Hego Koreako Ulsan Ulju Mountain Film Festival jaialdiak atal berezi bat eskainiko dio euskal mendi zinemagintzari irailaren 18tik 22ra: Hello, Bilbao-Bizkaia! Guztira zortzi euskal pelikula programatuko dira sail horretan. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren eskutik osatu da Atal berezi horren egitaraua. International Alliance for Mountain Film elkargoko kide dira Ulju eta Mendi Film, eta kidetza horretatik sortu da ekimen hau.
Bederatzigarren euskal pelikula bat ere gehituko da Uljuko programazioan, sail ofizialean lehian: Luis Arrietaren Sustraiak filma, hain zuzen.
Hego Koreako nazioarteko mendi jaialdi nagusia da Ulsan Ulju Mountain Film Festival. Ulsan hiri metropolitarreko Ulju County eremuan egiten da. Nazioarteko mendi zinemaldi entzutetsuenei eskainitako saila estreinatu zuten iaz Hello, Trento! izenburupean, eta aurten Hello, Bilbao-Bizkaia! Izango da atal horren goiburua.
UMFF jaialdiaren sail horretarako, segidan zerrendatutako pelikula hauek hautatu dira. BERRIAk haietako batzuei eskainitako erreportaje eta elkarrizketak dituzue estekatuta:
- ABATA | Zuz: Aner Etxebarria | 2026
- HARRI, ORRI, ARKATZ | Zuz: Jon Herranz | 2025
- IZARREN ZAUNKA | Zuz: Nagore Eceiza | 2025
- NATURA FUGIT | Zuz: Jesus Mari Lazkano | 2025
- HAIZE LERROAK | Zuz: Janire Etxabe | 2024
- PELIGRO. NO ASOMARSE | Zuz: Dani Cascales | 2024
- UNA MIRADA ATRÁS. EL ARTE DE EQUIPAR | Zuz: Alfonso García | 2024
- HIRE HIMALAYA | Zuz: Alberto Iñurrategi | 2003
Zuzendari hauetatik bost jaialdian bertan izango dira beren lanak bertatik bertara aurkeztuz: Aner Etxebarria, Jon Herranz, Jesus Mari Lazkano, Janire Etxabe eta Dani Cascales. Jabier Baraiazarra Mendi Film-eko zuzendaria eta International Alliance for Mountain Film elkargoko presidentea ere bertan izango da.
Euskal espedizioarekin bat eginez, Luis Arrieta zuzendariak Sustraiak filma aurkeztuko du Hego-Korean. Bizkaiko Foru Aldundiak, Ternua markak eta Mendi Filmek sustatutako Mendi Film Bizkaia Ternua Bekak lagunduta egindako dokumentala da, eta Kultura eta Natura Film Onenaren saria irabazi zuen iaz Mendi Filmen. Horrez gain, Trentoko jaialdi entzutetsuan CAI – Club Alpino Italiano-ko zinemategiak ematen duen Mario Bello saria jaso du aurten, Europako beste hainbat jaialditan ere hautatua izan da, eta Euskal Herrian nahiz harago, 30 emanalditik gora egin dituzte.
Gaur Rekalde Aretoan egin den agerraldian izan dira zinemagile horietako batzuk: Jon Herranz (Harri, Orri, Arkatz), Jesus Mari Lazkano (Natura Fugit), Janire Etxabe (Haize lerroak), Alfonso Garcia (Una mirada atrás) eta Luis Arrieta (Sustraiak. Raíces perdidas).
Hego Koreako Uljun proiektatuko diren euskal pelikuletatik sei, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker egindakoak dira: Abata, Natura Fugit, Haize lerroak, Peligro. No asomarse, Sustraiak. Raíces perdidas eta Una mirada atrás. Zinema eta ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko politika aktiboa garatu du Aldundiak azken urteoan. Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak azaldu du zein diren horren helburuak: «Tokiko industria sendotzea, nazioarteko ikusgarritasuna areagotzea, kultura eta sormena sustatzea, talentua garatzea, eta enplegua eta jarduera ekonomikoak sortzea».
Hego Koreako espedizioa Etxepare Euskal Institutuak lagunduko du. Euskal kultura eta euskararentzat erakusleiho aparta izango da Ulsan-Ulju jaialdiko Hello, Bilbao-Bizkaia! atala. Mendiko Kulturak erro sakonak ditu Euskal Herrian, eta horren eredu da mendiko zinemagintza. Euskal zinemagintzak orokorrean bizi duen loraldiarekin bat eginez, mendiko generoa ere sasoi bikainean dagoenaren erakusle izango da. Imanol Otaegi izan da gaurko agerraldian, Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria Etxepare Euskal Institutuan.