskal selekzioko hegalariak, eta, gaur goizeko emozioen zirimola horretan, jendearen babesa eskertu nahi izan du: «Oso polita izan da Euskal Herritik jaso dugun babes hau guztia hemen sentitzea, jendeak nola jarraitu digun. Berotasun hori sentitu dugu, eta hemendik, hau dena digeritzea eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, hasteko nire lantaldeari, ikaragarrizko lana egin dutelako, 24 orduz nire atzean dena ematen, eta hau posible egin duten babesle guztiei, BERRIA tartean».
Izan ere, hegan Mattin Iñiguez ibili da, baina abentura hau aireratzeko ezinbestekoa izan da hainbat lagunen babesa. Euskal selekzioa, Euskal Kirol Federazioen Batasuna, Zegamako Udala, BERRIA bera hedabide gisa... bidelagun izan dira abentura honetan. Eta batez ere taldea, Aner Bueno, Felipe Tudela, Bittor Barquero, Jon Arruti Tuti, Nerea Beltran de Heredia eta etxetik beste hainbat, hor egon dira Iñiguezi bihotz ematen, arnasa ematen, abentura honetan ahalik eta urrunen irits zedin.
«Seguru nago gauzak pixka bat hobeto egin izan bagenitu talde gisa baginela gai ibilbidea bukatzeko. Dena eman dugu, baina ezin izan dugu»
MATTIN IÑIGUEZParapentelaria
Asteartean, Cervino lerdenaren hegoaldetik «bere bizitzako hegaldirik politenetakoa» egin zuen Iñiguezek. 4.000 metrotik, laino guztien gainetik hegan, Monte Rosa, Matterhorn bera, Dufourspitze, mendi horiek guztiak, glaziar guztiak, goitik ederretsi zituen. Zeruan sentitu zen ordu horietan, karrera batean zegoela ahaztuta. Horrelako momentuak asko izan dira. «Intentsitate handikoa», bi hitz soil horietan laburbiltzen da abentura. Eta zenbaitetan, «muturrekoa». Atariko probaren bezperan, adibidez, zain guztiak airean ibili zen talde osoa, hegala falta zuelako. «Neukana ez zebilen ondo... Eromena izan zen: bezperan, goizeko 02:00etan lortu genuen beste bat, babesleen izenak serigrafiatuta».
Atariko horretatik hasita, haize zurrunbilo moduko bat izan da Red Bull X-Alps zeharkaldia. «Lehen hanka sartzetik jada bukaerako podium horretan geratu ginen –atzeko tropelean, alegia–, eta hirugarren egunetik kanporatuak izateko beldur horrekin ibili gara, eta horrek intentsitate handia eman dio karrerari. Edozein erabakik ekar zezakeen kalera joatea, eta hain urte biziaren ondoren, hainbeste lan eta esfortzuren ondoren, gure helburu nagusietako bat karrera honetan astebetetik gora irautea zen, eta, ahal izanez gero, hamabi egunez eustea», adierazi du.

Lehen egunetan, ekaitz batek elektronika guztia hondatu zien, eta, ondorioz, karreraren ia erdian sakelakoan Internetik izan gabe ibili da Iñiguez; horrek ekarri du hainbatetan erabaki egokiak hartzeko informaziorik ez izatea. Pare bat bider hegalaren hariak ere hautsi zitzaizkion, arnesa ere bai, eta ibilian-ibilian konpondu behar izan dituzte arazoak. Alergia agerraldia ere izan zuen nightpass-a edo gauean ibilian jarraitzeko baimena hartu genuen egunean. «Porru eginda egon nintzen, begiak erabat handituta; denetarik pasatu zaigu egunero, onak eta txarrak, baina aurrera egin dugu. Belauneko minak ere izan ditut, baina eramangarriak izan dira, eta hamaika egunetan eutsi diogu». Asteartean Celine Lorenz alemaniarra kanporatua izan eta gero, Iñiguez bera geratu zen azken postuan. Ia egun bat aurretik zebilen Sebrand Warren holandarra, eta gogotik ahalegindu da hura harrapatzen, azkenera arte borrokan, baina handitxoa zen aldea, eta ezinezkoa izan da.
Neke fisikoak baino gehiago psikologikoak gehiago erasan diola onartu du parapentelari zegamarrak. «Gehiago kosta zait burua kudeatzea. Beldur, frustrazio, ezintasun horiek guztiak nekearekin pilatu egiten dira, eta halakoetan, ez da erraza erabakiak hartzea. Egun pare bat eduki nituen eskasagoak, buruari buelta eman ezinda, baina gero jakin izan dugu horri buelta ematen, eta lasterketaren berezko tentsioaren barruan, nik uste talde gisa gozatzen jakin dugula».
«Gehiago kosta zait burua kudeatzea. Beldur, frustrazio, ezintasun horiek guztiak nekearekin pilatu egiten dira, eta halakoetan, ez da erraza erabakiak hartzea»
MATTIN IÑIGUEZParapentelaria
Gorputza oraindik jipoituta, bizi izandako guztiak barneratzeko prozesu horretan, «ederra» izan dela azpimarratu du Iñiguezek. «Hike & fly mundu honetako lehen lehiaketa izan da niretzat, eta agertoki honetan eta formatu honetan oso polita izan da ikustea talde bakoitzak zer estrategia hartu duen, zer menditara jo duen hegan ateratzeko, nola egin duen hegan; ederra izan da aireratzeko leku aproposak bilatze hori eta kalkulatzea zer ordutan izango ziren baldintza egokiak hegan egiteko... Jolas hori oso polita izan da, eta asko disfrutatu dut».
Seguru ez dela azken X-Alps izango, etorriko baitira beste batzuk, eta horiek are ederragoak izango dira.